CONTENU SPONSORISÉ

Magalarte txakolina, Zamudioko upategitik Eroskiko saltokietara

Eroskiko saltokietan aurkituko dugun Magalarte Zamudio txakolinaren botila bakoitzak izen bereko baserrian belaunaldiz belaunaldi egin den ardoaren tradizioa eta izaera gordetzen ditu.

Magalarten lau txakolin mota desberdin ekoizten dituzte, bakoitza bere etiketa bereizgarriarekin.
Magalarten lau txakolin mota desberdin ekoizten dituzte, bakoitza bere etiketa bereizgarriarekin. (NAIZ)

Aretxabaleta familiak XIX. mendearen erdialdetik egiten du txakolina Magalarte baserrian eta gaur egun seigarren belaunaldia da upategiari jarraipena ematen diona, Lander eta Haizea neba-arreba gazteen eskutik.

Gazteak badira ere, bizitza guztia daramate mahasti eta upel artean, eta 2018an familiatik jasotako lanbideari jarraipena eta bultzada berria ematea erabaki zuten. «Gure guraso Xabier Aretxabaletak eta Estibalitz Jauregik 90. hamarkadaz geroztik egiten zuten txakolina, modu tradizional batean, eta gu sartu ginenean buelta bat ematea erabaki genuen, tradizioan oinarrituta baina irudi berriago batekin», azaldu du Haizeak.

Magalarte txakolinak, beraz, tradizioa eta modernitatea elkartzen dituela esan daiteke, eta horregatik lau ardo mota desberdin ekoitzen dituzte gaur egun, bakoitza bere etiketa bereizgarriarekin.

Alde batetik, Magalarte Zamudio eta Zabalondo txakolinak ekoizten dituzte. Biak ardo txuri tradizionalak dira, Hondarrabi Zuri mahatsean oinarrituak, baina Izkiriota Ttipia (Petit Manseng) eta Riesling bezalako beste mahats mota batzuekin «coupage» berezia eginez.

Magalarte Zamudio txakolinak, gainera, Folle Blanche mahats mota ere badu eta horrek betiko txakolin tradizionalak duen garraztasun puntua ematen dio. Horren adierazgarri da botilak erakusten duen etiketaren irudia, non Magalarte baserria eta mahatsa elkartzen diren. Ardo txuri hau da, hain zuzen, Eroskiko saltokietan aurkituko duguna.

Zabalondo txakolinak, bestalde, ez du Folle Blanche mahatsik eta edan errazagoa dela esan daiteke. Horregatik, gazteei zuzenduta dago eta etiketak mendiak eta haranak irudikatzen dituen marrazki moderno bat erakusten du. Ardo txuri honek lehen saria eskuratu du 2023ko Gernikako Azken Asteleheneko azokan.

Haizea eta Lander Aretxabaleta, beren guraso Xabier eta Estibalizekin mahatsa biltzen.

Horrez gain, Landerrek eta Haizeak beste bi txakolin mota berezi edo «premium» egiten dituzte: sei hilabetez haritzezko upeletan hartzitutako Magalarte Zamudio; eta baserritik hurbilen dauden mahatsekin egindako Aretxabaleta, familia osoari omenaldi gisa. Azkenik, Hondarrabi Beltza mahats motarekin txakolin beltza ere egiten dute, baina oso kopuru txikian eta upategian edo azoketan saltzeko.

Txakolin mota hauek guztiak Magalarte baserriaren inguruan eta Zamudioko Parke Teknologikoaren ondoan dituzten hamar hektareatan bildutako mahatsarekin eginak daude. Haizea Aretxabaletak nabarmendu duenez, «gure gurasoak hasi zirenean hektarea bat eta erdi zuten eta apurka-apurka, mahastia handitzen joan gara, baina beti eskaeraren arabera».

Magalarteren ekoizpen guztia Bizkaizko Txakolina Jatorri Deituraren baitan dago eta mahasti guztiak ekoizpen integratuko sistemari atxikita daude, ingurumena, mahastiak eta ingurunea errespetatzeko filosofiatik abiatuta.

Lan egiteko modua baino gehiago bizitzeko modua dena ezagutzera emateko, Zamudioko upategi honetan bisita gidatuak egiten dituzte. Bertako txakolina pintxo batzuez lagunduta dastatzeaz gain, bisitariek Magalarteko historia eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera dute.