Iraitz Mateo

‘Iris XXII’, 22. mendea Yurre Ugarte eta Julen Ribasen begietatik komiki bihurtuta

Yurre Ugarte idazlearen eta Julen Ribas ilustratzailearen elkarlanetik sortu da ‘Iris XXII’ komikia. 2160. urtean kokatutako gizartearen istorioa kontatzen dute bertan, hondamendi naturalen kateatze baten ondorioz geratutako agertokian.

Julen Ribas eta Yurre Ugarte, ‘Iris XXII’ aurkezten.
Julen Ribas eta Yurre Ugarte, ‘Iris XXII’ aurkezten. (Jon Urbe | FOKU)

2160. urtean kokatutako gizarte bat irudikatu dute Yurre Ugarte idazleak eta Julen Ribas ilustratzaileak ‘Iris XXII’ komikian (Txalaparta). Hondamendi naturalen kateatze baten ostean kokatzen da eszenatokia eta, bitxia iruditu ahal bazaigu ere, ez dago gailu eletronikorik bertan. Durangoko Azokan salgai bazegoen ere, asteazken goizean egin dute aurkezpena Donostian, eta gaur bertan iritsiko da liburua liburu dendetara.

Istorioa desolazioaren osteko gizarte batean kokatuta dagoela kontatu du Garazi Arrula editoreak: «Itxuraz urrun den mundua izanik ere oinarria ezaguna eginen zaigu, oihartzun egiten diguten hainbat elementu eta auzi ageri dira komikian. Egun antzeman daitezkeen krisiak eta arrakalak badira, hondamendi bihurtu direnak».

Ugartek fikziozko istorio bat dela zehaztu du: «Gaur egungo gizartetik abiatuta, kapitalismo patriarkalak suntsitutako planeta batetik, hondamendiak biderkatu eta jasan ondoren bizirik irten den talde bat dago, jatorri anitzeko pertsonaiez osatua, eta irla batean hartu dute bizileku». Giza-talde horretako kidea da Iris haurra, liburuari izenbura ematen dion pertsonaia. Egileek zehaztu dute ez dela protagonista, bere inguruan hainbat gatazka gertatzen direla, baina ez dela bera lehen mailako pertsonaia.

«Gizarte eraikuntza ezberdin bat» sortu dela gaineratu du Ugartek, eta aurkezpenean aurreratu ditu gizarte horren zenbait ezaugarri: etengabeko eguzki ekaitzen ondorioz, eguzki haziak daramatzaren izakiak daude; arbasoen ondare kulturala berreskuratze lanetan dabiltza batzuk, iritsi zaizkien iraganeko dokumentu kultural apurrak berreskuratu eta itzuliz; edota, ugalkortasun eta erreprodukzio kopurua emakumeek erabakitzen dute. Flashbackek ere osatzen dute istorioa, eta agertoki horretara gizartea nola iritsi den ulertzeko pista batzuk azaltzen dira.

Teknologiarik gabeko lurra

Badago arreta deitzen duen ezaugarri bat ordea, idazleak irri artean zehaztu duen bezala: «Yonki digital elektronikorik gabeko, heroina elektronikorik gabeko gizartea da. Ez dago bankurik, dirurik ere ez, ezta aseguru-etxerik ere. Eta, aldi berean, iraganetik libratu ezin duten zama bat daukate».

Teknologiarik gabeko ikuspegi horrek deitu zion arreta Ribasi proposamena jaso zuenean: «Teknologiaz beteriko mundu bat irudikatu nuen 2160an kokatua zela jakiterakoan; baina kasi neolitikora heldu gara komikian: textilak lantzen dituzte, arkitektura ere oso oinarrizkoa da…».

Teknika tradizionala jarraitu du Ribasek marrazkiak egiteko, papera eta tinta txinatarra, zehaztu du ilustratzaileak. Eta idazlearekin batera, «pin pon» bat osatu dutela kontatu du, horrelako proiektuetan elkarlana ezinbestekoa izaten baita; Ugarte gidoia moldatzen joan da, eta Ribas gidoitik abiatuta ilustrazioak moldatzen.

Utopiez eta komikiez

Utopia bat ala distopia bat irudikatzen den galderari erantzunez, Ugartek «postoptimismotik sortutako istorio bat» dela aldarrikatu du. Eta bere ustez egungo gizarteak distopiaren ezaugarriak badituela azaldu du: «Oso zaila iruditzen zait gizarteko injustizia maila oso baxua den, biolentzia maila baxua dagoen edo krimenik gabeko utopia bat irudikatzea. Horrelako gizarte batean ez gaudenez, normala iruditzen zait utopia asko ez sortzea; baina aldi berean pentsatzen dut utopiak sufrimendutik, ez dagoenetik eta minetik sortzen direla. Utopiak ez datoz jendea besaulki batean eroso eserita dagoela».

Azken urteetan ugaritu den generoa da «utopiena zein distopiena» Arrularen arabera, baina komiki gisa oraindik gutxi landutako gaia dela kontatu du. Eta garrantzitsua iruditzen zaiola utopien edo distopien mundu horren iruditegia sortzea marrazkien bidez ere.

Komikigintzaz ere egin ditu pare bat hitz editoreak. Izan ere, duela hamar urte hasi ziren komikiak argitaratzen Txalapartan eta urtean pare bat ateratzeko ahalegina egiten dute. «Talentu handia dago, baina ditugun baldintzak ez dira onenak; hala ere, Txalapartan bidea egin nahi dugu komikigintzan, harrobi horretan parte hartu, espazio bat eman, eta generoa egonkortzen lagundu».

Kontatu dute lan luzea izaten direla horrelako proiektuak, eta sostengu ekonomikoa oso beharrezkoa izaten dela. Horregatik, Txalapartaren laguntza ezinebestekotzat jo dute, eta baita 2022an jasotako diru laguntza ere. Aitortu dute istorioa ez dagoela «itxita», baina ezin esan dezaketela jarraipenik izango duen ala ez.