NAIZ

Trans eskubideen aldeko ekintzaile Samantha Fonseca tiroz hil dute Mexiko Hirian

Mexiko Hiriko espetxe batetik ateratzen ari zela, tiroz hil dute Samantha Fonseca ekintzaile transexuala, 37 urte zituela. Morena alderdiko hautagai ere izan zenak presoen birgizarteratzeko programetan parte hartzen zuen sarri.

Samantha Fonseca, bere sare sozialetan argitaratutako argazki batean.
Samantha Fonseca, bere sare sozialetan argitaratutako argazki batean. (@samyfonck)

Samantha Fonseca 37 urteko ekintzaile transexual mexikarra igandean hil zuten Mexiko Hiriko hegoaldean, Reclusorio Preventivo Varonil Sur espetxetik irtetean. Egun Gobernuan dagoen Morena alderdiaren Senaturako hautagaia ere izan zen Fonseca. 2024. urteko lehen bi asteotan Mexikon hiltzen duten laugarren emakume trans-a da Fonseca.

Suzko armaz zauritutako pertsona baten inguruko abisua jaso zuen Poliziak, eta bertaratu zirenean, Samantha Fonseca tirokatu zutela baieztatu zuten. Bertaratutako osasun-langileek haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin.

Mexikoko hiriburuko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertatutakoaren inguruan, Transfemizidio Delitua Ikertzeko Unitatearen bitartez.

Fonseca zenbait kargu publikoren «aholkularia» zen eta modu aktiboan parte hartzen zuen presoen birgizarteratze prozesuan. Lan horren baitan, sarri joaten zen espetxera tailerrak ematera, eta lehiaketak eta ekitaldiak egiten zituen presoei laguntzeko.

Fonsecaren hilketa salatzeko, elkarretaratzea egin dute Mexikoko Jauregi Nazionalaren –Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen egoitza ofiziala– aurrean. Protestan parte hartu duten gehienak trans izan dira eta ‘Bizitza trans-ak garrantzitsuak dira’ edo ‘Mexiko transfobikoa’ gisako leloak margotu dituzte jauregiaren hormetan.