Elhuyarren 2023ko zientzia aukeraketa
Elhuyarrek bere zientzia-arloko hedabideek urtean zehar zabaldu dituzten albiste esanguratsuenen zerrenda egin du, nazioarteko zein gertuko ikuspegiarekin. Hamar gai nagusi aukeratu dituzte eta, bakoitzak erreportaje luze baterako emango lukeen arren, hemen laburpen bat egiten saiatuko gara.
Zerrenda hauekin gertatzen den moduan, ziur asko ez dira egongo behar luketen guztiak, baina dauden guztiek merezi dute hemen agertzea.
1. Ingurumena
Zientziaren eta zientzialarien gaur egungo kezka nagusietako bat da ingurumena, nagusiena ez bada, eta planetaren osasun egoeraren inguruan hainbat ikerketa esanguratsu argitaratu ziren 2023an. Elhuyarren aukeraketan irailean "Science" aldizkarian argitaratu zena nabarmendu dute, nazioarteko zientzialari-talde zabal batek egina, non zehazten den 2009an Stockholm Resilience Centre-eko ikertzaileek definitu zituzten bederatzi mugetatik sei jada gaindituta ditugula eta beste bi gainditzeko bidean gaudela.
«Muga planetario» izenez ezagutzen diren neurgai horiek gizakiaren ongizatearentzat ezinbestekoak diren bederatzi prozesu edo sistema dira: biosferaren osotasuna, klima-aldaketa, lurraren erabilerak, ur geza, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloak, ingurumen-kutsatzaileak, ozeanoen azidotzea, atmosferako aerosolak eta ozono estratosferikoa. 2009an muga horiek lehen aldiz zerrendatu zirenean, jada lau gaindituta genituela ikusi zuten: klima-aldaketarena, biosferaren osotasunarena, lurzoruen erabilerarena eta fosforoaren eta nitrogenoaren zikloena. Gainerakoak neurtzeko ez zuten nahikoa informaziorik orduan, baina 2022an egindako ikerketa batek ingurumen-kutsatzaileen muga ere gaindituta zegoela erakutsi zuen.
2023an egindako azken berrikuspenak, atal desberdinetako 2.000 ikerketa baino gehiagotan oinarrituta, erakutsi du ur gezarena ere gaindituta dagoela. Gainera, ikertzaileek ohartarazi dute zazpigarren bat, ozeanoen azidotzearena, gainditzeko zorian dagoela; eta, atmosferako aerosolen pilaketa ere, globalki muga seguruen barruan dagoen arren, leku askotan muga horren oso gainetik dagoela. «Ez da erraza muga zehatz batzuk ezartzea, ezta eskala globalean egoera zein den neurtzeko informazio guztia eskuratzea ere; horregatik, 8-9 urte behar izan ditugu», aipatzen zuten nazioarteko ikerketan parte hartu duten Noelia Zafra Calvo eta David Nogues Bravo ikertzaileek Elhuyar aldizkarian.
2. Adimen artifiziala
Teknologia arloan, adimen artifiziala izan da 2023an zeresan gehien eman duen baliabidea, eta Elhuyarrek Ana Galarraga Aiestaranek Bernhard Schölkopf ikertzaileari eginiko elkarrizketa sartu du bere aukeraketan. Schölkopf Sistema Adimendunen Max Planck Institutuko zuzendarietako bat da (zehazki, Inferentzia Esperimentalen Sailaren burua), eta bere ikerketek oihartzun eta aitortza handia jaso dute; tartean, 2020ko BBVA “Ezagutzaren mugak” sarietako bat jaso zuen, kernel metodoen garapenagatik.
Elkarrizketan, Kernel metodoa zer den -«behaketetatik zenbait arau, mendekotasun edo erlazio ikasteko metodoak dira, eta bereziak dira, matematiken zenbait esparrurekin konektatuta daudelako: analisi funtzionala, optimizazio-teoria…»- eta exoplaneten aurkikuntzan izan duen garrantzia -izarraren argitasun-galera behaketak sortzen duen zarata eta teleskopioaren akatsetatik desberdintzeko beste izar batzuen datuetan oinarritzea- aipatzen ditu Schölkopf-ek, baina adimen artifizialaren etorkizunaz ere gogoeta egiten du.
