Entrevue
Jose Angel Iribar
Athletic Clubeko jokalari ohia

«Athletic ahalegin kolektibo baten erakuslea da, zaleetatik hasita jokalarietararte doana»

80 urterekin Athleticen mito handienetako bat izaten jarraitzen du zarauztarrak eta bere omenezko estatua bat jarriko dute San Mames atarian. 125. urteurreneko irudia izango da, bere urtebetetzean atezainek kamiseta beltza jantzita miresmena agertu ziotenean bezala.

Jose Angel Iribar Lezaman egindako elkarrizketan.
Jose Angel Iribar Lezaman egindako elkarrizketan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Partida zaila dauka Athleticek jardunaldi honetan Atletico Madrilen aurka. Valverdek ez du inoiz garaitu Simeoneren taldea bilbotarren aulkian eseri den hamabi norgehiagoketan. Hori gutxi balitz, Griezmann izango dute aurrean. 14 gol sartu ditu frantsesak Athleticen kontra jokatutako 30 neurketetan. Iaz esaterako, berak egin zituen madrildarren garaipenaren golak bi partidetan. Metropolitanon jokatutakoan, zuri-gorriz jantzita aritu ziren euskaldunak. Atleticok gogora ekarri nahi izan zituen bere sustraiak, Athleticen zale batzuk sortu baitzuten talde madrildarra.

Oraingoan bilbotarren 125. urteurrenaren festa amaiera ospatuko da San Mamesen larunbat arratsaldean (16.15etatik aurrera). Jokalari ohiak, harrobia, zaleak eta bazkideak omenduko dituzte. Jon Rahm golf jokalariak egingo du ohorezko sakea eta beteranoek Oportoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Denak batera ereserkia abestuz itxiko da jaialdia, baina ekitaldiak eguerdian abiatuko dira Jose Angel Iribarren estatuaren inaugurazioarekin. Eskerturik eta hunkiturik dago egin dioten «opariarekin».

Zer moduz zaude eta nola daramazu egunerokoa?

Ebakuntza bat egin didate aldakan orain gutxi, eta errekuperazio prozesua ondo doa. Zortea daukat Lezaman ondo hartzen nautela eta bertatik hasten dut egunerokoa. Gogoko dut Lezamara etortzea, eta beharra ere badaukat. Nik neuk eskatu nion klubari, taldearen eguneroko bizitza jarraitu ahal izateko eta, ahal den neurrian, laguntzeko. Denetarik egiten dut: entrenamenduak ikusten egoten naiz edo jokalariekin zein entrenatzailearekin hitz egiten. Asmoa beraiengandik hurbil egotea da, zerbait esan edo aholkuren bat behar izanez gero.

Zure urtebetzean atezainek kamiseta beltzekin egin zitzaizun omenaldiarekin eta egin dizuten estatuarekin, ziur asko 125. urteurrenaren irudi nagusi bezala geratuko zara. Zer iruditzen zaizu?

Ez dakit horrenbesterako izango den. Ni baino askoz gehiago da Athletic, eta abesten zidaten kantuan bezala ez dauka parekorik. Athletic ez da Iribar bakarrik edo beste jokalari bat. Hor baitaude zaleak eta beste futbolari ohiak. Taldea ordezkatu duten guztiak dira. Horregatik, estatuarena kamiseta zuri-gorria defendatu duten jokalari guztiei egindako omenaldi bat bezala ulertzen dut. Beti saiatu naiz transmititzen Athletic ahalegin kolektibo baten erakusle dela, bazkideengandik hasita hain harro sentiarazten gaituen filosofia mantentzen duten jokalarietara. Guztia behar dugu, jendearen babesa zein futbolarien arteko elkarlana.

Nola jaso zenuen Bilboko Udalak eta Athleticek egin dizuten «opariaren» berri?

Sorpresa bat izan zen. Idazki bat bidali zidaten Athleticeko presidenteak eta Bilboko Udaleko alkateak sinatuta eta Lezaman esan zidaten. Ezustean harrapatu ninduen, ez bainuen horrelakorik espero. Eskertzekoa da, jakin badakit ez dela normala bizirik zaudenean horrelako gauzak jasotzea. Hori, mundu honetatik joaten zarenean izaten baita. Ez dut ukatuko pozik nagoela, baina erantzunkizun handia da hor egotea, eta nire ibilbidea ondo ixtea geratzen zait. Izan ere, oso garrantzitsua da talde guztietan, eta Athleticen are gehiago, jendearengandik hurbil egotea eta ahal den neurrian laguntza ematea.

