Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Mundu berrien izpiak sarraila zaharren atzetik

Astebete falta da Sarek eta Etxeratek deitutako manifestazioak beste urte batez Bilbo har dezan. Atari horretan, giltza bana eskuan hartu eta abestu diote zortzi bertsolarik ziegak husteko nahiari, mundu berriak hasteko beharrari. 700 pertsona bildu ditu Oiartzungo ‘Etxera’ bertso jaialdiak.

Martin eta Iturriaga kantuan, Oiartzungo bertso jaialdian.
Martin eta Iturriaga kantuan, Oiartzungo bertso jaialdian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sarraila zahar bat giltza berriekin irekitzeko ahaleginean aritu dira, urtero, zortzina bertsolari Sarek, Etxeratek eta Oiartzungo Udalak euskal presoen eskubideak kantuz defendatzeko antolatzen duten bertso-saioan. Eginahal horretan aritu dira igande honetan ere, Madalensoro pilotalekuan, Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Aner Peritz, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Pilotalekuan bildu diren 700 lagunek astindu dute aldiro konponbiderako giltza-sorta, datorren larunbateko manifestazioa bisaian.

Ziegetara begiratu dute lehen agurrean bertsolariek. «Berriro ere elkartu gaitu/ betiko gai berak/ beteta daude ziegak/ nahiz ta egin den bide bat/ denak ekarri behar ditugu/ oraindik etxerat», hasi da Iturriaga. Eta Alaia Martinek ‘Etxera’ bertso jaialdiak eta gisakoak egiteak dakarten keinu txikiei egin die aipamena: «Senideentzako ez da/ aski izango beharbada/ baina arintzen du karga/ asko egin ezin denean/ zerbait egin behar da».

Eta ohepera azpiratu du begirada Aner Peritzek, han ageri diren «dinosaurioez» ohartarazteko, Euskal Herriak «ia ohituratzat» dituen «zigor eta mendeku politikak» gorpuzten dituztenak handik libratzeko desioz, ohe azpirak ez baitira, inola ere, «dinosaurioen habitat».

«Guk eraikitzen segiko dugu/ hala behar delakoan/ mundu berri bat geure baitan ta/ mundu berri bat kanpoan»

Ekitaldian falta zirenei agurrak banatu ostetik hasi da Amaia Agirre gaiak partitzen, eta altxarazi ditu Uria eta Lujanbio. Bazkaltzeko adorerik gabe, gelan itxi da Maialenen gizona, Joneren aita. Hainbeste etxeetan gertatu bezala, baldintzapeko askatasuna usaintzera eman eta muturrekoa eman dio Espainiako Auzitegi Nagusiak: hirugarren gradutik bigarrenera itzuli eta, beraz, etxetik atzera ere kartzelara bueltatuko dute. Galdezka hasi zaio Uria amari: «Orain zergatik giltzapetzen du/ aitatxok bere burua?» «Oraindik ez da gurekin ohitu/ ta alde batera, normala/ sentituko du aklimatatzen/ oso pixkana doala/ zuk badakizu gidoilaria/ hemen Espainia dala/ ta bukaerak luzatzen ditu/ filme txarretan bezala», erantzun dio Lujanbiok. Hamalau urteko haurrari tristurarik ezin kendu, ordea. «Hirugarrengo gradutik bira/ eta berriz giltzapera/ eta geu ere pasako gara/ hirutik bi izatera», kantatu du Jone Uriak.

Bizikletaz, Reautik etxera

Kristina Rodriguez, Ainhoa Ozaeta preso andoaindarraren lehengusua, igo da oholtzara. Hamasei urte dira Ozaeta atxilo eraman zutenetik, kontatu duenez, eta ordutik Estatu frantseseko ziegetan izan dute preso, beti «etxetik urrun», emakumeentzako espetxerik ez baitago Euskal Herritik gertu, ezta «gizonentzat pentsatuta dauden espetxeetan» andrazkoentzako moduluak jartzeko asmorik ere ez. Gaur, Reauko espetxean dago, etxetik 846 kilometrora. Sakabanaketa politika salatzen duen ‘846 km’ dokumentalari egin dio aipamena. Ikus-entzunezko hau grabatzeko, zazpi gaztek bizikletaz egin zuten Reau eta Donostiako Martutene espetxearen arteko bidea. «Pozgarria izan zen gazteak horretan ikustea», aitortu du Rodriguezek.