Bere ustez, «adimen artifizialeko sistemen onurak ahalik eta eskuragarrienak izan daitezen, ikerketa argitaratzea da lehen urratsa». «Ez soilik metodoak deskribatzea aldizkari zientifiko batean; kodea ere argitaratu behar da. Are gehiago, baita kode hori entrenatzeko erabili diren datuak ere», dio, zenbait datu publiko egiteko egon daitezkeen zailtasunen jakitun, medikoak edo segurtasunarekin zer ikusia dutenak adibidez.
Eta filosofia ikasketak egin izanak eman dion ikuspegi zabalago batetik, beste ikerketa arlo batzuk integratzearen garrantzia nabarmentzen du. «Guk argitu nahi ditugun galderak ez dira soilik teknikoak; hau da, nola detektatuko dugu munduaren egitura? Zergatik ematen du mundua legeen mende dagoela, eta ez zoriaren mende? Nire iritziz, horrelako galderak, sakonean, filosofikoak dira, eta ikuspegi horretatik ulertu behar ditugu».
3. Gazteen osasun mentala
Azken urtean, eta agian pandemiaren eraginak bultzatuta, badirudi gehiago hitz egiten dela osasun mentalaz eta bere garrantziaz. Elhuyarrek ere ekarri du gaia bere euskarri desberdinetara, bi argitalpenetan fokua ipiniz. Batetik, OPIK ikerketa-taldeak egindako antsiolitikoen eta hipno-lasaigarrien kontsumoaren azterketa 14-18 urteko nerabe eta gazteetan; bestetik, Javier Padilla Bernaldez medikuak eta Marta Carmona Osorio psikiatrak, "Malestamos" liburuan egindako gizartearen ondoezaren analisia.
OPIK taldearen ikerketak, 38.000 ikasleren datuetan oinarrituz, ondorio argi batzuk utzi ditu: emakumezkoek gizonezkoek baino antsiolitiko edo hipno-lasaigarri gehiago kontsumitzen dituzte, adin-tarte guztietan. «Ezer nabarmentzekotan, azpimarratzekoa da emakumezkoen kontsumoa handiagoa dela kategoria guztietan eta aldagai guztiak aintzat hartuta. Genero-arrakala begi bistakoa da», baieztatu du argi eta garbi Xabi Martinez Mendia ikertzaileak.
Gazteen arteko kontsumoaren goranzko joera edo klase sozialen arteko desberdintasunak ere erakutsi ditu ikerketak. «Gazteen biografiak ez dira indibidualak; kolektiboak dira. Eta hor eragiten duten baldintzatzaileek kontsultara sartu behar dute», aldarrikatu du.
Aipatutako "Malestamos" liburuan egoeraren marrazki orokorrago bat egiten da, eta hor ikusten da gazteen arazoak jendarteko arazoen isla direla. «Ondoeza aro honen sentimendua da. Beste garai batzuetan bestelako pairamenak agertu izan diren bezala, aldi hau ondoezarena da», dio Marta Carmona Osorio psikiatrak. «Halako aroak ez dira inoiz amaitu osasun-arloko esku-hartzeekin, baizik eta aldaketa sozialekin. Eta egungo sentimendu hau ere aldaketa sozialen eraginez desegingo da, ez osasun-sistemaren bitartez», gehitu du.
4. Ilargirako misioak
Ez da ohiko komunikabideetan gehiegi agertzen den gaia, baina 2023an ilargiaren inguruko informazio berria jakin dugu, eta hori beti da albiste. Zehazki, Indiako Chandrayaan-3 misioak bi aste eman zituen ilargiaren hego poloa aztertzen, eta emaitza aipagarriak lortu zituen.
Vikram moduluak ilargiaren ionosferaren tenperatura eta dentsitatea neurtu zituen lehen aldiz. Hala, ikusi zuten plasmaren dentsitatea, gutxi gorabehera, metro kubikoko 5-30 milioi elektroikoa dela, eta aldatu egiten dela egunak aurrera egin ahala (Lurreko antzeko geruzaren dentsitatea milioi batekoa da). Inoiz kolonia bat ezartzen bada bertan, horrek eragina izan dezake komunikazioan eta nabigazio-sistemetan.
Bestalde, zoruaren tenperatura ere neurtu zuten 8 zentimetroko sakoneran, eta azalekoa baino 60 gradu txikiagoa dela baieztatu zuten. Gainera, azaleko tenperatura 2009an NASAk neurtutakoa baino dezente epelagoa da: -10 ºC baino gehiago, neurtu duten sakonera guztietan. Ikertzaileen esanetan, tenperatura horiek altuegiak dira, izotza egonkorra izan dadin. Izan ere, hutsean, izotza oso tenperatura baxuan bihurtzen da gas (-160 ºC). Ilargikara edo seismo txikiren bat ere neurtu zuten, eta sufrea, aluminioa, silizioa, kaltzioa eta burdina aurkitu dituzte. Nabarmentzekoa da ez zutela sufrea aurkitzerik espero, oso lurrunkorra baita.
