NAIZ

Gari Arruarte eta Gorka Loran hernaniarrak aske geratu dira, zigorra osorik beteta

Gari Arruarte eta Gorka Loran preso hernaniarrak aske geratu dira astearte honetan, ezarri zieten 20 urteko kartzela zigorra osorik agortuta.

Gari Arruarte eta Gorka Loran, senide eta lagunekin, Martuteneko espetxearen aurrean, gaur.
Gari Arruarte eta Gorka Loran, senide eta lagunekin, Martuteneko espetxearen aurrean, gaur. (ETXERAT)

Gorka Loran eta Gari Arruarte preso hernaniarrak aske geratu dira astearte honetan, bere garaian ezarri zieten 20 urteko espetxe zigorra osorik beteta, Etxeratek ohar baten jakinarazi duenez.

Loranek eta Arruartek hirugarren gradua eskuratu zuten iazko apirilean eta urrian, hurrenez hurren. Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen bi kasuetan, baina espainiar Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Zentralak atzera bota zituen helegiteak eta hirugarren gradua mantendu zien.

2023Ko otsailean eta martxoan, hurrenez hurren, kontrol telematikoa ezarri zieten. Zaintza Epaitegi Zentralak 2023ko martxoan eta ekainean emandako auto banaren bidez, baldintzapeko askatasunean geratu ziren bi hernaniarrak joan zen uztailean. Orain aske geratu dira, zigorra osorik beteta.

Gari Arruartek Almerian bete zuen kartzela zigorraren zati handi bat. Hortik Soriara lekualdatu zuten 2020. urtean. Hurrengo urteko apirilean Euskal Herriratuko zutela iragarri zuten eta hasieran Iruñera eraman zuten. Eta 2022ko urrian onartu zion hirugarren gradua Lakuako Gobernuko Justizia sailak, Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak hala eskatuta.

Gorka Loran ere oso urruti izan zuten gatibu denbora luzez, Algecirasen hain zuzen ere. 2020. urtean Dueñasera hurbildu zuten, eta geroago Zaballara ekarri. Iazko apiriletik hirugarren graduan egon da.