Espainiar Estatuko bigarren eskuko etxebizitzaren batez besteko prezioa 2.203 euro/ m2 da, Fotocasa Higiezinen Indizeak egindako ‘Etxebizitza salgai 2023an’ txostenaren datuen arabera. Hala ere, hiru herri daude batez bestekoaren oso gainetik, metro karratuko 6.000 euroko muga gainditu baitute, historiako gehieneko preziora iritsiz. Horien artean, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren, Donostia eta Zarautz.
Hauen gainetik dagoen bakarra Eivissa da, non metro karratuak 6.403 euroko prezioa duen. Gipuzkoar hiribuak eta Zarautzek ere 6.000 euroko muga gainditu dute, historian lehen aldiz. Donostian metro karratua 6.120 eurora igo da eta Zarautzen, 6.029 eurora.
Fotocasak azken 10 urteetako gorakadan ere jarri du ikusmira. Donostiaren kasuan, 2014an batez besteko prezioa 4.161 euro/m² izan zen, eta 2023an 6.120 euro/m² da. Beraz, prezioa %47 igo da. Zarauzko udalerrian %25,5 garestitu da azken bederatzi urteetan.
Eivissaz, gain, Santa Eularia des Riu ere agertzen da zerrenda horretan, laugarren postuan, eta Fotocasak Herrialde Katalanetako irletako eta Gipuzkoako kasuen arteko alderaketa egin du. «Lau udalerrietako prezioaren garestitzea oso esanguratsua bada ere, gehien nabarmentzen dena Eivissako udalerrietan gertatzen dena da. Udalerri horiek uharteetako urrezko milia bihurtu dira, erosketa turistikoaren eskariaren presio handiagatik, batez ere atzerritarra, erosteko ahalmena bertakoa baino handiagoa baita, eta horrek lagundu du prezioak igotzen. Egoera horrek zaildu egiten du etxebizitza eskuratzea, artxipelagoak ia ez baitu etxebizitza sozial publikoaren stockik, eta horrek larriagotu egiten ditu etxebizitza eskuratzeko zailtasunak», azaldu du Maria Matos azterlanen zuzendari eta Fotocasako bozeramaileak.
«Euskal Herriko udalerrien egoera desberdina da, eskaria ez baita atzerritarra, nazionala baizik. Hiri horietan, etxebizitza eskaintza urria denez, eskaintzaren eta eskariaren legeak tentsioa eragiten du, eta prezioek gora egiten dute. Hala ere, eskaintza nahikoa ez izateak eragiten du prezioak maila altuetan mantentzea. Gainera, gaur egun, udalerri horietako prezioak 2006ko mailara itzultzen gaitu, higiezinen burbuilaren aurretik, etxebizitzaren kostua asko berotu zenean», adierazi du Fotocasako bozeramaileak.