5. Kutsaduraren eragina
Lehen puntuarekin (ingurumena) harreman zuzenean, kutsadurak arazo oso larria izaten jarraitzen du gizakientzat, eta Elhuyarrek gai horrekin zerikusia duten bi albiste nabarmendu nahi izan ditu bere urteko zerrendan.
Alde batetik, plastifikatzaileen arazoa legoke. EFSA Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den agentziak bisfenol-A delakoaren eraginari buruzko azken ikerketak aztertu zituen (800 ikerketa baino gehiago, 2013tik), eta ondorioztatu zuen osasunari kalte egiteko arriskua duela. Bisfenol-A plastikoetan eta erretxinetan erabiltzen da, elikagaien eta edarien ontzietan adibidez, eta materialetatik janarira edo edarira joan daiteke, kantitate txikietan bada ere. Ikerketetan frogatu dute Bisfenol-Ak T linfozito laguntzailearen maila igoarazten duela arean, eta horrek hantura alergikoa eragin dezakeela biriketan, eta asaldura autoimmuneak. Horrez gain, garapenean, ugalketan eta metabolismoan ere eragin dezake.
Horrekin batera, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) jakinarazi zuen edari azukredunek urak baino 100 aldiz substantzia plastifikatzaile gehiago dituztela, tartean 2-etilhexildifenil fosfatoa. Organofosfatoak iraunkortasuna eta malgutasuna emateko gehitzen zaizkie plastikoei. Organismo bizidunetan, ordea, arazo neurologikoak, hormonalak, ugalkortasunekoak eta minbizia eragin ditzakete. CISCek frogatu du aztertu dituzten edarien % 95ek baino gehiagok zutela organofosfatoren bat.
Bestetik, pestiziden erabilera ere oso kezkagarria da. Izan ere, Brasilen pestiziden erabilera handitzearekin batera haurren leuzemia kasuek gora egin dutela erakutsi du PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Azken hamarkadetan, Brasil munduko soja-ekoizle nagusia bihurtu da, eta, horrekin batera, baita pestizida arriskutsu gehien erabiltzen dituena ere. Ikerketa honetan 15 urtetako datuak aztertu dituzte: osasun-datuak, lurzoruaren erabilerarenak, azaleko uren egoerarena eta datu demografikoak. Ikusi dute haurretan leuzemia-kasuak nabarmen handitu direla. Eta kalkulatu dute 2008 eta 2019 artean leuzemiaz hil ziren 10 urtetik beherako haurren %50 inguru pestiziden eraginarekin lotuta egon litezkeela.
6. Euskal Herriko neandertalak
2023ak Euskal Herriko neandertalei buruzko ezusteko informazioa ere utzi digu. Otsailean jakin genuen, adibidez, Lezetxiki kobazuloko (Arrasate) giza aztarnak neandertal gazteenen artean daudela, 32.000-57.000 urte dituztela, alegia. Diego Lopez Onaindia Bordeleko Unibertsitateko ikertzaileak zuzendutako azterketaren emaitza da, "American Journal of Biological Anthropology" aldizkarian argitaratua.
Lezetxikin Jose Migel Barandiaranek egindako lehen indusketetan aurkitu ziren bi hagin gaur egungo teknikekin aztertzeko aukera izan du Lopezek, zuzenketa garrantzitsu batzuk eginez. 4. premolartzat zutena 3. premolarra dela egiaztatu du, eta Paleolitoko gizaki modernoenekin eta Neolitokoekin alderatuz berretsi dute Lezetxikikoak neandertalenak direla.
Era berean, Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkikuntza esanguratsua egin zuen San Adriango kobako indusketan, gizaki modernoa azaldu baino lehenagoko geruza batean: neandertalek egindako harrizko tresnak eta jandako faunaren hezurrak. Arrasto horietan oinarrituta, arkeologoek argi dute duela 40.000 urte, gutxienez, neandertalek koba erabili zutela.
