Goikoetxea eta Lekerika Winter Serieseko finalerdietan daude jada astelehen gauean Goitia-Basqueri 2-0 (15-14 eta 15-5) irabazi ostean. Ligaxkako hiru partidak irabazi dituzte, hiruretan 2-0 gailendu dira –set ba ere ez dute galdu– eta A multzoko lehengo postua bermatuta daukate jada. Finalerdietara sailkatu den lehenengo bikotea dira eta bi multzoak kontuan hartuta, ligaxkako onena.
Atzo gaueko lehian estutu zituzten gehien, kasu honetan, Goitiak eta Basquek. Hamalauna berdindu zuten baina partidaren une zail horretan, horma biko itzela bota zuen Lekerikak eskuinez. Tanto horrekin irabazi zuten lehenengo seta eta hortik aurrera, etsipenez, aurkariek ezin izan zuten bururik altxatu. Gauzak hala, beste bi aldiz ikusiko dugu Goikoetxea Gernikan, betirako erretiroa hartu aurretik.
Aipaturiko lehen seta bizi hasi zen, eta baita orekatua ere. 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7 berdindu zuten lehen joko honetan. Tanto ederrak ikusi ziren hor: Goitiak bote-prontoan sartu eta hormabikoa; Goitiak berak barrura sahietsez; Goikok txapagainean; Basquek horma-bikoa albotik...
Atsedenaldira Goitia eta Basque iritsi ziren aurretik (7-8), baina zazpitik hamaikara joan ziren zuzenean marroiak (11-8). Huts batzuk tarteko, 13-11 eta 14-12 joan ziren markagailuan, baina azken txanpa horretan partida berdintzea lortu zuten gazteek. Hor izan zuten partida Goitiak eta Basquek. 14-14 zihoazela, seta irabazteko aukera izan zuten, baina Lekerikak ez zien utzi. Goitiak sakea atera, gernikarrak hamar eta erdian eskuinez hartu eta hormabiko itzela bota zion momenturik zailenean. Zaleak gora-gora jarri zituen eta txalo zaparrada handi batekin erretiratu zen aldageletara.
Bigarren jokoan, 4-0 eta 8-1 hasi ziren faboritoak eta gazteak nahi eta ezinean aritu ziren. Pilota motela atera zutenean, lau tantora gerturatu ziren (8-4), baina marroiek berriro eurena atera zutenean, dantzan jarri zituzten aurkariak. Goikoetxeak itxi zuen lehia, sake errestoan hormabikoa botata (15-5).
A multzoko bigarren posturako lehia zabalik dago eta Urtezahar egunean jokatuko da partida garrantzitsua: Goitia-Basque / Olharan-Del Rio. Lehenengoek irabazten badute, finalerdietan izango dira. Olharan eta Del Rio nagusitzen badira, beste partida bat jokatu beharko dute Erik eta Minviellen aurka, azken hauek ez baitaude oraindik matematikoki kanporatuta.