NAIZ

Hamalaugarren greba eguna Urdulizko Mecaner enpresan: «148 lanpostu daude jokoan»

Urdulizko Mecaner enpresako langileek manifestazioa egin dute ostegun honetan Bilbon, San Tomas egunean, ‘Mecaner ez itxi’ lelopean. Erakundeen laguntza eskatu dute, izan ere «148 lanpostu daude jokoan bideragarria izan daitekeen enpresa batean»

Mecaner enpresako langileen manifestazioa Bilbon.
Mecaner enpresako langileen manifestazioa Bilbon. (ELA)

Lantokiko arropak jantzita, Urdulizko Mecaner enpresako langileek manifestazioa egin dute ostegun honetan Bilbon, San Tomas egunarekin batera eta honek eskaintzen duen oihartzuna baliatuz.

Hamalaugarren greba eguna dute gaurkoa, Stellantis taldeak fabrika deslokalizatzeko hartutako erabakiaren kontra. ‘Mecaner ez itxi’ lelopean, Bilboko Eitb-ren egoitza paretik abiatu dira protestan, eta Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurretik pasa ostean Areatzara iritsi dira, San Tomaseko azokara.

ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Stellantis multinazionalak lantokiaren itxiera iragarri du, argudiatuz Urdulizko fabrika ez dela bideragarria, «iaz 600.000 euroko irabaziak izanagatik ere».

Oharrak dioenez, «langileak hainbatean saiatu dira enpresarekin harremanetan jartzen; alferrik, ordea. Dakiten bakarra da martxoaren abian jarriko dela EEE bat, eta ez dakite zein asmo duen Stellantisek enpresarekin; itxi bai, baina enpresa salduko ote duen edo ez, hala bestelako asmorik duen».

«Bestalde, Jaurlaritzaren berri izan gabe jarraitzen dute. Abenduaren hasieran elkartu ziren Lakuako ordezkariekin, eta adierazi zuten, kinka larrian dauden beste enpresekin egiten duten bezala, inbertsoreak bilatzeko ahalegina egingo dutela. Hau da, Jaurlaritzak ez zuen aparteko konpromisorik hartu, eta soilik adierazi zuen ohiko prozedurari helduko ziola. Gaur gaurkoz ez dute inolako deirik jaso», gaineratu du.

Erakundeei zuzendutako eskaera

ELAk erakundeei eskatzen die «inplika daitezela enpresarentzako irtenbide bat bilatzen», izan ere «148 lanpostu daude jokoan bideragarria izan daitekeen enpresa batean».

Era beran, ELAk salatu du Mecanerreko auziak «berriro ere agerian uzten duela egungo legediaren bidegabekeria: irabaziak dituen enpresa bat ixteko aukera ematen duelako. Horregatik, lanpostuak defendatuko dituen bestelako politika baten premia aldarrikatu du».