Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrak Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren elastikoa jantziko du lehen aldiz urtarrilaren 20tik 22ra jokatuko den Mallorcako Txallengean, azken hiru denboraldiak BikeExchange Women taldean egin ondoren.
Euskal taldeak jakinarazi duenez, Mallorcako Txallengearekin batera, Costa de Almeria Women Cycling Pro (urtarrilak 28), Valentziako Erkidegoko Itzulia (otsailak 4), UAE Tour (otsailak 8-11), Setmana Valenciana (otsailak 15-18) eta Almeriako Klasikoa (otsailak 25) jokatuko ditu denboraldi hasieran.
Zehazkiago, Santestebani dagokionez, Mallorcako bi egunetan arituko da, Palma Trofeoan (21) eta Binissalem-Andratx Trofeoan (22), hain zuzen, eta ondoren, Almeriako eta Valentziako probak jokatuko ditu. Bere urteko lehen itzulia Setmana Valenciana izango da, eta martxoan Italiako WorldTourreko Strade Bianche eta Alfredo Binda klasikoetan lehiatuko da, gonbidapenen ofizialtasunaren faltan.
Ane Santestebanek adierazi duenez, «oso pozik nago Laboral Kutxaren maillota janztearekin eta talde bat baino gehiago den proiektu honetan parte hartzeagatik. Oso gertuko lantalde bat aurkitu dut, eta denok batera lanean ari gara gure helburuak lortzeko. Argi dago taldearen helburu nagusia WorldTour lizentzia bereganatzeko puntuak lortzea dela, eta ilusioa egiten dit historia horren parte hartzeak, WorldTourreko emakumezkoen lehen euskal taldea izaten saiatzeak».
Bere helburu pertsonala «erregulartasunari eustea» dela esan du, eta, beti bezala, maiatzean eta ekainean dituela aurreneko xedeak, batez ere etxekoak, hau da, Itzulia, Durango eta Eibar lasterketak. «Mallorcan eta Almerian lehiatuko naizen lehen lasterketetan sasoi puntu on bat lortzea espero dut», gaineratu du.