Bilboko San Tomas azokan 121 ekoizle eta 215 etxola egongo dira aurten. BBK-ko eta Bilboko Udalak antolatutako 74. edizioa izango da. Haragi eta haragikiak, kontserbak, frutak, barazkiak, esne eta esnekiak, eztia, ogi eta pastelak, landareak eta sagardoa eta txakolina erosteko aukera egongo da, besteak beste, abenduaren 21ean Areatzan.
Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendariak, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoaren arloko zinegotziak eta Diego Valdivieso Bisubi Fundazioko ordezkariak eman dituzte Bilboko San Tomas azokaren 74. edizioaren xehetasunak.
Azaldu dutenez, azoka 9.00etatik 20.00etara egongo da zabalik, eta aurten, berritasun modura, BBK-k azokaren informazio praktiko guztia kontsultatzeko gailu mugikorretarako aplikazio bat jarri du martxan.
Aplikazioa eskuragarri egongo da Android eta Apple sistemetarako eta aukera emango du, besteak beste, etxolak aurkitzeko planoa kontsultatzeko, zerbitzuak non dauden ikusteko, eguneko programazioaren berri izateko, ekoizleen lehiaketaren sarituak zeintzuk diren jakiteko edota 2024ko azoken egutegia ikusteko. QR bidez deskargatu ahal izango da Areatza inguruko totemetan eta baita horretarako prestatutako web orrian ere.
Bestalde, San Tomas azokak Busibu Fundazioaren laguntza izango du aurten ere. Hainbat proposamen gastro-solidario prestatuko ditu, eta lortzen den dirua Aspanovas Fundaziora, Zaporeak Fundaziora, Koop SF34 Elkartera eta Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko dute.
Gainera, Azoka ‘0 kilometro’ izango da berriro, jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirune handiagokoa, etxolek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko baitituzte, hondakinak gutxitzeko eta erabilera bakarreko plastikoaren aurka borrokatzeko.
Jai eremura iristeari dagokionez, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, «alternatiba jasangarri gisa eta oso jendetsua izatea espero den ekitaldian auto ilarak eta aparkatzeko arazoak saihesteko».
Era berean, eta iazko edizioaren ostean identifikatutako premiei erantzunez, BBK-k hainbat neurri jarri ditu abian aurten, berrikuntza gisa, ekoizleei aparkatzea eta, azokako lana amaitu ondoren, tresnak eta soberakinak kendu eta jasotzeko lanak errazteko.