«Estatuarena Athleticen jokatu duten futbolari guztiei egindako omenaldi gisa ulertzen dut»

Errespetatua eta maitatua zarelaren seinale izango da?

Egia esan, oso ondo hartzen didate joaten naizen toki guztietara. Nik sentsazio hori daukat, behintzat; eta hurbiltasun eta konfiantza handiarekin hartzen naute. Hori oso positiboa da niretzat. Pentsatu nahi dut zerbait ondo egingo nuela jendeak horrela hartzen didanean.

Athleticen ikur bat zara eta atezainen moldea egiteko eredua izan zarela esan zuen Lezamako arduradunetako bat izan den Peio Agirreoak erretiroa hartu zuenean.

Niretzat hori da omenaldirik onena eta garrantzitsuena. Banekien Peio Agirreoak nire eredua jartzen zuela atezain gazteen artean eta eskertzekoa da. Nik ere parte hartu nuen hasiera batean atezainentzako entrenamendu metodologia bat sortzen harrobian. Lehen Mailan dauden Lezamatik igaro diren atezainen kopurua begiratuta zerbait ondo egin dugula esan daiteke.

Jokatzen ikusi ez dizuten belaunaldiei nolako atezaina zinela esango zenieke?

Lehenik eta behin, azpimarratuko nuke oso gogoko nuela atezaina izatea. Horretarako jaio nintzela pentsatzen dut, kirol zalea nintzen gaztetan eta atezaina izatea aukeratu nuen. Ondo atera zitzaidala esan daiteke. Aldi berean, lan asko egin behar izan nuen eta ondoan laguntzaile onak izan ditut ibilbide osoan zehar. Eguneroko lanean hobeagoa izatera behartu nauten taldekideak.

Niri modu naturalean ateratzen zitzaidan geldiketak egitea. Efizientziaren aldekoa nintzen, eta ez nuen jokaldiak loratzearen beharrik ikusten. Baloia hartu eta geldiketak egitea zen nire helburua. Eskuarekin jokoa hasterakoan baita ere ondo moldatzen nintzen.

Unai Simon eta Julen Agirrezabala Athleticen, Remiro Realean, Aitor Fernandez Osasunan, Kepa Real Madrilen, Raul Fernandez Granadan,... atezain mordoa atera dira Lezamatik azken urteetan.

Bai, poza eta harrotasuna sentitzen dut. Harrobian gauzak ondo egin direla erakusten du, eta ziur lan ona egingo dela etorkizunean. Agian ez dago ondo nik neuk esatea, baina talde on bat egin ahal izateko beharrezkoa da atezain on bat edukitzea. Oso garrantzitsua da taldea osatzeko orduan atezainak sendotasuna eta lasaitasuna ematea.

«Gene lehiakor bat izateaz gain, iruditzen zait pilotak ere garrantzia daukala atezainak ateratzeko orduan»

Euskal Herriko gazteek atezainak izateko gaitasun bereziren bat daukatela uste duzu?

Nik uste dut badagoela gene lehiakor bat herri honetan, eta iruditzen zait pelotak ere garrantzi handia daukala. Kirol asko egiten dira, eta beti esan dut pelota oso egokia dela atezaina izateko. Eskumarantz zein ezkerrerantz ondo moldatzen irakasten dizu, hankak erabili behar dituzu arin heltzeko eta oso koordinatua izan behar duzu. Nik uste asko laguntzen duela. Oraingo pelotariak ikusten ditudanean, batez ere aurrean jokatzen dutenak, beti pentsatzen dut atezain postuan jarriko balira oso onak izango zirela. Libre mugitzen dakite, eta hanka izugarriak dituzte. Agian zaletasun hori bakarrik falta zaie, altuera aldetik ere denak 1,80tik gorakoak dira.

Unai Simon zure oinordekoa izan daiteke?

Hori norberak esatea ez da egokia. Gainera, Unai nire gainetik dagoela esango nuke; batez ere, hankarekin jokatzeko orduan. Guk ez genuen erabiltzen, eta jokoaren alor gehiago dominatzen ditu. Aldi berean, iruditzen zait buru aldetik oso argi dauzkala ideiak. Nabarmentzekoa da bere kirol ibilbide osoa Athleticen egin nahi duela esatea. Mezu garrantzitsua da Athleticentzat, gainontzeko taldekideentzat eta atzetik datozenentzat. Beno, atezainen kasuan arazo bat izan daiteke belaunaldi berrientzat, bakarrik batek jokatzen baitu. Orain Koparekin hobeago moldatzen dira, baina jokatzen ez duenarentzat oso gogorra da.