«Izotz Aroaren barruan, izan ziren garai batzuk hotzagoak, eta beste batzuk epelagoak. Eta aurten, hasi bezain pronto, jo dugu geruza bat garai epelekoa: animalia txiki batzuen hezurrekin, hegaztiek utzitako harrapakinekin… Eta, tartean, batzuk, argi eta garbi, gizakiak harrapatutakoak», azaldu zuen Jesus Tapia Sagarna arkeologoak, kokalekuaren garrantzia azpimarratuz: pasabidea den koba bat eta mila metroko altueran dagoena.
7. Piriniotako glaziarrak
Ez da errealitate ezezaguna, ez da arazo berria, baina glaziarren desagerpena bizi dugun larrialdi klimatikoaren adierazle bisualenetako bat da. Monte Perdido glaziarrak, adibidez, %12,9ko azalera galdu du 2011 eta 2020 artean. Zientzialariek egindako iragarpenen arabera, egungo klima-joerei eutsiz gero, eta ez dirudi aldatuko direnik, datozen 50 urteetan glaziarra desagertu egingo da.
Bada, BC3k gidatutako eta "Annals of Glaciology" aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du izotzean dauden ezpurutasunek mikroegitura birmoldatzen dutela, dinamika aldatuz eta degradazioa bizkortuz. Zenbat eta partikula gehiago egon, orduan eta izotz-ale txikiagoak eta irregularragoak (ez hain biribilduak) agertzen dira. Izotz polarrean aurrez egindako ikerketa ugarik adierazten dute egitura-aldaketa horrek glaziarraren barne-mugimendua errazten duela. Hortik ondorioztatu dute, Monte Perdidon ere, aldaketa mikroestruktural horiek glaziarraren fluxua bizkortu dezaketela eremu beroago eta baxuagoetara, eta horrek izotza azkarrago urtzea eragingo lukeela.
Gainera, ikertzaileak saiatu dira jakiten nondik datozen partikula horiek eta nola txertatzen diren glaziarraren egituran. Azterketaren arabera, Monte Perdido glaziarreko izotz-nukleoan dauden partikulak Saharako basamortutik datoz, haizeak ekarrita.
8. Alzheimerraren ikerketa
Alzheimerraren ikerketak ere utzi ditu albiste batzuk 2023an. "Alzheimer Research & Therapy" aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, adibidez, Alzheimerra izateko arriskuarekin lotzen den proteina baten (ApoE4) eta ariketa fisikoaren arteko erlazioa aztertu zuen, ondorioztatuz ariketa fisikoak eragin babeslea duela eta sintomen agerpena atzeratzen duela arrisku genetikoa duten pertsonetan.
Hori bakarrik ez, ikertutako faktore guztiak konbinatuta, ondorioztatu dute ariketa fisikoak pertsona guztietan duela eragin onuragarria, arriskua genetikoa izan zein ez. Iradoki dute litekeena dela mekanismo babeslea desberdina izatea batzuetan eta besteetan; nolanahi ere, haien ustez, ariketa fisikoa tratamenduan kontuan hartzea komeniko litzateke.
Azken batean, euskal jendartearen zahartze prozesuaren ondorioak dira. Eta ondorio horiek hobeto ulertzeko, Elhuyarrek bi adituren kolaborazioak ere berreskuratu ditu urte amaieran. Ainhoa Alberro Garitano eta David Otaegi Bichot neurozientzietako ikertzaileen "Adintzea ikertzen" eta Laura Basterretxea Badiola onkologo mediko eta ikertzaile klinikoaren "Hauskortasuna, erantzun kliniko egokia emateko funtsezko alderdia" dira. Biak irakur daitezke Elhuyar aldizkariaren webgunean.
9. Ordenagailu kuantikoa
IBMk bere seigarren ordenagailu kuantikoa Donostian jartzeko hartutako erabakiaren harira, Elhuyarrek luze eta zabal jorratu zuen fisika kuantikoak suposatzen duen iraultza bere Teknopolis saioan. 2025ean jarriko dute martxan super-ordenagailu kuantiko hori, eta erronka horri aurre egiteko, Basque Quantum proiektua sortu da. Javier Aizpurua Iriazabal da Basque Quantumeko zuzendari zientifikoa, eta berak deskribatu zituen ordenagailu kuantikoak irekiko dituen aukera berriak. «Oso erabilgarria izango da konputazio kuantikoa lantzeko, eragiketa kuantikoak egiteko gai izango gara. Horrez gain, ikerketa munduan eta hezkuntza munduan erreferentzia puntu bezala kokatuko gaitu», nabarmendu zuen Aizpuruak.
