Donostiako Alderdi Eder parkeko noria matxuratu eta gelditu egin da ostegun arratsalde honetan, 19.00ak aldera. Beteta zegoenez, suhiltzaileek norian igota zeudenak eskailerekin jaitsi behar izan dituzte. Udaleko iturrien arabera, 67 lagun zeuden atrakzioan, horietatik 17 adin txikikoak; 55 pertsona suhiltzaileek jaitsi behar izan dituzte, eta beste 12ak beren kabuz jaitsi dira. Bi eskailera erabili dituzte eta 21.30ak aldera bukatu dute.
Gainera, pertsona bat artatu behar izan dute bertan antsietateagatik, baina ez du erietxeratzeko beharrik izan.
Noriak 32 metroko altuera dauka eta 24 kabinak osatzen dute. Hauetako bakoitzean gehienez sei pertsona sar daitezke. Guztira, beraz, 144 pertsona hartzeko edukiera du atrakzio honek. Urtero bezala, azaroan ireki zuten eta urtarrilaren amaierara arte egongo da Alderdi Ederren.
Matxura batek Alderdi Ederreko noria geldiarazi du. Jendea jaisten gaude bi autoeskailerarekin. #erreskatea
— Donostiako Suhiltzaileak (@BomberosDonosti) December 28, 2023
Una noria ha paralizado la noria de Alderdi Eder. Estamos evacuando los usuarios con dos autoescalas.#rescate#BomberosSOS pic.twitter.com/ZHv3gCOqi8
Ostegun arratsalde honetakoa ez da noriak arazoak eman dituen lehenengo aldia. 2022an, Gabon zahar gaueko goizaldean irekita egon zen, covid-19aren pandemiagatik ezarritako ordutegitik kanpo.
Lakuako Gobernuak ezarritako arau horren arabera, aisialdirako jarduerek goizaldeko ordu batean itxi behar zuten. Donostiako Udalak, ondorioz, barkamena eskatu eta hartu beharreko balizko isuna edo zigorra aztertuko zuela iragarri zuen.