Hitz egin al duzu Julen Agirrezabalarekin horren inguruan?

Bai, esaten diot ezin daitekeela inoiz jakin noiz etorri daitekeen bere unea. Kirola horrelakoa da, gazi-goxoa ere. Berak izugarrizko dohaiak ditu, gaztea da eta atezain oso on bat dauka aurretik orain, baina Kopan jokatzeko aukerak izan ditu eta erakutsi du konfiantza eduki daitekeela berarengan. Azkenean, kirolean badaude une batzuk egoerak aldatzen direla, eta zorte on edo txar kontua izan daiteke.

Aipatu duzu Athleticentzat oso garrantzitsua dela jokalariek bertan egin nahi izatea beren kirol ibilbidea. Nola bizi zenuen Kepak Chelseara joatea erabaki zuenean?

Athleticen atezain bat behar genuen une horretan taldea egonkortzeko eta kezkaturik geratu nintzen. Denboraldi osoan zehar asko hitz egin zen joan zitekeela, eta berarekin hitz egin nuen nire esperientzia kontatzeko. Neguan berritzea erabaki zuenean oso pozgarria izan zen, eta zerbaitetan lagundu nuela pentsatu nahi dut. Gero, joatea erabaki zuen, eta maila handiko atezaina dela erakutsi du. Harreman oso ona daukat berarekin, eta exigentzia handiko talde batean dago orain. Zortea izan dugu atezain mordoa zeudelako Lezaman atzetik. Remiro ere Realera joan baitzen, eta zalantzak sortu zituen. Hala ere, Unai Simonek agertu bezain laster erakutsi zuen jokoa menperatzen zuela, eta zorionez horrela izan da.

«Nire garaian ere irtetzeko eskaintzak jasotzen genituen, baina gelditzeko hautua egin genuen»

Ildo horretan, Nico Williamsen berritzea 2027rarte gol bat bezala ospatu da.

Bai, poz izugarria eman digu guztioi. Gero eta zailagoa da Athleticentzat gaur egungo futbolaren merkatuan dauden zifretan mugitzea. Gure garaian ere eskaintza onak egiten zizkiguten, eta beste talde batera ateratzeak estatus bat ematen zuen diru aldetik eta abar. Gure taldean, nik, Txetxu Rojok edo Fidel Uriarte batek, ikaragarrizko sentimendua geneukan, eta hain gustura geunden, jokoan bakarrik pentsatzen genuela. Zaletuei onena ematea zen helburua, gure tresnekin Kopa edo tituluren bat irabaztea, bagenekien ligak oso zailak zirela. Guk erabaki hori hartu genuen, eta oso harro nago horretaz.

Badakit orain zailagoa dela, asko aldatu baita futbolaren mundua. Horregatik, Nico Williamsekin bizi izan dugunak, edo Unai Simonek bere kirol ibilbidea hemen bukatu nahi duela esateak, sekulako nortasuna eta ziurtasuna ematen dio Athletici. Badirudi zerbaitetan lagundu dugula, beraiek horrela diote behintzat.

«Iker Muniain oso kapitain ona da aldagelan eta nire partida kopurua berak gainditzea nahiko nuke»

One Club Man izan zinen izendatu gabe, eta partida gehien jokatu dituen jokalaria zara. Iker Muniain dator zure atzetik, baina gutxi jokatzen ari da.

Harreman oso ona daukat berarekin. Oso pertsona maitagarria da, oso hurbilekoa. Berari esan izan diot gustatuko litzaidakeela berak niri gainditzea. Badaki berak, eta bihotz-bihotzez esan diot. Berak eskertu zuen, pentsatzen dut kapitainaren erantzunkizuna hartu duenetik berarentzat eta taldearentzat oso ona izan dela. Gizon egin da, eta zelaian erakutsi du, hobeago edo txarrago jokatu, dena ematen duela. Benetan, oso kapitain ona daukagula aldagelan azpimarratu nahi dut.

Kirol arloaz gain, Athletic osasuntsu igartzen duzu?

