NAIZ

Beñardo Garcia hil da, Bidasoarekin Europako Kopa irabazi zuen presidente historikoa

75 urte zituela, Beñardo Garcia hil da, Bidasoa-Iruneko presidente ohia. Eskubaloi taldea gorenera eraman zuen, Europako Kopa irabazteraino.

Beñardo Garcia, Bidasoa Iruneko presidente historikoa, zendu da.
Beñardo Garcia, Bidasoa Iruneko presidente historikoa, zendu da. (CD Bidasoa Irun)

Beñardo Garciaa Etxeberria C.D. Bidasoa-Iruneko presidente ohia hil da, 75 urte zituela, klubaren modernizatzaile gisa arrasto historikoa utzita. Talde gipuzkoarrak doluminak eta «min handia» agertu ditu igande honetan sare sozialen bidez, eta Bidasoa Kirol Taldearen alde egindako «lanagatik eskerrak» eman ditu.

Beñardo Garciak bere urterik loriatsuenetan zuzendu zuen Irungo taldea, Europako Kopako (orain Txapeldunen Liga) titulua lortu zuenean, edozein kirol diziplinatako euskal talde batek lortzen zuen lehen aldian. Bere babespean, Bidasoak Errekopa ere irabazi zuen 1997an, Hungarian.

Bere kudeaketan lortutako palmaresak, gainera, bi Asobal liga eta bi Kopa ere hartzen ditu, Bidasoa Europako kontinenteko handienetako bat zenean.

Garcia Echeverriak 15 urte baino gehiago eman zituen klubeko buru, 1979an hasi zen hiru etapa ezberdinetan. Bere taldeak, orduan, frontoi batean jokatzen zuen, gaur egungo Artaleku kiroldegira pasa aurretik (1987).

2023an Irun hiriko Urrezko Domina jaso zuen eta erakunde horiko ohorezko presidentea zen.

Bere osasun egoerak okerrera egin ondoren, Beñardo Garcia hil egin da eta «une gogor hauetan», Bidasoak «besarkada handi bat» bidaltzen die «senide, lagun eta gertukoei». «Goian Bego , Beñardo», amaitzen du klubak bere mezuan.

Irungo Udalak ere Garcia gogoratu nahi izan du. «Irunek bere hiriaz harro eta konprometituta dagoen irundarra galdu du gaur», esan du Cristina Laborda alkateak, eta Bidasoa Kirol Kluba «gorenera» eraman zuela eta udalerriari «burua eta bihotza» eman ziola azpimarratu du.