Urteurren borobila ospatuko du aurten Oiartzungo Girizia Kultur eta Kirol elkartearen pilota sailak antolatzen duen Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiak, aurtengoarekin 40 izango baitira Josetxo Gamioren oroimenez jokatutako lehiaketak. Parte hartzeak, erabat irekia, egiten du berezi txapelketa hau eta bertan lehiatu nahi duten pilotari guztiek larunbat hau, urtarrilaren 20a, izango dute izena emateko azken eguna.
Bertan aritzeko interesa dutenek bi modu izango dituzte izena emateko giriziaelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi edo 656711275 telefonora deitu informazio gehiago eskuratzeko.
Azken urteetan bezala, txapelketako partidak larunbat eta igande goizetan jokatuko dira eta parte hartzaileak euren mailaren arabera sailkatuko dira, gizonezkoak hiru mailatan (1-2-3) eta emakumezkoak gazte eta helduetan, izen ematearen arabera.
Gaubeka, kanporatuta
Profesionalen Buruz Buruko txapelketan, txapelik gehien dituzten bi pilotariak, Pablo Fusto eta Esteban Gaubeka finalerako aukerarik gabe geratu dira. Argentinarraren kasuan, lehen jardunaldian min hartuta, bigarren jardunaldia jokatzeari uko egin behar izan dio eta, honenbestez, kanporatua izan da.
Armintzako oilarrak, aldiz, Roman Maldonado gaztearen aurka bost setetan galduta (10-5, 8-10, 6-10, 10-6 eta 2-5) esan dio agur txapelketari. Oso partida gogorra eta piloteatua izan da eta azkenerako argentinarraren sasoia nagusitu da. Bikain ekin dio oilarrak partidari eta lehen setean zalantzati aritu den Maldonado baino askoz hobea izan da. Partida luzatuz eta lanari esker lortu du argentinar gazteak partida bere alde jartzea hurrengo bi jokoak bereganatuz, baina aurrelari bizkaitarrak ez du amorerik eman bosgarren setera arte.