NAIZ

Aldai eta Zabaleta, emakumeen esku pilotaren oraina eta etorkizuna aurrez aurre Durangon

Ezkurdi pilotalekukoa egun guztiko pilota festa bat izango da igandean, Lau eta Erdiko txapela nork janzten duen ezagutzeaz gain, arratsaldean beste lau final jokatuko baitira.

Aldai eta Zabaleta, erdian txapela heltzen, gaur egindako aurkezpenean.
Aldai eta Zabaleta, erdian txapela heltzen, gaur egindako aurkezpenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketak azken urteetan emandako garapena berretsi du eta amaierarik ez zaio ikusten epe laburrera. Sei urte baino ez dira pasa Leire Etxanizek 2017ko Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko lehen txapela jantzi zuenetik, eta ordutik hona sekulako iraultza eman da kirolean. Kirolarien kalitatea, abiadura, materiala, pilotazaleen interesa... dena inork gutxik espero zezakeen mailara heldu da denbora oso gutxian, eta igande honetan beste ikuskizun bat gozatzeko aukera izango da Aldai eta Zabaletaren arteko Lau eta Erdiko finalarekin.

Asteazken honetan aurkeztu da igandeko finala eta bere inguruan antolatu den guztia. Bide horretan, pilota mistoko elite mailako finalak Amaia Aldai, egungo erreferenterik handienaren, eta Goiuri Zabaletaren, 14 urterekin, okerrik ezean kirol honetan historia egitera deitua dagoen pilotariaren, arteko talka ezin interesgarriagoa ekarriko digu Durango Ezkurdi pilotaleku eraberritu eta ederrera.

60 pilotarik ekin zioten azaroaren 5ean abentura eder honi eta, Okondo, Zalla, Gordexola, Zornotza, Sondika, Arratzu, Orozko, Legutio eta Abadiñotik pasa ostean, maila bakoitzeko pilotaririk onenek Durangon izango dute azken helmuga. Eguerdian, ETB-ko kamerak zuzenean direla, maila nagusiko finala jokatuko da eta bertan Amaia Aldaik historia egiten jarraitu nahi du, hirugarren txapela jantzita. Dimakoa sasoi ederrean heldu da urteko txapelketako garrantzitsuenera. Erraz gainditu zituen Galeano, final laurdenetan, eta Miriam Arrillaga, finalerdietan, eta beste urte bikain bati urrezko amaiera eman nahi dio Durangon.

Parean, 14 urterekin, maila bikaina ematen ari den Goiuri Zabaleta gaztea izango du. Txapelketan berria izanda, eskaileraren beheko mailatik hasi behar izan du txapelketa eta lau kanporaketa –Miriam Arraiza, Etxegarai, Gaminde eta Leire Garai– gainditu behar izan ditu Durangora heltzeko. Leitzako eskolako ikasle fina, tantoa amaitzeko sekulako dohainak erakutsi ditu, baina finalerdian hori baino askoz gehiago dela erakutsi zuen Matienan; pilotakada guztiak zentzuz jo zituen, kantxan egoten badaki eta bere adinerako ohikoa ez den ofizioa erakutsi zuen. Hori bai, igandean pilotari beste abiadura bat sartzen dion pilotari bat izango du aurrean, pilotari oldarkor bat, normalean piloteoan nagusitzen dena eta erronka zaila bezain erakargarria izango du aurrean.

Durangokoa egun guztiko pilota festa bat izango da, arratsaldean beste lau final jokatuko baitira –pilota goxuan gazteak eta seniorrak eta pilota mistoarekin gazteak eta promesak– gaur egungo emakumeen esku pilotaren errealitate guztiak bertatik bertara ikusteko aukera ezin hobea, hortaz Durangoko Ezkurdi bezalako frontoi eder eta historiko batean.

Eliteko finalistez gain, asteazken honetako aurkezpen ekitaldian Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkatea, Mikel Ortega, Durangoko Kirol zinegotzia, Alvaro Parro, Laboral Kutxako ordezkaria, eta Gorka Iturriaga, Lakuako Gobernuko kirol zuzendaria izan dira, eta Durango eta inguruko pilotazaleei igandean Ezkurdira gerturatzeko gonbidapena luzatu diete. Duela aste batzuk Jokin Altunak jantzi zuen gizonezkoen kaiolako txapela eta igande honetan jakingo dugu nork jantziko duen Emakume Master Cup Zirkuituko txapelik preziatuena.