Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Maddalen Iriarte
EH Bilduren eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan

«Aurrekontua ez onartzea Gobernuaren porrota eta ahuldadea da»

Aurrekontu akordiorik gabe amaituko du urtea Gipuzkoako Aldundiak. EH Bilduk zaintza eredu berri bat mahai gainean jarri zuen, EAJ-PSEren kontuei oniritzia eman ahal izateko, baina ez zuten onartu. Maddalen Iriarterentzat, aurrekontuak ez onartzeak Gobernuaren «porrota eta ahuldadea» erakusten ditu.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Maddalen Iriarte, EH Bilduren eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (Jon URBE | FOKU)

Aurrekontuak onartu gabe hasiko du urtea Gipuzkoako Aldundiak. Azken momentura arte hitz egiten aritu zarete, baina ez da akordiorik izan. Zein balorazioa egiten duzu?

Gobernuaren ahuldadea erakusten du horrek. Gipuzkoarrontzat egonkortasuna ekarriko zuela esan zuen Gobernu honek, baina ez da ohartu gutxiengoan dagoela eta gutxiengoan egoteak beste gobernantza modu bat eskatzen duela. Guk eskua luzatua izan dugu hauteskunde gauetik. Eta baita oraingo honetan ere. Baina Gobernu honek ohartu behar du EH Bildu lehen indar politikoa dela lurralde honetan eta EH Bilduk mahai gainera eramaten dituen neurriek aurrez aurre ditugun erronkei errotik erantzuten dietela. Hori izan da mahai gainean jarri nahi izan duguna. Eta Gobernu honek ez du lortu bere betebeharra den hori burutzea, hau da, aurrekontu bat aurrera ateratzea. 

Nahiz eta kontuen luzapena izan, Eider Mendozak proiektuak aurrera aterako direla eta egonkortasuna egon badagoela esan du.

Alde batetik, aurretik datotzen aurrekontu batzuk dira. Hau da, hautesleek ontzat eman ez duten EAJ-PSEren Gobernu batek egindakoak. Hauteskundeen ondoren zerbait argi geratu baldin bada, izan da formula horrek ez duela nahikoa ematen. Bestetik, gobernu batek urtean zehar egiten duen legerik nabarmenena aurrekontuena da. Aurrekontu batzuk aurrera ateratzeko gai ez izatea porrot politiko bat da gobernu horrentat.

Dagoeneko hauteskunde giroan murgilduta gaudela aipatu dute arrazoi bezala Aldunditik, aurrekontuak ez onartzeko. Arrazoi partidistak lehenetsi dituzuela leporatu dizuete.

Agian, baliteke, hauteskunde giroan murgilduta egongo dira beraiek. Ez dakit. Gu lanean ari gara, Gipuzkoako jendearen bizitza hobetzeko egin behar diren urratsak egiten. Aurrekontuen negoziaziora eraman duguna Gipuzkoako herritarrei esan geniena izan da. Bai zaintzaren arloan, bai enpresaren arloan, Gipuzkoak dituen erronkei egiturazko eraldaketa bide bat jartzeko eta trantsizio marrak trazatzeko egin beharreko bidean egin behar diren urratsak erakutsi ditugu.

Zaintzarena aipatu duzu. Hau nabarmentzen da akordio batera ez iristeko argudio nagusi bezala.

Gure ustez, zaintzak ez dira modu duinean ebazten Gipuzkoan. Gainera, zaintzak ezin du negozioa izan. Pertsona orok dauka zaindua izateko eskubidea. Zentzu horretan, uste dugu zaintza publiko komunitario bateranzko bidea marraztu behar dela. Aurrekontu batzuen markoan oso zaila da EH Bilduk gobernatu izan balu martxan jarriko lituzken politikak martxan jartzea. Baina nahi izan dugu, alde batetik, zaintzak ez merkantilizatzea eta, bestetik, zaintzen duten pertsonen lan baldintza duinak bermatzeko ahaleginean aurrera egitea. Aldi baterako zaintzei ere begiratu berri bat jarri behar diegula uste dugu, zaintza errotik aldatu delako, gizartea errotik aldatu delako. Horretan saiatu gara.

«Zaintzak ez dira modu duinean ebazten Gipuzkoa. Zaintzek ezin dute negozioa izan. Zaintza sistema publiko komunitario bateranzko bidea marraztu behar da»

Izan ere, zaintzako langileak prekarizatuta daude. Eta arlo feminizatua da ere. Mobilizazio eta greba ugari izan dira azken urteotan, garrantzitsuena azaroak 30ekoa.

