NAIZ
Bilbo

Sare: «Guztion elkarlanarekin bide hau egitea errazago da»

Atzoko mobilizazio jendetsuaren balorazio azkarra egin du gaur goizean Sarek eta lanean jarraituko duela berretsi. «rdatz nagusien artean salbuespen legediarekin amaitzeko ekipenak lehenetsiko ditugu», adierazi du Bego Atxa bozeramaileak.

Aurten ere irudi ikusgarriak utzi zituen mobilizazioak.
Aurten ere irudi ikusgarriak utzi zituen mobilizazioak. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Atzoko mobilizazioaren ajearekin, balorazio azkarra egin du gaur goizean Sarek Bilbon. NAIZ-en estimazioaren arabera, 68.000 lagun bildu ziren bizkaitar hiriburuko kaleetan euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak eta Bego Atxak, Sareko bozeramaileak esker hitzak izan ditu «parte hartu zuten herritar guztientzako».

Oraindik atzokoa liseritzen ari badira ere, aurrera begira jarri da Atxa. «Lanean segiko dugu. Ardatz nagusien artean salbuespen legediarekin amaitzeko ekipenak lehenetsiko ditugu», nabarmendu du.

Zentzu horretan, «lehenbiziko lan» bezala kokatu du. Béatrice Molle-Haran eta Txext Etcheverryri elkartasuna eta babesa adierazteko dinamika aipatu du, ETAren armagabetze prozesuan armak garraiatzeagatik inputatu dituztela gogora ekarriz.

«Eragile politiko sozial eta kulturalak konponbiderako giltzen dinamikan barneratzea izango dugu helburu. Zenbat eta gehiago eta gero eta aniztasun gehiago lana errazagoa zaigu-eta», adierazi du Atxak.

Lan hori hiru helburu nagusirekin egingo dutela ere jakinarazi dute. «Salbuespen legedi eta politikoei amaiera eman eta alderdi politikoek euren agendetan ekimen hauek barneratzea; salbuespen legedi honen ondorioak pairatzen dituzten guztien egoerak hobetzeko pausoak emateak; eta biktimekiko konpromisoa indartzea».

«Guztion elkarlanarekin bide hau egitea errazago da», insistitu du Sareko bozeramaileak. «Gure jarrera bultzaka jarraitzea izan behar da, presoak, espetxe-politika arrunt baten arabera, aske gera daitezen lortu arte», defendatu dute Atxak eta Joseba Azkarragak.

Denis Itxasoren hitzak errefusatu dituzte

Presoentzako «pribilegiorik» eskatzen ez dutela azpimarratu ostean, "ad hoc" legedi baten amaiera eskatu du, «euskal gizarteak bizi dituen uneekin zerikusirik ez duena». Horren harira, Denis Itxaso espainiar Gobernuaren ordezkariak euskal presoei dagoeneko legedi arrunta aplikatzen zaiela esanez egindako adierazpenek zalantzan jarri dituzte, eta Azkarragak errefusatu egin ditu.

«Ondo baino hobeto daki aplikatzen dena ez dela legeria normalizatu bat, baizik eta José María Aznarrek 2005ean onartu zuena, hurbiltasuneko epaitegietatik eskumenak kentzeko. Hori ETArekin onartzen da, eta ez gaude egoera horretan», adierazi du, eta 40 urteko zigorrak eta frantziar Estatuko kartzeletan betetako zigorraren zatia ez zenbatzea baztertu du. «Ez da egia legedi arrunt normalizatu bat dagoenik. Salbuespen hutsa da eta berak badaki», adierazi du.