NAIZ

Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuetan eragina izaten ari da gripe eta covid kasuen gorakada

Gripearen birusaren eta covid-19aren inzidentzia gora egiten ari da Hego Euskal Herrian. Ondorioz, Osakidetza eta Osasunbidea osasun zerbitzuetan «gainkarga-uneak» izaten ari dira. Zerbitzua hobetzeko asmoz, triaje sistema berria ezarri dute Nafarroan.

Gasteizko Txagorritxu ospitalea.
Gasteizko Txagorritxu ospitalea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gripearen birusaren zirkulazioak eta covid-19aren intzidentziak gora egiten jarraitzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan ere, goranzko joera mantendu du gripeak; aldiz, covid-19aren inzidentzia egonkortu egin da. Hego Euskal Herri osoan bronkiolitisaren diagnostikoak eta Arnas Birus Sinzitialaren (VRS) detekzioak jaitsi egin dira.

Osakidetza «tentsioan» dagoela azaldu dio Eferi Alfonso Gutierrez Basurtuko Ospitaleko Barne Medikuntzako zerbitzuburuak. Adierazi du gripearen inzidentziaren ondoriozko egoera dela, baita covid-19aren ondoriozkoa ere. Onartu du «gainkarga-uneak» izaten ari direla, baina ziurtatu du ez dagoela «kolapsatuta».

Gutierrezen arabera, «horrek esan nahi du ohikoaz aparteko lana egon daitekeela, une puntualetan arreta atzeratzea eragingo duena, baina eskariari erantzuteko baliabideak badaude». Aitortu du, ordea, «mugatuta» dauden baliabideak direla, oporraldia delako eta langile asko gaixorik daudelako: «Tentsioaz hitz egin daiteke, baina ez kolapsoaz».

Osasunbidean, Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko, Tuterako Reina Sofia ospitaleko eta Lizarrako García Orcoyen (HGO) ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan asistentzia-presioa asko handitzen ari da, batez ere jaiegunen ondorengo egunetan.

Lakuako Osasun Sailak covid-19a zein gripea hartzea ekiditeko neurriak hartzeko eskatu du. Gomendatu dute «maskara erabiltzea arnas-sintomak daudenean, norbera eta ingurukoak babesteko». Era berean, «leku jendetsuetan distantzia fisikoa mantentzea, eskuen higienea indartzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul egitean eta doministiku egitean, eta espazioak aireztatzea» iradoki dute.

Triaje sistema berria

Nafarroako Osasun Sailak ere higiene neurriak hartzeko gomendioa zabaldu du. Halaber, triaje sistema berria jarri dute abian, arnas sintoma arinak dituztenen arreta bizkortze aldera.

18 eta 40 urte bitarteko pazienteak, arnas sintoma arinak dituztenak, arrisku-faktorerik edo alarma-daturik ez dutenak, triajean lehentasun txikia dutenak eta beren ekimenez larrialdi zerbitzura jo dutenak ospitalez kanpoko larrialdi-zentroetara bideratuko dituzte.

Pazienteek uko egin ahal izango diote beste zentro batera joateari eta ospitaleko larrialdietan artatuak izan arte itxaron ahal izango dute, arreta-ordena beti lehentasun klinikoaren araberakoa dela kontuan hartuta, eta ez iristearen araberako ordenakoa.