NAIZ

150 palestinar hil dituzte azken orduetan, tartean osasun langileak eta kazetari bat

Azken 24 orduetan 150 pertsona hil dituzte israeldarrek Gazako Zerrendan, eta beste 240 zauritu dituzte, asteazken honetan Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Gutxienez 23.200 palestinar hil dituzte israeldarrek joan den urriaren 7tik. 

Soldadu israeldarrak, Gazako suntsiketaren erdian.
Soldadu israeldarrak, Gazako suntsiketaren erdian. (Jack GUEZ | AFP)

Asteazken honetan Gazako Zerrendako agintariek emandako datuen arabera, gutxienez 23.200 palestinar hil dituzte israeldarrek joan den urriaren 7tik. Horiei Zisjordanian eta Jerusalen Ekialdean hil dituzten 325 pertsonak gehitu behar zaizkie. Zurituak, berriz, 59.410 dira, Osasun arloko bozeramaileak zehaztu duenez.

150 palestinarrei ostu diete bizia azken orduetan. Horien artean daude anbulantzia bateko lau langile eta kazetari bat.

Ilargi Gorri Erdia Gazako mediku antolakundeak asteazken honetan jakinarazi duenez, bertako lau langile hil dituzte israeldarrek Gazako Zerrendako iparraldeko eraso batean. Elkartearen anbulantzia baten aurka jo dute, ibilgailua Deir al Balá hirira sartzen ari zelarik.

Israeldarrek bonbapean akabatu dituzte kazetari bat eta haren alaba, Gazako Zerrendaren erdialdean eta hegoaldean egindako lurrez zein airez egindako erasoetan.

Israelgo hegazkinek Heba al Abadla kazetariaren eta haren alabaren etxea eraso dute, Jan Yunis hirian,  ‘Filastín’ hedabide palestinarrak Telegrameko bere katean kontatu duenez.

Errefuxiatuen kanpamenduan eta egoitza batean

Al Maghaziko errefuxiatuen kanpamenduko lau pertsona ere hil dituzte bonbardaketetan, Gazako Zerrendaren erdialdean, iturri berek baieztatu dutenez.

WAFA albiste agentzia palestinarrak, osasun iturriak aipatuz, 15 palestinarren heriotza konfirmatu du, israeldarrek Rafá hiriaren mendebaldean dagoen egoitza bat eraso ondotik, Zerrendaren hegoaldean.

79 kazetari hil dituzte

Bestalde, Mugarik Gabeko Kazetariek jakinarazi dutenez, Nazioarteko Auzitegi Penalak erreportarien heriotzak ere sartu ditu Gazako Zerrendan egon litezkeen gerra krimenen ikerketan.

Hala ziurtatu du TPIko fiskal orokorraren bulegoak Mugarik Gabeko Kazetariei igorritako agiri batean. Bertan azaltzen du Fiskaltza kazetarien kontrako krimenak aztertzen ari dela, beste balizko krimen batzuen artean, Palestinako egoerari buruz martxan duten ikerketaren barnean».

Fiskal orokorraren bulegoak gobernuz kanpoko erakunde hau babestu du «bere helburu eta ekintzetan», Gazan bezala munduko beste lekuetan, eta oroitu du Nazioarteko Giza Eskubideek eta Erromako Estatutuak babesten dutela kazetarien lana. Hortaz, «ezin dute erasotuak izan egoera bakar batean ere».

Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, gutxienez 79 kazetari hil dituzte Gazako Zerrendan iragan urriaren 7tik.