Huelvako Carolina Marin kirol jauregian jokatuko da Emakumeen Saskibaloi Kopa martxoaren 21etik 24ra bitartean eta bertan Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren euskal taldeak ariko dira, Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia zortzi onenen artean amaitzea lortu dutelako.
Asteazken honetan Huelvako udalbatza-aretoan zozkatu dira lehiaketa honetako final-laurdenetako kanporaketak eta espero bezala, lan zail askoak egokitu zaizkie euskal talde biei. IDK Euskotren izango da kantxara ateratzen lehena, txapelketako aurreneko dema jokatzea egokitu baitzaio Valentzia Basket, Kopa irabazteko faborito nagusienaren aurka, ostegunean 18.00etan. Bestalde, ostiralean, 18.00etan baita ere, Salamancako Perfumerias Avenida taldea egokitu zaio aurkari Lointek Gernika Bizkaiari.
Esan gabe doa euskal derbirik ikusteko aukera bakarra talde biak finalerako sailkatzea dela eta ez dirudi gauza erraza izango denik. Esan bezala, donostiarrek Valentzia Basket, Emakumeen Endesa Ligako egungo txapelduna eta liderra izango dute aurkari. Gogoan izan behar da bien arteko azkeneko deman valentziarrek 72-47 jipoitu zituztela Azu Muguruzarenak. Egia da, halaber, donostiarrek azken asteetan Iris Mbulito fitxatuta antolatzaile lanetan lagun dezakeen hegaleko bikaina bereganatu dutela, baina ezin da ahaztu ere Valentzia Basketek bere aldetik Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarra –Ibaeta Basketen harrobian sortua eta azken denboraldi eta erdia Estudiantesen bikain jokatzen aritu dena– eta Alina Iagupova ukrainiarra –2020/21 denboraldian Euroligako MVP sariaren jabea, hain justu– fitxatu dituela.
«Ligako aurreneko postuan gaude eta, beraz, faboritoak garela onartu behar dugu. Baina ez da dirudien bezalako abantaila handia eta pronostiko oso irekia dela uste dut», adierazi du Esteban Albert, Valentzia Basketeko kirol arduradunak. «Kopa irabazteko hiru final irabazi behar dira, ez dago besterik, eta IDK Euskotrenek talde oso ona dauka», azpimarratu du Albertek.
Donostiarrek finalerdietara iristea lortuko balute, lehehengo bider lortuko lukete 2018az geroztik. Kasu horretan, Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarra eta belauneko lesio larri batetik itzuli berri den Irati Etxarri hegal-pibot iruindarraren Girona eta Estudiantesen arteko lehiaren garailea izango lukete aurkari. Kasualitatea bada ere, donostiarrek ez diete aurreneko itzuli honetan hiru talde hauetako bati ere irabazi. Valentziako jipoiaz gain, Gironan jasan zuten denboraldiko aurreneko porrota eta, aldiz, Estudiantesen aurka Josean Gasca pabiloian kale egin zuten ere Azu Muguruzarenek.
Borreroaren aurpegirik eskasena
Lointek Gernika Bizkaiak, bestalde, Perfumerias Avenida izango du arrez aurre hilaren 22an, ostirala, esan bezala 18.00etan. Kopan lau aldiz iritsi dira bizkaitarrak finalerdietara eta lauretan Salamancako taldea izan dute borrero; iaz bertan, urrunago joan gabe. Anna Montañanaren aginduetara, gernikarrek beranduegi sinetsi zuten irabazteko aukerarik izan zezaketela eta, final-laurdenetan Girona kanporatzeko gai izan arren, finaletik at geratu ziren.
Ikusi egin behar martxoaren 22an talde bakoitza nondik nora dabilen, baina kanporaketa asteon balitz, ezin jakin zeinen alde eroriko zatekeen. Izan ere, Perfumerias Avenidak azken aldian hainbat fitxaketa egin baditu ere, azken hamar neurketetatik –Emakumeen Liga eta Euroliga biak batuta– zazpi galdu ditu, tartean abenduaren 9an Malosten 80-73 amaitu zen partida. Egia da irabazi dituen hirurak –Jairis, IDK Euskotren eta Kutxabank Araski– oso erraz eraman dituela, baina porrot larregi nozitu ditu azken aldian eta, ondorioz, Pepe Vazquez Salamancako taldeko entrenatzailea kargutik kendu du Perfumerias Avenidak. Behin behinean Pablo Garcia eta Raquel Romoren artean eramango dute Gaztelako taldea, baina ikusi egin behar Kopako final-laurdenetara iristerako beste entrenatzailerik izango duten zein ez.
«Eskatzen hasita, ‘Perfu’ edo Gironaren aurka jokatzea ari ginen desiratzen final-laurdenetarako», onartu du Marta Alberdi Lointek Gernika Bizkaiako hegalekoak. «Azken aldian maila baxuan ari dela ikusita, horretaz baliatu nahiko genuke. Gu, berriz, ilusio guztiarekin goaz Huelvara. Kopa borobil bat egiteko asmoz joango gara, ilusio guztiarekin, eta bide batez, Kopa etxera ekartzerik bagenu, hobe», gaineratu du, handinahiez beteta, jokalari bizkaitarrak.
Gernikarrek aurrera eginez gero, finalerdietan Kopako egungo txapelduna den Basket Zaragoza –Nerea Hermosa pibot gasteiztarraren taldea, hain justu– eta Baxi Ferrolen lehiaren arteko irabazlea izango lukete aurrez aurre.
Aintzat hartu behar da asteburuko neurketak eguerdian eta bazkalostean jokatuko direla. Neurri handi baten Huelvak nozitzen duen garraio lotura eskasak baldintzatu du ordutegia ere. Hala, aurreneko finalerdia –IDK Euskotrenek jokatuko lukeena– larunbat eguerdiko 12.00etan izango dela eta bigarrena, berriz –akaso Lointek Gernika Bizkaia bertan izango duena–, 15.00etan. Igandeko finala, berriz, 12.30etan hasiko da.