Saioan azaltzen zenez, ordenagailu kuantikoek ez dute pantailarik, disko gogorrik edo RAM memoriarik. Mikroprozesadorearen baliokidea supereroaletasunaren printzipioan oinarritutako gailu txiki bat da, gai dena bi egoera definitu dituzten atomo birtualak sortzeko, Qbit-ak. Atomoek iman txikiak bailiran funtzionatzen dute, ipar polo bat eta hego polo bat balute bezala, eta horiekin zirkuituak osatu daitezke, erlojuaren norabidean, kontrakoan edo, fisika kuantikoaren legeak erabiliz, biak batera gainjarrita. Prozesadore honetan sortzen dira gainjartze horiek. Baina fisika kuantikoa oso sentikorra da, prozesuek oso isolatuta egon behar dute, interakzio bat sortzen denean gainjartze horiek desagertu egiten direlako. Baldintza horiek lortzen ari dira zientzialariak, baina oraindik akatsak egoten dira.
«Ordenagailu kuantikoak aukera ematen dizu denbora berean gertatzen ari diren milaka prozesu horiek denak batera neurtzeko, eta ez sekuentzialki orain arte ordenagailu klasikoek egiten zuten moduan», dio Aizpuruak. «Mekanika kuantikoa orain mende batekoa da, baina orain lortu dena da estatu kuantiko horiek manipulatzea, erabilgarri bilakatzea. Mekanika kuantikoaren bigarren iraultzan gaudela esan liteke. Estatu kuantikoekin gauza teknologikoak egiten ari gara».
Hala ere, teknologia oso konplexuaz ari gara. «Ordenagailu kuantikoa oso ordenagailu berezia da. Elementu supereroalez egina dago, garestia da, oso teknikoa, ez da erraza horrelako bat eraikitzea. Horrelako bat hona ekartzeak ekimen eta errekurtso asko batera jartzea eskatzen du». Hotza behar du adibidez: «-273 gradutan egon behar du ordenagailu horrek. Hotz kriogenikoa behar du. Eta isolamendua behar du. Zirkuitu kuantikoak oso sentikorrak dira. Edozein zarata edo mugimenduk berehala apurtzen ditu estatu kuantikoak».
Arazo horien konponketa izango da ikerketa-lerroetako bat datozen urteetan, baina baita sentsoreekin, baliabideen optimizazioarekin eta komunikazio munduarekin zerikusia duten beste asko ere.
10. Pandemiaren bukaera
OMEk bertan behera utzi zuen Covid-19aren osasun publikoko nazioarteko larrialdi-egoera, baina zientzialariek oraindik ikertzen jarraitzen dute, eta egindako ikerketen emaitzak argitaratzen. "Cell" aldizkarian, adibidez, Penn Unibertsitateko ikertzaileek zuzendutako Covid iraunkorraren sintomak dituzten pazienteekin egindako ikerketa bat argitaratu zuten, eta, haren arabera, litekeena da Covid iraunkorraren sintomek zerikusia izatea serotoninaren jaitsierarekin; hori azaltzeko mekanismoa ere proposatuz.
HoCovid iraunkorra zuten zenbait pazienteren gorozki-laginak aztertuta, ohartu ziren batzuek SARS-CoV-2 birusaren arrastoak zituztela. Hortik ondorioztatu zuten birusaren konposatuek hesteetan iraun zutela, eta ikusi zuten konposatu horiek immunitate-sistemaren erantzuna pizten zutela. Zehazki, haien aurkako proteina batzuk, interferoiak, sorrarazten zituzten.
Interferoiek hantura eragiten dute hesteetan, eta horrek triptofano aminoazidoa behar bezala xurgatzea eragozten du. Aminoazido hori hesteetan ekoizten diren zenbait neurotrasmisoreren osagaia da; tartean, serotoninarena. Eta serotoninak funtsezko zeregina du garuna eta gorputza konektatzen dituzten funtzio nagusi askotan: besteak beste, memoria, loa eta digestioa erregulatzen ditu.
Ikertzaileek uste dute serotonina-mailaren jaitsierak eragin ditzakeela Covid iraunkorraren ohiko sintoma batzuk: burua “lanbrotuta” eta kontzentratzeko arazoak izatea, memoria galtzea, nekea… Are gehiago: saguetan frogatu dute, serotonina-maila igota, memoria-arazoak hobetzen direla. Ikertzaileen esanean, horrek bidea irekitzen du serotonina-maila baxua duten pazienteekin tratamendua probatzeko.