NAIZ

Kalkulatutakoa baino %20 izotz gehiago galdu du Groenlandiak azken 40 urteotan

Adituek uste zutena baino %20 izotz gehiago galdu du Groenlandiak azken harmakadetan, ikerketa batek berri eman duenez.

Groenlandiako izotz masaren galera adituek uste zutena baino handiagoa dela baieztatu du ikerketa berri honek.
Groenlandiako izotz masaren galera adituek uste zutena baino handiagoa dela baieztatu du ikerketa berri honek. (Olivier MORIN | AFP)

Groenlandiako izotz-geruzak, munduko bigarren handienak, 5.091 kilometro karratu izotz galdu ditu gutxi gorabehera 1985etik 2022ra, ‘Nature’ aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Bertan adierazten denez, egun adostutzat jotzen diren kalkuluek gutxietsi egin dute galera, %20raino.

Aipatu ikerlanak jasotzen duenez, 2000ko urtarriletik, urtero batez beste 218 kilometro karratu murriztu da izotz-geruza.

Kopuru horrek itsas mailaren igoeran eragin txiki samarra izan badu ere, izotza galtzeak eragina izan dezake ozeanoaren zirkulazioan eta, beraz, energia termiko globalaren banaketan.

Azterketak 1985etik 2022ra bitartean izotz-geruza osoaren ertzetan izandako atzerakadaren ikuspegi zehatza eskaintzen du, glaziarren posizioei buruzko ia 250.000 seinale satelitaletan oinarrituta. Behatutako 207 glaziarretatik 179k nabarmen egin zuten atzera 1985etik, 27k egonkor iraun zuten eta bat pixka bat hazi zen.

Mundu osoko izotz-geruzek atzera egin dute azken hamarkadetan, eta Groenlandiakoak, bereziki, azkar galdu du masa 1990eko hamarkadatik.

Eredu klimatikoek zehaztasun handiz aurreikusi dute Groenlandiako izotz-galera hori areagotu egingo dela, baina iragana aztertzen duen ikerketa honek etorkizunean gerta daitekeenaren inguruko ideia bat ematen lagun lezake.

Ondorioak ateratzeko, Kaliforniako Jet Propulsion Laboratory (JPL) erakundeko Chad Greene-k eta bere taldeak satelite irudiak erabili zituzten mutur glaziarren 236.328 posizio ezartzeko. Hortik aurrera, glaziarretan izandako aldaketak behatu zituzten.

Zientzialariek kalkulatu zuten Groenlandiako izotz geruzak 5.091 kilometro karratu izotz galdu zituela azken lau hamarkadetan. Azalera horrek, gutxi gorabehera, 1.034 gigatoneladaren galera dakar.

Izotz-mantuen masaren gaur egungo adostasun-estimazioek gutxietsi egin dute Groenlandiak azken urteotan duen masa, %20raino, egileek ondorioztatu dutenez.

Itsas mailaren igoera handiegia ez den arren, izotz honek ur geza kantitate gehigarri handi bat suposatzen du ozeanoan.

Duela gutxi egindako ikerketek iradoki dute izotza urtzearen ondorioz Ipar Ozeano Atlantikoaren gazitasunean izandako aldaketek, Atlantikoaren hegoaldeko zirkulazioa ahuldu dezaketela. Ozeanoan zehar beroa eta gatza garraiatzen duten korronteetan eragina dauka, beraz, eta horrek, aldi berean, mundu osoko meteorologia-ereduetan eta ekosistemetan izan ditzake ondorioak.