NAIZ

Basque Culinaryren Manteoko proiektuaz iritzia emateko erreferenduma antolatu dute herritarrek

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak deituta, «erreferenduma» egin dute larunbat honetan Donostiako Gros auzoan. Honako galdera luzatu diete donostiarrei: Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean?

Ilarak sortu dira Manteo eta Zemoriako parke publikoei buruzko herri erreferendumean.
Ilarak sortu dira Manteo eta Zemoriako parke publikoei buruzko herri erreferendumean. (Jon URBE | FOKU)

Erakundeek egin ez dutena eginez, SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak iritzia galdetu diete herritarrei Basque Culinary Centerrek Donostiako Gros auzoan egin nahi duen bigarren egoitzari buruz. Manteo eta Zemoriako parke publikoak zein etorkizun izatea nahi duten erantzuteko aukera izan dute hala donostiarrek larunbat honetan.

Eguerdiko hamabietatik hirurak arte jarri dituzte hautetsontziak Okendo kultur etxean eta Nafarroa Beherea plazan. SOS Manteok jakinarazi duenez, 1.500 lagun baino gehiagok eman dute botoa. Ilara luzeak sortu dira, eta boto paperik gabe geratu dira. Antolatzaileak pozarren zeuden.

 

 

Jakinik nahi zuten guztiek ezingo zutela bertara hurbildu, internet bidez bozkatzeko aukera ere zabaldu dute, igande gauerdira arte, honako helbidean: http://labur.eus/manteo. Donostiarrez harago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. «Denoi eragiten digu, guztiona den diruarekin ordainduko baita», ohartarazi dute.

Basque Culinary Centerrek EAJren eta PSEren babesarekin Manteon egin nahi duen proiektuaz oinarrizko datu batzuk eman dizkiete elkarteok herritarrei: «28 milioi euroko kostua du, eta horietatik 26 milioi guztiok ordainduko ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Donostiako Udalak 60 milioi euroko balioa duen lursail publiko baten lagapenari esker ahalbidetu da egitasmoa».

Horretaz gain, «Groseko berdegune bakarrenetakoaren suntsipena eta bertan dauden 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa ekarriko du». Hori gutxi ez balitz bezala, proiektua aztertzen ari dira orain «orubean amiantoa eta bestelako kutsagaiak egon daitezkeelako».

Donostiako Udalak, uko

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak salatu dutenez, Donostiako «Udal Gobernuak beti uko egin dio gai honen inguruan donostiarren galdera eta eskariak erantzuteari». Hori dela-eta, beraiek eman dute erreferenduma antolatu eta galdera luzatzeko pausoa: «Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean?».

Manifestazioak eta eztabaidak

Iragan urrian eman zuen Donostiako Udalak Basque Culinary Centerreko eraikin berria eraikitzeko lanetarako baimena, eta azaroaren amaieran obrak hasiko zituztela iragarri zuten. Baina horrek ez zuen egitasmoaren aurkako mugimendua geldiarazi. Gros auzotik atera eta Udaletxera helduz, aldarrikapena entzunarazi zioten Eneko Goia alkateari, ibilbide osoan txistu hotsak zabalduz.

Honelako mobilizazio ugari egin dituzte donostiarrek azken hilabeteetan, SOS Manteo plataformak eta Uliako Auzo Elkarteak bultzatuta. Greenpeace erakundeak ere bat egin du eurekin. Eztabaidak ere antolatu dituzte, baina ez BCCk eta ezta EAJ eta PSEk ere ez dute parte hartu.

Sukaldariz jantzi izan dira manifestari batzuk, BCCri interpelazio zuzena eginez. Eraikin hori hiriko beste lekuren batean jar daitekeela argudiatzen dute Gros eta Uliako auzokideek, jada populazio eta trafiko handia biltzen duen eremuan beste azpiegitura handi bat ezartzea saihestuz.