NAIZ

Osakidetzako plantilla estrukturala %11 handitzea eskatu du EH Bilduk, lanpostuak ez galtzeko

Arriskuan dauden lanpostuak ez galtzeko, EH Bilduk Osakidetzako plantilla estrukturala %11 handitzea proposatu du, Gasteizko Parlamentuan aurkeztutako legez besteko proposamen baten bidez. Bestalde, Osakidetza Europako Batasunetik kanpoko osasun langileak kontratazen hasi da.

Gurutzetako Ospitalea, artxiboko irudi batean.
Gurutzetako Ospitalea, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean Osakidetzako plantilla estrukturala indartzeko. Zehaztu, %11 handitzea proposatu du, 2025. urtea amaitu bitartean desagertzeko arriskuan dauden 3.600 lanpostuak erregularizatzea, alegia.

Rebeka Ubera parlamentariak azaldu duenez, «egun 31.011 lanpostuk osatzen dute Osakidetzako plantilla estrukturala, baina horiez gain beste 10.000 langile inguru aritzen dira egunerokoan, behin-behinekoak direnak, guztiek plantilla funtzionala, erreala, osatzen dutenak. Arazoa da behin-behineko lanpostu horietatik 119 desagertu egin zirela iraila eta azaroa bitartean eta, guztira, 3.600 galduko dira 2025. urtea amaitu bitartean, legearen arabera behin-behineko kontratu horiek ezin direlako etengabean luzatu», ohartarazi du.

Egoeraren konponbidea «argi» dagoela ziurtatu du: «Osakidetzak bere plantilla estrukturalean txertatu eta erregularitzatzea, eta horixe da, hain justu, eskatzen duguna».

Gainera, EH Bilduko legebiltzarkideak Pertsonal arloko politikaren garrantzia azpimarratu du, «guztiz markatzen duelako Osakidetzako egunerokoa, eta ondorio zuzenak dituelako pazienteei emandako arretaren kalitatean». Arreta egokia bermatzeko, erantsi du, «ezinbestekoa da plantilla sendo eta egonkor bat izatea, plantilla estrukturala handitzeea, azken batean, eta bada garaia, norabide horretan plantilla esktrukturala eta funtzionala berdintzeko urratsak emateko, kontratazio politika garden eta egonkor batekin behin-behinekotasuna amaitzeko».

Europar Batasunetik kanpoko langileak

Osakidetza, bestalde, aldi baterako kontratazio zerrendetan Estatu espainoleko edo Europako profesionalik ez egoteagatik hutsik geratu diren lanpostuak betetzeko Europako Batasunetik kanpoko nazionalitatea duten medikuak eta erizaintzako langileak kontratatzen hasi da. Profesional medikuen eskasiari aurre egin nahi dio horrela.

Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, dagoeneko ehun bat inskribatu dira kontratazio zerrendetan, eta horietatik 20k Estatu espainolean homologatutako titulazioa izateko nahitaezko baldintza betetzen dute. Zehazki, Familia Medikuntza, Etxeko Ospitalizazioan, Kirurgia Orokorra eta Digestio Aparatuan, Erradiodiagnostikoan, Erreumatologian eta Urologian espezializatutako sei profesional hasi dira lanean.

Lakuak adierazi duenez, lanpostu hutsen eta fakultatukoen lehentasunen arabera formalizatzen dira kontratuak, eta Osakidetzan aldi baterako kontratazio zerrenden bidez sartzen diren Europar Batasuneko profesionalen baldintza berberetan.

Titulazio homologatua duten Europako Batasunetik kanpoko medikuak kontratazeko aukera EAEko Osasun Publikoaren Legea onartu zenean ireki zen. Arau horretan, Osakidetzan mediku gisa lan egin ahal izateko nazionalitatearen betekizunetik salbuesteko aukera sartu zen.