Ondo dagoela iruditzen zait. Zuzendaritzan eta kudeaketan dauden agintariek argi daukate zer nahi duten eta zer den Athletic. Gauzak ondo egiten saiatzen dira, eta gizartean txertatuta egoten. Hala ere, futbola oso aldakorra da, eta askotan ez dakizu zergaitik zauden goian ezta behean ere. Zure barnean pentsatzen duzu ondo entrenatzen ari zarela, baina ez duzu irabazten baloia ez delako sartzen, zorte txar boladak ere izaten dira.

Zure sasoiarekin alderatuta, zein da nabaritzen duzun aldaketarik handiena?

Komunikabideetan daukan oihartzuna gero eta handiagoa da. Nire garaian askoz txikiagoa zen, eta orain izugarria da. Nik ere ikasi behar izan zuen neurria hartzen, eta jokalarientzat zaila izan daiteke. Unai Simonek aipatu izan du ez duela gogoko, baina esango nuke asmatu duela ondo eramaten.

«Euskal selekzioaren sua piztuta egoteko garrantzitsua da partidak jokatzea»

125. urteurrenaren ospakizunetara itzuliz, entrenatzaile lanetan ere arituko zara Legends taldea zuzentzen. Clemente izango duzu alboan, Athletic txapeldun bat berriro ikustea posible dela azpimarratzen du hitz egiten duen gehienetan.

Ni berarekin oso ondo konpontzen naiz, entrenatzaile bezala oso ona da, hoberena. Athleticekin 125 partida jokatu dituzten futbolariak deitu ditugu Oportoren beteranoen kontra aritzeko -Sarabia, Guerrero, Aduriz, Eli Ibarra edo Ainhoa Tirapu izango dira, besteak beste-. Bestalde, badakigu oso zaila dela txapeldunak izatea, baina zergatik ez? Hori bai, gauzak oso ondo egin behar dira. Liga bat irabaztea oso zaila da, nik ere ez nuen lortu. Koparen bat irabazteko aukera izan dugu, ordea, beste lehiaketa mota bat da. Aldi berean, Europa mailako txapelketa batean txapeldunordeak izan gara azken urteetan nire garaian bezala.

Entrenatzaile bezala denboraldi bakar bat egin zenuen Athleticen lehen taldean, arantzaren bat gordeta daukazu?

Esperientzia gazi-gozoa izan zen. Athleticeko entrenatzailea izatea pozgarria izan zen, baina une zail batean egokitu zitzaidan. Giroa oso arraroa eta mugitua zegoen -Clemente kaleratua izan zen Sarabiarekin izandako tirabiren ondoren-. Dakigun guztia jarri genuen hori bideratzeko, baina denboraldiaren bukaera ez zen ona izan. Athleticetik kanpo ez nuen izan gogorik saiatzeko eta harrobian egin izan dut lan. Oso ondo sentitu naiz beti gazteekin lanean. Nik uste Iñaki Saez eta garai horretako entrenatzaileek badakigula zein garrantzitsua zen beheko taldeetan egotea eta hori lantzea. Harrobia ondo zaindu behar dugu. Urte oso onak izan nituen gazteekin, beste batzuk ez, kirola horrelakoa baita; baina jokalari batzuk goi mailara iritsi ziren.

Euskal selekzioan, ostera, hautatzailea izan zara urte mordoan. Nola ikusten duzu ofizialtasunaren gaia?

Bai, 18 urtez aritu naiz. Sua piztuta egon behar da. Nik uste garrantzitsua dela partidak jokatzea, urtean baten bada ere jokatu eta hor gaudela esan, lehiatu nahi dugula. Une onak pasatu ditugu nahiz eta urtean behin jokatu, giro ederra sortu izan dugu. Esango nuke lehenbailehehen partidak jokatzea beharrezkoa dela. Oso talde ona egin daiteke eta hori oso garrantzitsua da. Jendeak ikusi ahalko luke Europan eta mundu mailaren selekzio lehiakor bat izango genukeela, eta erakutsi nahi dugula euskal ikurra mundu osoaren aurrean.

Iribar, Guerrero, Urrutia, Susaeta, Goikoetxea eta Eli Ibarrarekin 125. urteurrenaren amierako festaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA)
Iribar, Guerrero, Urrutia, Susaeta, Goikoetxea eta Eli Ibarrarekin 125. urteurrenaren amierako festaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA)