NAIZ

Negoziazioa desblokeatu ezean greba gehiago iragarri dituzte EAEko itunpeko ikastetxeek

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen bosgarren greba eguna dute gaur. Negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu, urtarrilean mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute sindikatuek. Hezkuntza Sailari gatazkan esku hartzeko eskatu diote.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen manifestazioa, ostiral honetan Bilbon.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen manifestazioa, ostiral honetan Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko ikastetxeek bosgarren greba eguna dute ostiral honetan, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk deituta. 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude, 200 ikastetxetik gora dira eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. Aste honetan egin dituzte bost lanuzteek, «aurrez egindako beste laurek bezalaxe», jarraipen zabala izan dute, %65 eta 70 bitarte, sindikatuen arabera. Bilbon gaur egin duten manifestazioan 5.000 langile inguru izan dira.

Sindikatuek patronalei eskatu diete negoziazioa desblokeatzeko; hori egin ezean, urtarrilean mobilizazio gehiago antolatuko dituztela ohartarazi dute.

2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea aldarrikatzen dute, eta Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diote «publikoki adierazi duen negoziaketarako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin».

Sindikatuen arabera, azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek «mobilizazioek behartuta», baina «ez zuten ekarri inolako proposamenik». Bost greba egun hauetan ere, erantsi dute, «ez dute deialdirik edo proposamenik egin».

Horregatik, patronalei eskatu diete negoziazioa desblokeatzeko eta langileen aldarrikapenei «taxuzko erantzunak» emateko; hori egin ezean, urtarrilean mobilizazio gehiago antolatuko dituztela ohartarazi dute.

Lakuako Hezkuntza Sailari ere zuzendu zaizkio eta gatazka honen irtenbidean parte har dezala galdegin diote, «beste aldera begiratu ordez». Nabarmendu dutenez, «Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresanik», «itundutako eskolek dituzten finantzaketa iturrien gaineko gardentasuna kontrolatzeko ardurarekin batera, langileen lan baldintza egokiak bermatzeko ardura berea ere badelako».