Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Loraldia: hamar urteren buruan ametsa loratu dela ospatzeko unea

«Loraldiaren 10 urteak zurekin ospatzeko, ondo pasatzeko eta elkarrekin amets egiteko unea iristeko irrikaz gaude. 10. edizioaren zertzeladak eskaintzeko, festa bat antolatu dugu», irakur zitekeen gonbidapenean. Festa giroan aurkeztu baita asteazken gauean, Kafe Antzokian, 2024ko martxoko edizioa.

Ospakizunaren une bat.
Ospakizunaren une bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Logoa eta irudia berriztuta dator 2024ko martxoan egingo den Loraldiaren hamargarren edizioa, hamar urte ez direlako alferrik pasa. Nork esango lieke, bada, 2004. urtean euskal kultura bultzatuko zuen jaialdi bat sortzeko asmoarekin elkartu ziren sei kideei, hamarkada baten buruan Bilboko Kafe Antzokian egingo zuten festan abatar digital bat –iazko sormen bekaren proiektuak sortuta– edo euskal kantu esanguratsuen bertsio elektronikoak egiten dituen dj bat normalitate osoarekin arituko zirenik? 

Dantza bertikala, bertso saioa, sagardo dastaketa... osagai anitz izan ditu ‘Bil gaitezen, ameslariok!’ lelopean eta festa giroan Kafe Antzokian egin da ospakizunak. Gure kulturaren etorkizuna memoria, utopia eta elkarlanaren bidegurutzean garatuko denaren adierazle izan da asteazken gaueko ekitaldia.

Data berezia, nostalgiari tarte bat zabaltzeko aproposa, agian? «Ez, gu aurrera begira gaude; gainera 11. edizioan zerbait berezia egin nahi dugu, 11 zenbaki berezia delako guretzat», Amaia Ocerinen, Loraldiako komunikazio arduradunaren erantzuna. Bezperan Bilbao Historiko saria jasota dago Loraldia, «euskarazko kultura garaikidea indartzeko, zabaltzeko eta transmititzeko» egindako lanaren aitortza.

‘Milagrito’ bat

Bide emankorra egin baitu XXI. mendean Anton Abadiak sustatutako Lore Joko haiek eredu hartuta sortu zen jaialdiak. Hasieran soilik jaialdia zenak 2015etik aurrera kultur elkartearen egitura hartu zuen, eta modu apal eta txikian hasi zena gaur egun erreferentziazko jaialdi bihurtu da: Bilbon errotuta, Bizkaitik Euskal Herrira. Produkzio propioak sortzen dituen ekimena da eta, era berean, transmisioa bermatzeko urratsak egiten ditu etengabe.

«Aurrekoan Xabi Zeberio musikariak esan zidan Loraldia ‘milagrito bat’ dela, eta horrela da», Ocerinek.
Lau langile finko baino ez ditu elkarteak, Loraldiak garatzen dituen bost-sei arloak aurrera eramateko. Plantilla handitu egiten zaie hezkuntzari lotuta martxan duten proiektuarekin, esaterako: «Bizkaiko zazpi eskola desberdinetan egon gara lau hilabete hauetan. Eskaera handitu egin da urtez urte. Guk gutxirekin asko egiten dugu!».  

Irantzu Lekuek Abandoibarran egingo duen horma-irudi batekin inauguratuko da 10. edizioa. Horren ondoren, lagun zaharren bisitak (Jon Maia eta ‘Zaharregia, txikiegia, agian’-eko partaideena), estreinaldiak, podcast-ak, hitzaldiak... 

Bada, 10. edizioa dagoeneko prest dago. Lorezainek, jaialdiaren bazkideek, ostegunetik aurrera sarrerak eskuratu ditzakete. 2.300 lorezain inguru daude, «gehienak bizkaitarrak, baina badaude gutxi batzuk Nafarroatik, Gipuzkoatik edo Iparraldetik urtez urtez erreserbatzen dutenak asteburu bat Loraldira etortzeko».

Irantzu Lekuek Abandoibarran, Deustuko zubi azpian, margotuko duen horma-irudi batek emango dio hasiera urteurrenari. Hortik aurrera, diziplina desberdinak batzen dituzten proposamen ugari izango dira: esaterako, ‘Sustraien Matxinada’, Garikoitz Mendizabalen eta Gorka Hermosaren proiektu berria (martxoak 5, Leire Bilbao, Nerea Arrien eta Toti Martinez de Lezearen partaidetzarekin); ‘Ai Gure Juaneteak!’ (15ean), Laboaren zenbait kanten berrinterpretazioa Patxo Telleria aktorearen eskutik; ‘Neomak’ (14an), Kepa Junkerarekin Sorginak izenpean ibilitako musikariak, orain proiektu propioarekin; edo Zuberoako Bilaka kolektiboa prestatzen ari den ‘Mitologia txikiak’ lana (19an).

Podcastez (‘Lokatza’-ren  saio bat egingo da zuzenean Guggenheimen), mendi ibilbide berri batez, edo hitzaldiez hornituko da edizio berria: Iban Zalduari eskatu diote, esaterako, geroari begira jartzeko, eta Jon Sarasuak, hiru egunetan zehar, euskararen etorkizunaren gaineko hausnarketa bideratuko du.