Badago eskaera sozial eta sindikal bat. Bertako langileek greba luzeak egin dituzte. Aipatzen duzun greba feminista ere egin dugu. Eta greba horren erdian zaintza kokatu dugu. Mugimendu feministari zaintzak erdigunean jarri behar direla iruditzen zaiolako, eta guk horrekin bat egiten dugu. Guztiok dugu gure bizitzan zehar zainduak izateko eskubidea. Eta horri erantzun behar zaio. Badakigu sekulako erronka daukagula aurrez aurre, besteak beste badakigulako Gipuzkoan jendartea zahartzen ari garela. Erantzun sendo bat eman behar zaio horri, eta EH Bilduk, erantzun sendo horren bila, politika batzuk martxan jarri nahi ditu. Norabide horretan urrats batzuk egitea zen proposatzen genuena. Bestelako eredu bat dauka Foru Gobernuak. Ulertu dezaket horraino. Baina EH Bilduk aurrekontu bat onartzea nahi badu, gobernantza modua ere aldatu beharko duela ulertu beharko du.

EAJk ez du akordiorik lortu, eta oposizioaren errua dela dirudi. UPNren jarrera etortzen zait gogora. Bide batez, Nafarroan edo Estatuan akordioak lortzeko prest zaudetela baina EAJrekin jarrera sutsuago bat duzuela leporatzen dizuete.

Bai Nafarroan bai Estatuan negoziatzen dugunean, EH Bilduk mahai gainean zenbait gai jartzen ditu. Aste honetan bertan ikusi da ikuspegi sozialetik zein ekarpen egin ditugun herritarrentzat. Beraz, akordioetara iristen gara eta akordio horiek ondorioak dituzte jendearen bizitzetan. Gasteizko Legebiltzarrean Gobernuarekin akordioak lortu genituenean, mahai gainean jarri genituen gaiak (ikerketa garapena, Osakidetzaren ingurukoak...) onartu zirelako izan zen. Gipuzkoan onartu izan balira, aurrera egingo genukeen.

Bide batez esango dizut hasierako proposamenetik azkenera malgutu dugula. Ulertu genuen gauza batzuetan ez ginela adostasunera iritsiko, baina gure ustez zaintzan ezinbestekoak diren urratsetan ez dugu amore eman.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren eleduna Gipuzkoak Batzar Nagusietan. (Jon URBE/FOKU)

Ikusten duzu PPrekin akordioetara heltzeko eta Gipuzkoako Aldundiak eskuinerago jotzearen arriskua?

PPrekin akordioa lortu zuten Gobernua osatzeko. Ezin dut sinetsi EAJk eta PSEk besterik gabe inbestidurarako Mendoza andrea aurkeztea, PPrekin ezer hitz eginda izan gabe. Ezin dut sinetsi. Baina hori baino gehiago esango dizut, ahaztu egiten den datu bat: EAJk eta PSEk, biak ala biak, bozka guztiak aman zizkioten PPri, Batzar Nagusietako Mahaian toki bat izan zezan. Hor dago ordaina. Eta hemendik aurrera ikusiko dugu.

«PPrekin akordioa lortu zuten Gobernua osatzeko. EAJk eta PSEK bozka guztiak eman zizkioten PPri Batzar Nagusietako Mahaian toki bat izan zezan»

Eta hori kezkagarria da Gipuzkoarentzat?

Kezkagarria da bi ikuspuntutatik. Batetik, PP momentu honetan bilakatu delako Espainiako ultraeskuin eta politikan atzeraurratsak egiten dituen alderdi bat. Emakumeen eskubideetan, etorkinen eskubideetan, lortu diren hainbat aurrerapen sozialen inguruan atzerapasoak ematen dituen alderdia delako. Horregatik guztiagatik oso kaltegarria iruditzen zait PPrekin akordioak egitea. Baina horretaz gainera, iruditzen zait PPrekin egitekotan eskuinerantz egingo dituztela politikak. Jendeak bizi duen ziurgabetasunarekin eta dauzkan premiekin, politika publikoak ezkerrera egitea oso garrantzitsua da.

Hirugarren buelta bat ere emango nioke: Europa mailan gertatzen ari den eskuineratze prozesuaren aurrean ezkerrak badu zeresana, eta erantzun egokiak eman behar ditu, ultraeskuinaren indartze beldurgarri hori gerta ez dadin.

Fortuna Handien Zergarekin, berriz, Elkarrekin-ekin lortu dute akordioa EAJk eta PSEk. Gai honetan zuek egindakoa proposamena ausartagoa zen.

Pena bat da. Zergak ezinbestekoak dira zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko. Eta gehiago daukanak ekarpen handiagoa egin behar dio jendarteari. Hori edozeinek ulertzen du, eta ongi ulertzen du gainera. Fortuna Handiei dagokienez, Espainian eta Nafarroan onartutakoa baino gutxiago izango da. Berriz ere esango digute Nafarroa eta Estatua jartzen ditugula adibidetzat. Baina gutxiago izan da Gipuzkoan. Eta guk nahi genuena bai batean zein bestean izan diren maila horietan mantentzea zen, justuago eta progresiboagoa zelako.

