Osasunak sailkapeneko atzeko postuetatik ihes egin nahi du ahalik eta azkarren. Partida askotan batu dituen puntuak baino gehiago lortzea merezi izan du, baina lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta talde nafarra jaitsieratik gertuegi dago. Sei puntutako aldea baino ez dauka Celtarekiko. Granada eta Almeria, aldiz, urrunago daude.
Gutxik espero zuten joan den denboraldian Europan jokatzeko sailkatu ostean. Izan ere, Jagoba Arrasaterekin taldea Lehen Mailan egonkortzea lortu ondoren, klubaren asmoa etengabeko hazkundearekin jarraitu eta beste pauso bat gehiago ematea zen. Baina Brujasek Conference League txapelketatik kanpo utzi zituen atarikoan, eta uste baino gehiago kostatu da puntuak pilatzea.
Horren adierazgarri, azken jardunaldian luzapenean gainditu zutela Rayo Sadarren. Raul Garcia de Haro aurrelariak burukada batekin bidali zuen baloia sareetara korner batean. Jagoba Arrasatek onartu du azken garaipena lasaitasuna eta poztasuna berreskuratzeko baliagarria izan dela. Ildo horretan, bolada onari jarraipena eman nahi diote Mallorcan. Gaueko 21.30etan hasiko da norgehiagoka Son Moixen.
Entrenatzaile bizkaitarrak esan duenez, Mallorca oso talde deserosoa da edozein aurkarirentzat. Javier Aguirrek zuzentzen duen taldea indartsua da lehiak irabazten eta gol gutxi jasotzen ditu. 15 puntu dituzte sailkapenean, eta aurkari zuzenak dira. Arrasatek azpimarratu duenez, partidak irabaztea kostatzen ari zaie, baina gutxi galtzen dute.
Bestalde, Aguirrek bere taldeak golak egiteko dituen zailtasunak aipatu ditu. Izan ere, iaz taldeko golegile nagusia izan zen Muriqi erdiko aurrelaria lesionaturik baitago. Aldi berean, puntuak behar dituztela ohartarazi du.
Ruben Garciak ezin izango du Osasunarekin jokatu lesionaturik dagoelako, eta baliteke Moncayola hamaikakora itzultzea. Nafarrak partida ona egin zuen Rayoren kontra.