NAIZ

Azpikontraten baldintzak homologa ditzala eskatu diote osasun garraioko langileek Lakuari

Osasun garraioko langileek  Bilboko kaleak hartu dituzte ostiral honetan, bosgarren greba egunean. Lakuari eskatu diote azpikontratatutako langileen soldata zein lan baldintzak oro har berdindu ditzala Osakidetzak zuzenean kontratatu dituen langileekin, «funtzio berberak betetzen baitituzte».

Bilbon egindako manifestazioaren argazkia.
Bilbon egindako manifestazioaren argazkia. (@LABsindikatua)

Osasun garraioko langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Bilbon, Osasun Sailaren
eraikinaren aurrean, urtarrileko bosgarren greba egunean. Ondoren, bertatik abiatu dute manifestazioa EAEko Gobernuaren egoitzaraino.

Erakundeei zera eskatu diete: azpikontratatutako langileen soldata zein lan baldintzak oro har berdindu ditzala Osakidetzak zuzenean kontratatu dituen langileekin, funtzio berberak betetzen baitituzte.

ELAk komunikabideei bidalitako ohar batean azaldu duenez, «langile horiek, ordea, orain bi urtez geroztik dute blokeatuta hitzarmena, eta %20ko erosahalmen galera izan dute jada».

«Negoziazioa blokeatuta dago, zerbitzu horietarako eskainitako aurrekontua beste lehiaketa batzuetan baino handiagoa izanagatik ere. Bestalde, Osasun Sailak ez die erantzun sindikatuen bilera proposamenei, eta patronala negoziazio bilerarik deitu gabe jarraitzen du», gaineratu du.

Egoera horren aurrean, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioekin jarraituko dute, baita urtarrilaren 21 arte iraungo duen greba deialdiarekin ere.

Hurrengo mobilizazioei dagokionez, astelehenean, urtarrilaren 15ean, elkarretaratzeak izango dira, goizeko 11.00etan, Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean eta Gasteizko Santiago Ospitalean.