NAIZ

Alavesek Mendizorrotzaren babesa izango du Real Madrili aurre egiteko

Ancelottik lehen taldeko hamabost jokalari bakarrik sartu ahal izan ditu deialdian, lesionatu mordoa baitauzka. Zaleen bultzada baliatu nahi dute gasteiztarrek urteari irribarre batekin agur esateko.

Alavesek Mendizorrotzan atera ditu punturik gehienak.
Alavesek Mendizorrotzan atera ditu punturik gehienak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Mendizorrotzako harmailak hirugarren aldiz beteko dira denboraldi honetan Real Madrilen aurka. Alaveseko jokalariak harmailetatik jasotzen duten indarra zelaira eramaten saiatuko dira Ligako bigarren sailkatuari aurre egiteko. Izan ere, lehen itzulian lortu dituen 16 puntuetatik 13 etxeko partidetan batu dituzte gasteiztarrek. Ostegun gaueko 21.30etan da hitzordua.

Carlo Ancelotti italiarrak zuzentzen duen taldean hutsune ugari egongo dira. Alaba, Courtois, Militao, Mendy, Vinicius, Carvajal, Camavinga eta Arda Guler lesionaturik daude. Lehen taldeko hamabost futbolari bakarrik daude deialdian. Defentsan esaterako, jokalari bat dauka postuko. Beraz, azken ordukorik gertatzen ez bada: Lucas Vazquez, Rudiger, Nacho eta Fran Garciak osatuko dute atzeko lerroa. Aldi berean, Kepa Arrizabalaga izango da atezaina, Ancelottik aurreratu duenez. Entrenatzaile italiarrak atezain euskalduna eta Lunin ukraniarra erabili izan ditu azken partidetan.

Bestalde, zelai erdian aritzeko prest daude Fede Valverde, Modric eta Kroos. Goian, berriz, Bellinghamek ondoan izango ditu Rodrygo eta Brahim Diaz. Joselu Gasteizen izango da, baina gaixorik egon da azken egunetan. Erdiko aurrelariak maila bikaina eman zuen Alavesen egon zen denboraldietan.

Ziur asko Luis Garcia Plazak asko eskertuko luke Joselu taldean izatea. Samu Omorodion eta Kike Garciaren artean aukeratu beharko du zein izango den aurrelaria.

Alaves puntu premian dago ezin izan baitu azken hiru jardunaldietan garaipenik lortu. Jaitsiera postuekiko hiru puntutako aldea daukate gasteiztarrek, eta irribarre batekin ahoa agurtu nahi dute urtea. Real Madril bigarren postuan dator, Gironarekin lehian, eta inoiz ez da aurkari erraza izaten. Bere mailarik onena eman beharko dute gasteiztarrek esku hutsik geratu nahi ez badute.