NAIZ

Metro Bilbaok eta Gipuzkoak %20ko deskontua mantenduko dute datorren urtean

Bizkaiko Garraio Partzuergoak urtarrilaren 13ra arte Bilboko Metroaren abonuen prezioan %50eko deskontua mantentzea erabaki du eta hortik aurrera %20ra gutxituko du. Gipuzkoako Garraio Agintaritzak (GGLA) Mugi txartel pertsonalizatuen tarifetan gutxienez %20ko hobaria mantentzea erabaki du

Mugi pertsonalizatua dutenek bakarrik erabili ahalko dute %20ko deskontua Gipuzkoan.
Mugi pertsonalizatua dutenek bakarrik erabili ahalko dute %20ko deskontua Gipuzkoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Datorren urtarrilaren 13ra arte Bilboko metroan abonuen prezioak %50eko deskontua izango du, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) astearte honetan erabaki duenez. Urtarrilaren 14tik aurrera eta urte osoan zehar deskontu hau %20koa izango da.

Bestalde, Gipuzkoako Garraio Agintaritzak %20ko hobaria mantentzea erabaki du ere, baina soilik Mugi txartel pertsonalizatua dutenentzat izango da eta anonimoak, momentuz, deskontu horietatik kanpo geratuko dira.

Bilboko metroaren %50eko deskontua Gobernu espainolak ematen duen %30ean oinarritzen da, eta asteazkenean aztertuko du 2024rako mantentzen duen ala ez, eta beste %20 erakundeek finantzatzen dute.

BGPren bilera garaiz deitu ez zelako uztaileko lehen 13 egunetan deskontua metroan aplikatu ez zela konpentsatzeko erabaki dute urtarrileko lehen egunetan hobaria prezioaren erdikoa izatea.

Gipuzkoako Garraio Agintaritzako iturriek Eferi adierazi diotenez, astearte honetan egindako bileran erabaki da titulu pertsonalizatuentzako %20ko deskontua mantentzea. EAJk eta PSEk, EAEko administrazio publiko nagusietako bazkide diren alderdiek, joan den urrian erabaki zuten 2024an garraio publikoarentzako hobariari eustea.

Mugi txartel anonimoak deskontu horretatik kanpo uzteko hartutako erabakia kritikatu du EH Bilduk, neurri horrek «gizartearen segmentu ahulenari» kalte egiten diola eta hobarien politikan «atzerapauso garrantzitsua» dela uste dutelako.

BAT txartela pertsonalizatzeko bulegoa

Gasteizen, autobus geltokian, behin-behineko bulego batean BAT txartelak pertsonalizatuko dira astearte honetatik aurrera, ezinbesteko baldintza baita foru garraioaren erabiltzaileek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarriko den deskontu-sistema berria baliatu ahal izateko.

Sistema berri horren hilean egindako bidaia-kopuruaren araberako hobaria emango du, %56raino, Alavabus eta Eskualdeko Garraioa lineen ohiko txartelaren prezioan.

BAT txartela anonimoa erabiltzen dutenek ohiko txartelaren prezioaren gaineko %20ko deskontua baino ez du izango.

Txartela pertsonalizatua nahi dutenek tranbiaren informazio-bulegoen egin dezakete ere, Antso Jakituna kaleko 9. zenbakian. Doakoa da eta NAN-a eta txartela anonimoa baino ez dira behar.