Gasteizko Parlamentuak Hezkuntza Legea onartu du ostegun honetan, EAJren eta PSEren aldeko bozak jaso ostean. Babes nahikoa izan da galbahea pasatzeko, baina iragan urteko apirilean Hezkuntza Akordioak erdietsi zuena baina askoz txikiagoa, denbora tarte honetan egitasmoak izandako ibilbidearen erakusgarri.
Hitzak hitz, eta botoak boto, eztabaida honetan parte hartu duten eragileek badakite gaurkoa porrota izan dela garaipena baino, eta 2022ko apirilean inork gutxik uste zuela bidea horrela bukatuko zenik.
Duela urte eta erdi, Osoko Bilkura «historiko» horretan, Ganberaren %91aren baiezkoa lortu zuen hezkuntzaren gaineko itunak, handik eratorri behar zuen legeak, ordea, legebiltzarkideen %54arena. Ez da galera txikia. Are gehiago legearen aurka agertu direnean hezkuntza komunitatea, gehiengo sindikala eta euskalgintza osoa.
«Joko arauak aldatu» zituen lehendakariak
Gabon jaien bezpera honetan Legebiltzarrean gertatu dena esperotako gauza izan da, edonola ere. Duela hiru hilabete Lakuako Gobernua babesten duten bi alderdiek elkarrekin zuzenketak aurkeztu zituztenean –horien artean egun indarrean dauden hizkuntza ereduak mantentzearen aldekoa– argi geratu zen Iñigo Urkullu lehendakariak irailean emandako abisua serioa zela, eta ordurarte izandako dinamikak 180 graduko buelta egingo zuela. «Joko arauak aldatu ziren», EH Bilduko kide Ikoitz Arreseren hitzetan.
Parlamentari independentistak gogor krititatu du auzi honetan lehendakariak izan duen esku-hartzea, baina baita ere esku-hartze horren aurrean Bildarratz sailburua «mutu» agertzea, nahiz eta modu horretan ia hiru urtez izandako elkarrizketa eta akordio giroa lehertu den.
Arresek salatu du legearen tramitazioaren azken txanpan Hezkuntza Batzordean jazotakoa, «eztabaidarik egon ez baita», eta duela hogeita hamar urte gertatu bezala aukera bat galdu dela gaitzetsi du. Hezkuntza sistemak eskatzen zuen akordioa erdiesteko aukera galtzen utzi da, nabarmendu duenez, «Gobernuaren salbaziorako» akordio baten mesedetan.
Oso bestelakoa izan da Lakuako Exekutiboa sostengatzen duten taldeen balorazioa. Maria Jesus San Jose PSEko ordezkariak alderdi horren ekimenez hizkuntza ereduak mantentzea txalotu du, eta bere helburua oso modu grafikoan laburbildu du hau esanez: «PSEri eskerrak hau ez da nazio eraikuntzarako lege bat izango». EAJko Gorka Alvarezek, bere aldetik, esan du legea ez dela alderdiena, alde zein kontra bozkatu dutenena, hezkuntza komunitatearena baizik, eta hezkuntzako eragileei eskerrak eman dizkie. Oso gauza txundigarria, sektore horretako eragile garrantzitsuenek jarrera kritikoa baitute legearen edukiekin.
Kontrako botoa eman dute, arrazoi desberdinengatik izan arren, Talde Mistoko parlamentariek, PPk eta Elkarrekin Podemosek. Koalizio honetako eledun Miren Gorrotxategik legeak eskola publikoa kaltetzen duela baloratu du, izaera pribatua duten ikastetxeen mesedetan. Azken hauek diru publikoa jasoko badute, baldintza zehatzak eta zorrotzak eskatu behar zaizkiela adierazi, eta legeak horri uko egiten diola salatu du.
Txalorik ez da izan Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak legea onartutzat eman duenean, hori ere azken hilabeteetan nabarmendu den giroa azaltzeko adierazgarria da.
Elkarretaratzeak
Parlamentuan osoko bilkura egiten ari ziren bitartean, kanpoan Hezkuntza Legearen aurka protestatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, EHEk eta ELAk, besteak beste.