GHKren Administrazio Kontseiluan izango da EH Bildu, eta kontrola zorrotzagoa izango dela iragarri duzue. Azken agintaldian Zubietako errauskailuarekin arazo ugari izan dira, adibidez.

Maiatzean izan genituen emaitzen ondorioa da. Bai GHK (hondakinak) eta beste hainbat politika izango dira EH Bilduren eskuetatik pasatuko direnak. Gipuzkoan botoen %36tik gora lortu genituen, besteek baino bost eserleku gehiago, 15.000 bozka gehiago... Horrek egiten duena da EH Bilduren eskuetatik igaroko direla herrialde honetako politika garrantzitsu asko. EH Bildu saiatuko da herritarrei esan ziena mahai gainean jartzen. Hori da egingo dugun kudeaketa, bai GHKn bai beste leku guztietan.

Erraustegiaren kontuarekin mobilizazioak izan dira, ekimen sozialetik abiatuta. Diputaziotik zabaldu izan dute talde horiek eta beste batzuk EH Bilduren «marka txuria» direla bazterrak nahasteko. Jendarte aktiboaren beldur direla uste duzu?

Fundamentuzko esplikaziorik ez dagoenean baloiak kanpora bidali behar dira. Iruditzen zait badakitela hori ez dela horrela. Edozein kasutan, gizarte aktibatu bat beti da guztiok kritikoago, guztiok aztiago eta guztiok herritarrentzat egin behar diren politiketan finago egiten gaituena. Horrela izan da beti. Euskal Herriaren sen komunitarioaz askotan hitz egiten dut. Gauzak eraikitzeko, euskarari bultzada emateko, munduan izan ez diren ereduak martxan jartzeko (kooperatibak) ekimenak izan badira gizarte aktibatu bat egon delako izan da. Sen komunitarioa baduela erakutsi du herri honek eta askotan diskonformidade batetik sortu da. Beste batzuetan beharretik edo hutsune batetik. Beti da garrantzitsua gizarte aktibatuak izatea, kasu guztietan. Batzuetan ados egongo zara aktibazio horrekin eta beste batzuetan ez. Baina seguru nago aktibazioak beti pentsarazten dizula nola hobetu zuk egunero egiten duzun lana.

Aipatu duzu azken hauteskundeetan izugarrizko emaitzak lortu zenituztela: Gipuzkoan garaile, bazegoen Elkarrekin-ekin akordio aurrerakoia sortzeko aukera, baina Aldunditik kanpo geratu zineten. Horrek frustrazio puntu bat eragin du?

Datozen lau urteotan lanean etengabe jarraituko dugu. Azpimarratu nahi dut Gipuzkoan sekulako emaitzak lortu genituela. Maiatzeko emaitzak prozesu baten gailur bat eta etapa berri bati ateak irekitzeko aukera dira. EH Bildura 2016an etorri nintzenean «sorpasso»-az hitz egiten zen etengabe, «sorpasso»-a emango zigutela. Ez ziguten «sorpasso»-rik eman eta 18 eserleku lortu genituen Legebiltzarrean. Hurrengo hauteskundetan, 2020an, pandemia oste hortantxe, abstentzioak eragin ez zigun indar politiko bakarra izan ginen eta bai bozetan bai eserlekuetan gora egin genuen, 22 eserleku lortuz. Oraingo honetan Gipuzkoan irabazi egin genuen maiatzean eta berriro uztailean. Kulminazio bat izan da eta jauzi berri bat emateko ateak zabaltzen dizkigu. Ikusiko dugu nola ematen dugun jauzi hori izango ditugun zita berrietan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako eta Europako hauteskundeetan. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi Nafarroan zer nolako giltza izatera heldu garen. Eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi aste honetan bertan Iruñean Alkatetza berreskuratu izana.

Gobernuak osatzeko eta politikak garatzeko akordio zabalak beharrezkoak izaten dira gizarte konplexuetaz ari garelako. Gipuzkoan ere EH Bildu gisa horretako akordioak lortzeko gaitasunarekin ikusten duzu?

Ez izan zalantzarik. Gogoratzen baduzu hauteskunde gau hartan aipatutako emaitza hauek izanda nire lehenengo hitzak eskua luzatzeko izan ziren, gobernu aurrerakoiak egiteko, Gipuzkoak dituen erronkei erantzuteko. Eskua zabaldu genien bai EAJ, bai PSEri eta bai Elkarrekin Podemosi. Guztiei. Eta zabalik dago. Baina ulertu beharko dute denek EH Bilduk aurrerapausuak emateko jendarteari emandako hitza betetzeko izango dela.