NAIZ
Bilbo

Ertzaintzak Kirruli tabernan miaketa egin du eta langileak eta dozenaka gazte identifikatu ditu

Ertzaintza Bilboko Kirruli tabernan sartu da miaketa bat egiteko asmoz eta langileak identifikatu ditu. Era berean, kantoian zegoen jendea ere identifikatu dute.

Ertzaintzak Kirruli tabernako langileak eta bertan zegoen jendea identifikatu ditu.
Ertzaintzak Kirruli tabernako langileak eta bertan zegoen jendea identifikatu ditu. (Sortu Bilbo)

Ertzaintzak operatibo bat egin du gaur eguerdian Bilboko Kirruli taberna dagoen plazan. Gertakariak 12.00ak aldera jazo dira, hogei bat agente plazan sartu eta han zeuden dozenaka gazte identifikatu eta miatu dituztenean. Halaber, gertatutakoa grabatzen ari ziren hainbat pertsona identifikatu dituzte.

Ondoren, ertzainak Kirruli tabernan sartu dira, eta NAIZek jakin ahal izan duenez, lokal osoa goitik behera miatu dute. Langileak ere identifikatu dituzte. Hauek operatiboaren arrazoiez galdetu diete, baina ez dute erantzunik jaso.

Herri Norte Taldeak ekitaldia zuen deituta gaur goizean, 11.00etan, bertan, Athletic-Atletico partidaren atarian eta Aitor Zabaletaren hilketaren 25. urteurrena dela-eta.

Aske antolakundeak sare sozialetatik salatu duenez, «bertan zeuden guztiak identifikatu dituzte eta argazkiak atera dizkiete».