Deialdia 11.30ean zen, eta osoko bilkura 12.00etan, baina Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo zegoen goizeko 11.00etarako. Giroan arnas zitekeen gaurko eguna iristeko Iruñeko jende askok zeukan gogoa. Ez da egunero gertatzen, txupinazo bat bota ahal izatea abenduaren 28 batean.
Itxaronaldia ez da motza izan, udaletxe barruan gauzak luze joan baitira. Txarangak eta dultzainek jarri diote soinua plazari, jendearen kantu eta oihuek utzi dietenean. «Agur, UPN, agur agur» eta «Asiron, urte berri on», izan dira lelo entzunenak, tarteka besterik ere entzun den arren. Udal plazan ez direlako egon bakarrik zentsura-mozioaren aldekoak.
“Agur, UPN, agur agur” pic.twitter.com/7TTPrEVJVp
— Beñat Zaldua (@zalduariz) December 28, 2023
Berez, Iruñeko erradiografia politikoa egin zitekeen gaur udal plazan. Lehenengo lerroan, mozioaren aldekoak ziren nagusi, baina ez bakarrik EH Bildukoak. Geroa Baiko eta Contigo-Zurekin koalizioko jarraitzaile batzuk ere bertan zeuden ere. UPNko errepresentazio txiki batek ere lehen lerroan hartu du lekua hasieratik, Ana Elizalde eta Juan Luis Sanchez de Muniain aurpegi ezagunekin, besteak beste. Cristina Ibarrolari irteera duin bat eskaintzea zen helburu nabarmena, ezer gutxi egin izan baitute plazako gehiengoaren pozaren aurka.
Ezin izan dute ezer egin ezta ere Kale Berriko amaieran elkartu diren 30-40 eskuindarrek, ozen eta oldarkor saiatu diren arren, Polizia espainiarrak babestuta. Plazan txupinazoa zegoen martxan, metro batzuk haratago, ‘Gaixoa ni’.
[EN DIRECTO] Vivas al rey, a la Guardia Civil y a la Policía española desde la calle Nueva https://t.co/bU1E6UeOg3 pic.twitter.com/uC5VXiS6lP
— naiz: (@naiz_info) December 28, 2023
Abesti eta kantu artean, tarteka zurrumurrua zabaltzen zen. «Orain aterako da, kamerak udaletxera begira jarri dira». Laugarrenean edo bosgarrenean, azkenik, egia izan da. Uztailaren 6a izanen balitz bezala, korporazio berria balkoira atera denean plazak eztanda egin du, erotuta. Gutxitan ikusten da halako komunioa erakunde eta herritarren artean.
Ordubata jota zen ordurako, eta bermut egarriak plaza apur bat hustu du balkoiko unea eta gero. Ospatzeko ordua zen. Ehunka pertsonak bertan jarraitu dute, ordea, beste zurrumurrua zabaltzen hasi baita: «Baietz, Asiron jaitsiko dela gero». Kosta zaio, aurretik komunikabideen aurrean adierazpenak egin nahi izan dituztelako denek, baina itxaronaldiak saria izan du. Kanpokoentzat, eta alkate berriarentzat, masa bainua hartu ahal izan baitu.
Aurretik, gainerako alderdiak udaletxetik atera dira. Lehenengoak UPNkoak izan dira, zale gutxi batzuk zain zituztela. «Agur, UPN, agur agur» oihu artean joan dira, istilu gehiagorik gabe. Minutu batean plazatik kanpo zeuden, gaurkoa inozenteen egunaren txantxa baino ez zela sinistu nahian. PP bakarrik atera da, inor zain ez zuela. Eta PSNk txalo xume batzuen artean gurutzatu du plaza, txalotu eta txalotzaileen harridura artean. Garai berriak datoz.