Juan Antonio Urbeltz folklorista eta etnografoa eta Marian Arregi musika zuzendaria buru dituen Ikerfolk-Argiak jaso du V. Ondare Saria. Saria asteazken honetan jaso zuez Urbeltzek Donostiako Santa Teresa komentuan eta, ekitaldian Kultura diputatu Goizane Alvarezek esan duenez, sariaren bidez erakundeak «hamarkadaz hamarkada» egindako lan eskerga aitortu nahi izan zaio, «musika tresnak, doinuak, jantziak eta dantzak ahanzturaren arriskutik erreskatatzen» egindako ahaleginagatik.
Alvarezen hitzetan, «harreman soziokulturalak nola artikulatzen diren, musikaren eta dantzaren bidez, edo gure arbasoak nola janzten ziren» iraganetik berreskuratzeko lan egiten dute eta, egungo mundu globalizatuaren aurrean, Ikerfolk-Argia-ren lana garrantzitsua dela iritzi du, «eragin globala gailentzearekin» batera tokiko tradizioak «higatzeko benetako arriskua» baitago.
Ikerfolk-Argiak ikerketara, kontserbaziora eta piezak sortzera hurbiltzeko duen modua ere nabarmendu nahi izan du, «materiagabea materia bihurtzeko» era, eta «sinesmenak, zauriak, sekretuak, ereduak, ospatzeko edo omenaldia egiteko modua» direla esan du. Horrek guztiak «gure herentzia kolektiboan» eragina duela ere nabarmendu du.
Ikerfolk-Argiaz jaso du V. Ondare Saria, baina epaimahaiak aipamen berezi bat ere egin nahi izan du aurten, Legazpiko Bellota Herramientas enpresari hain zuzen ere, «ondare industriala kontserbatzeko egindako ahaleginagatik».