![Xabi Iraola, Sortuko Nazio Kontseiluko herrigintzako arduraduna eta Maialen Gago, Bizkaiko idazkaritzako kidea.](/media/asset_publics/resources/001/061/562/article_main_landscape/plaza-hutsa.jpg)
Herrigintzan lanean dabilen ezkertiar eta independentista ororentzat irekitako Plaza Hutsaren edizio berria antolatu du Sortuk otsailaren 3an Durangon. Asteazken honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Herrian aldaketa politikorako aukerak eta horren aldeko bulkada soziala «bizi-bizi» dagoela uste du alderdi abertzaleak eta, «hain zuzen, aldaketa hori gauzatzeko, balio eraldatzaileak jendartean errotzeko herrigintzak duen gaitasuna» landu nahi dute hitzorduan.
«Plaza Hutsa une politiko berezian dator: euskal nazio askapen mugimenduaren hamarkadetako lanak eraikitako indar harremanak kristalizatzeko moduan egon gaitezke; euskal lurralde guztietan burujabetza osoaren bidean burujabetza maila handiagoak eskuratzeko baldintzetan. Eta ezker independentismoak herritarren artean duen atxikimendua gero eta zabalagoa da», adierazi du Xabi Iraola Sorturen herrigintzako arduradunak.
Haren arabera, udazkenak erakutsi du aldaketa politikoa eskatzen duen «pultsio sozial bat» ere badela, eta «horietako aldarrikapenek bat egiten dutela ezker independentismoaren proiektuarekin».
Hori kontuan hartuta, ziklo politiko berri bat irekitzeaz mintzatu da Iraola: «Orain eta hemen aldaketa politikoa posible bada, Euskal Herri luze-zabalean martxan den olatu herrigile eta mobilizatzaileari esker da. Are, aldaketa politiko horrek sakontasuna izango badu eta iraungo badu, herritarren balio eta printzipioetan aldaketak gertatzen ari direlako izango da».
Mapa eta koordenada berriak
Beraz, «Euskal Herritik mundu berri baten mapa eraikitzen jarraitzeko plaza» izatea espero du Sortuk. «Euskal Herria bada mundua ikusteko, herria egiteko eta bizitzeko modu propioa duen herri bat. Belaunaldiz belaunaldi hainbat balio transmititzeko gai izan da: auzolana, sen komunitarioa, herrigintzarako gaitasuna. Horiek behin eta berriz eraberritu behar izaten dira, iraungo badute», adierazi du Iraolak.
Herri berri baten koordenadez ere aritu da: «Azkartasun eta aldaketa garaiak bizi ditugu, baita askotariko krisiak ere: klimarena, zaintzarena, ekonomikoa. Dimentsio handiko erronkak horiek eraldaketa handiak erantzun nahi diegu».
Maialen Gago Sorturen Bizkaiko idazkaritzako kideak Plaza Hutsa Bizkaian egitearen garrantzia nabarmendu du: «Aldaketa politikoan Bizkaiak daukan zentraltasuna azpimarratu nahi dugu. Euskal Herrian aldaketa politikoa posible izango bada, aldaketa hori Bizkaitik pasako da».
Bi zati nagusitan banatuko da jardunaldia. Lehenengoan, eremuz eremuko (feminismoa, euskara hezkuntza, ekologia, migrazioa, lan eta bizi baldintzak, eta herrigintza eraldatzailea) saioak egingo dituzte. Bigarren zatian, ezker abertzalearen proiektu sozioekonomikoa gaurkotzeaz gogoetatuko dute.
Plaza Hutsa egonkortzeko xedea ere badu aurtengo edizioak, baita, halaber, «eremuz eremu lanean ari diren kideak saretzen jarraitzeko» ere. Gagok aurtengoaren berezitasun nagusiak ere aurreratu ditu: «Batetik, saio orokorrean, ezker abertzalearen proiektu sozio- ekonomikoaren inguruan gogoeta egiteari ere tarte bat eskainiko diogu Bestetik, jatorri eta kultur aniztasunak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan duen tokiaz ere arituko gara».
![Lizarra](/media/asset_publics/resources/001/142/865/article_thumb_horizontal/lizarra.jpg)
La fiesta en Lizarra arranca con represión a un cantante, cohete dividido y Bajadica suspendida
![Policia](/media/asset_publics/resources/001/142/734/article_thumb_horizontal/policia.jpg)
Dos detenidos en Iruñea acusados de agredir a un seguidor de la selección española
![Gasteiz](/media/asset_publics/resources/001/143/230/article_thumb_horizontal/Gasteiz.jpg)
El estreno de Iñaki Kerejazu como Celedón desborda Gasteiz con recuerdo a los ausentes
![Corsica](/media/asset_publics/resources/001/143/033/article_thumb_horizontal/corsica.jpg)
Una delegación vasca, presente en unas Ghjurnate con Kanaky de protagonista
![Craterngorongoro_](/media/asset_publics/resources/001/143/654/article_thumb_horizontal/craterNgorongoro_.jpg)