Alaia Sierra

Arabako orografia bereziak sagardo «nahiko on» bat ekarri du aurtengo denboraldirako

Mikel Landa txirrindulari murgiarraren eskutik ireki dute ostegun honetan sagardotegi arabarren txotx denboraldia, Kuartangon aurten. Positiboki baloratzen duten 120.000 litro sagardoko produkzioa Arabako klima soila eta orografia bereziarekin lotzen dute.

Arabako txotx denboraldia Mikel Landak ireki du aurten.
Arabako txotx denboraldia Mikel Landak ireki du aurten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kuartango sagardotegian, behinola Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxea zenean, ireki dute aurtengo txotx denboraldia Araban. Trebiñukoarekin eta Aramaiokoarekin batera, 180.000 sagar-kiloko uztatik sortutako 120.000 litroko ekoizpena «nahiko ona» izan dela nabarmendu dute.

Baia ibaiak bustitzen duen Kuartango herriko sagardotegiaren jabeak, Benito Peciñak, azpimarratu duenez, Araban sagardoa egiten duten upategiak «gutxi gara, baina onak». Klimaren soiltasunak, orografiak eta lurraren mineralizazioak «izaera berezia» ematen dio Araban ekoizten den produktuari, azaldu dio NAIZi.

Mikel Landa txirrindulari arabarra izan da urteko lehenengo zurrutadak hartu dituena, sagarrondo bat landatu ondoren. Gonbidapenagatik eskerrak emateaz gain, Kuartangon izatea «ilusio berezia» egiten diola aitortu du, Badaiako, Arkamuko eta Gibillo-Urkabustaizko mendilerroek biltzen duten bailaran «pasa ditudan momentu onengatik» eta familiako loturagatik. «Ea garaipenen bat edo podiumen bat Arabako sagardoarekin lagun dezakegun», agertu du kirolariak.

Landak dastatu duen sagardoa Arabako sagar barietate batetik egindakoa izan da, baina sagardotegi honetan Euskal Herriko beste toki batzuetako frutekin egiten dute lan, besteak beste, Goikoetxe, Bost Kantoi, Gezamina, Txalaka eta Urtebi Haundi. Arabatik, aldiz, Quesica, Greñas, Udare eta Mocetas barietateak erabiltzen dituzte.

Produktua dibertsifikatzeko, gainera, zaporeetako sagardoak, bermutarekin nahasitakoak eta zuku naturalak egiten dituzte Kuartangon, «hurbileko publiko» batengana jotzeko, azaldu du sektorean 30 urte daramatzan Benito Peciñak.