NAIZ

Hondarribia, Berrobi, Lezo, Mendexa, eta Zeanuri UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera

Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko udalek erabaki dute UEMAko kide izatea, eta ostegun honetan Azkoitiko Udalak aztertuko du gaia, udal osoko bilkuran. Azken hau batuz gero, 107 udal izango dira UEMAko kide, eta denen artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.

UEMAk irailean egin zuen batzarra.
UEMAk irailean egin zuen batzarra. (Maialen Andres | FOKU)

Larunbat honetan urte amaierako batzar nagusia egingo du UEMAk, Orion, eta batzarkideek aztergai izango dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere. Irailaz geroztik Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko udalek erabaki dute UEMAko kide izatea, eta ostegun honetan Azkoitiko Udalak aztertuko du gaia, udal osoko bilkuran. Horrela, Azkoitia ere gehituz gero, beste sei udal izango ditu UEMAk larunbat honetatik aurrera. Guztira 107 udal dira, eta denen artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Urte honen hasieran, esaterako, 97 udal ziren UEMAko kide. Lau udal gehitu ziren martxoan, eta 100 udalen langa sinbolikoa gaindituta, orain arteko bidea gogoratzeko eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko ekitaldia egin zuen UEMAk Azpeitian.

Irailaz geroztik, berriz, beste zenbait udalek egin dute UEMAko kide izateko eskaera, eta horiek aztertuko dituzte batzarkideek larunbat honetan.

2023an bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, 2024rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.