Nahikoa buruhausten eman zizkion ezker sorbaldak Jokin Altunari Lau eta Erdiko txapelketan. Dena dela, txapelarekin egitea lortu zuen –finalean, Peio Etxeberria mendean hartu ostean–, pilotaren historian beste pasarte bat idatzita, letra larriz. Argi utzi zuen behin kaiolakoa bukatzean, sorbalda guztiz osatzeko, geldialditxo bat egingo zuela eta beraz, Binakakoan beranduxeago hasiko zela jokoan.
Bada, ostegun honetan egindako lan saioan «hobekuntza nabarmena» igarri du Amezketakoak eta Bartzelonako deman berragertuko da. Larunbat honetan, Egora Olimpics Vall pilotalekuan kantxaratuko da Altuan III.a, Martija lagun, Ezkurdia-Tolosaren aurka aritzeko.
Lehen bi jardunaldiak eman ditu kantxetatik at amezketarrak eta bere ordez, Elezkano II.a aritu da Julen Martijarekin. Bi partida jokatuta, punturik batu gabe jarraitzen dute eta beraz, Bartzelonan lehen puntua eskuratzea izango dute xede. Txapelketa luzea den arren, arerioekiko tartea estutzen hastea komeni zaie-eta. Altuna III.a eta Martijak 2022an irabazi zuten Binakako txapelketa.
«Gogoa handiarekin nago txapelketa hasteko eta Julenekin [Martija] bikote on bat egiteko», adierazi du Altuna III.ak, hedabideei helarazitako audio mezu baten bitartez.