NAIZ

Andoni Arabaolaza eta Juan Pelaezek eraman dituzte CVCE-Errimaia ipuin lehiaketako sariak

Andoni Arabaolaza, NAIZeko kolaboratzaileak, eraman du euskarazko ipuin onenaren saria CVCE-Errimaia ipuin lehiaketan, ‘Hogeitaseigarren orria’ kontakizunarekin. Gaztelerazkoari dagokionez, Juan Pelaez izan da garailea, ‘La ascensión sin voz’ ipuinarekin.

Andoni Arabaolaza, erdian, CVCE-Errimaia ipuin lehiaketako sariarekin.
Andoni Arabaolaza, erdian, CVCE-Errimaia ipuin lehiaketako sariarekin. (NAIZ)

Asteazken honetan banatu ziren CVCE-Errimaia ipuin lehiaketaren laugarren edizioko sariak, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatuta. Andoni Arabaolaza, NAIZeko kolaboratzailea, ‘Hogeitaseigarren orria’ kontakizunarekin izan zen saritua, euskarazko ipuin alorrean. Gaztelerazkoan, Juan Pelaezek irabazi zuen, ‘La ascensión sin voz’ ipuinarekin.

Guztira, 173 ipuin jaso dituzte laugarren edizio honetan –2021 eta 2022eko edizioetatik hazkuntza nabarmena– baina euskarazkoen kasuan, penaz agertu dira antolatzaileak, soilik lau kontakizun jaso dituztela. «Ahulguneetako bat da. Lehen edizioan, 10 jaso genituen –parte-hartzaileen %4– eta gehien jaso dugun edizioa, 2021ekoan, 11 jaso genituen. Hurrengo urtera begira, saiatu behar gara euskarazko lan gehiago jasotzen eta horretarako, publikoarengana iritsi behar gara», adierazi dio NAIZi Juancar Sanzek, lehiaketaren zuzendariak.

Gainontzean, parte-hartzaileen «maila handia» nabarmendu du bai eta kontakizunen aniztasuna ere. Gaztelerazkoen kasuan, Hegoamerikatik iristen dira lan asko, baina baita «Israel edo Britainia Handitik ere. Bakoitzak mendia ulertzeko modu bat dauka eta hori oso aberasgarria da».

Hain zuzen ere, ipuinetako osagarri nagusia, derrigorrez, izan behar da mendia eta Sanzek azpimarratu du kontakizunak «barneraino iritsi zaizkiela. Kontakizunaz harago joan behar du ipuinak, intriga dosia eduki behar dute, gatazka motz bat eta konponbidea...». Oro har, irakurlea harrapatzen duten ipuinak direla adierazi du.

Euskarakoan, ‘Hogeitaseigarren orria’ izan da onena epaimahaiaren iritziz, Andoni Arabaolaza NAIZeko kolaboratzaileak idatzia, hain zuzen ere.

Gaztelerazkoan, Juan Pelaez madrildarra izan da irabazlea, ‘La ascensión sin voz’ ipuinarekin. «Idazle afizionatua da baina, era berean, kontrastatua», deskribatu du Sanzek. Gaztelerakoen kasuan, finalista bat ere aipatzen dute, kasu honetan, Antton Iturriza, ‘El Leñador’ ipuinarekin.

Urtarrilean irekiko da epea

Laugarrena bukatu berritan, antolatzaileak bosgarren edizioari begira jarri dira jada. Kasu honetan, ipuinak entregatzeko epea aurreratu egingo dute. Urtarrilean irekiko da epea eta sari banaketa ekainean izango da.

Esan bezala, helburu nagusitzat daukate euskarazko ipuin gehiago jasotzea. «Irudipena daukagu jendeari gehiago kostatzen zaiola euskaraz idaztea, zuzen ez idaztearen beldur egon daitezkeelako. Era berean, lehiaketa honen berri gehiago zabaltzea ere falta zaigu», egin du autokritika Sanzek.

Bada, urtarriletik maiatzera bitartean, nahi duen orok, mendiarekin lotura duen kontakizuna entregatzeko aukera izango du.

Gainera, bosgarren edizio honetan, aldizkari bat ere argitaratuko dute, bost lehiaketetan irabazle eta finalista atera diren ipuin guztiak bertan argitaratuko direla.