Amua jarrita, gai-jartzaileak agindu ditu paperak: Iturriaga gazte horietako bat da, bidaia luzetik iritsi berritan. Eta Alaia Martinek Kristina Rodriguezen azaletik egin du bertsotan. Eskertuta hartu du 846 kilometro bizkarrean dakarren txirrindularia. «Hementxe egon gara/ noiz iritsiko zain/ nahiz han jarraitzen duen/ gorrotoa ordain/ pixka bat gertuago/ sentitzen dut orain». Iturriagak, aldiz, meritua «hemen geratzea» dela erantzun dio, eta «katea eten ezean/ gurpila badabil», egin dio promes. Eta grina horrekin erantzun dio Martinek ere: «Gaur besarkada duzu/ zure garaikurra/ guk jarraituko dugu/ luzatzen muturra/ ta ea noiz amaitzen den/ Frantziako Tourra».

Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan 700 lagun bildu da zortzikoa entzutera. (Gorka RUBIO/FOKU)
Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan 700 lagun bildu da zortzikoa entzutera. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eskelak eta pailazoak

«Egunkariko eskelak/ nire kutixia/ nire lagunetan nork/ galdu dun bizia/ baina gaur a ze pena/ ze injustizia/ zure laguntxoetaz/ baita notizia». Hala kantatu dio Andoni Egañak Unai Iturriaga bilobari, egunkaria irakurtzen ari zela jakin duenean Pirritxo, Porrotx eta Marimotots epaituko dituztela Sareren ekitaldi batekin bat egiteagatik. «PPko zinegotzi/ kutre pagafanta/ graziarik ez daukat/ pailazo galanta», egin du protesta Iturriagak, salaketa aurkeztu zuen Carlos Garcia Durangoko zinegotziarekin amorratuta.

Baina aitonak, zakur zaharra legez, badu erremediorik «Durangoko tipoa» bezalako «pieza» direnentzat: «Patata tortilarik/ holakoi ez egin/ ta bai dutxara sartu/ ur hotz hotzarekin».

Hendaia, 70-80

Hendaia, 1970eko hamarkadaren bukaeratik 80koaren amaierako aldira. Han izan zen, ihesean, Donibane Azkarateren aita, Agustin. Aurretik, egina zuen urtebete kartzelan. Eta, gero, Habanan emango zituen urte mordoxka bat. Donibane Azkaratek Amets Arzallusi galdegin dio aulkitik altxatzeko, berak ere Agustin Azkaratek ezagutu zuen Lapurdi hura bizi izan zuelako, orduko borrokarako garra. Aitaren enkarguz, ondoko galdera luzatu dio: «Zer moduz daude gure etxeko giltzak?»

Agustineri zuzendu zaio Arzallus kantuz, ohartarazteko aldatu direnez denborak, mudatu direla baita giltzak, sarrailak eta borrokak. «Pasa zenun bai borroka zahar/ ta luze baten garaia/ zuk badakizu beste aro bat da/ orain bakea da gaia/ berriz pentsatu beharko dugu/ borrokaren esanahia». Eta aipatu ditu, baita ere, aldatzen ez diren kontuak. «Geronek ere geure burua/ sarritan dugu amildu/ horrexegatik nonbait ez gara/ ortzi-mugara hurbildu/ beti gatazkan bizi izan gara/ hor GKS hor Bildu/ baina borrokan sinisten dut nik/ nahiz orain garaiak zaildu/ ta beste zerbait esango nuke/ baina hobe dut isildu».

Saioa borobiltzera iritsi dira bukaerako agurrak, asmatzen duten dardoen gisan. Hala uste ez bada ere, gureak ere badiren ardurak plazaratu ditu Arzallusek: «Agur Oiartzun oroitzen gara/ presoz, haurrez, aitaz, amaz/ ta zoritxarrez gure mundua/ hornitua dago dramaz/ nahiz ta askotan aipatzen diren/ Israel edota Hamas/ ez al da hemendik untzirik irten/ sotoak beterik armaz?/ Hemengo hamaika enpresa dabil/ hango gerretatik janaz/ ta gero guri bortizkeria/ kondenatzeko esanaz»

Mundu berriak sortzeari abestu dio Julio Sotok. «Azken presoa ez da izango/ libre berehalakoan/ baina gutxio falta da eta/ hargatik poz hau gaurkoan/ muxu bat eta urte berri on/ maitasun goxo askoan/ guk eraikitzen segiko dugu/ hala behar delakoan/ mundu berri bat geure baitan ta/ mundu berri bat kanpoan». Eta mundu zaharrak akabatzeko nahiari Lujanbiok. «Zaharrik bukatzen ez/ ta berriak hasten/ justizian pobre ez zen/ gerran aberasten/ eskerrak ez dituzten/ presoak ahazten/ batzuk astero dabiltz/ kristala arnasten/ aldizka elkartasun/ egintzak ardazten/ ta urtero saio hau/ desagerrarazten».