Hogeita bat jardunaldietatik hamarretan, astegunez jokatu du Alavesek. Horietatik, soilik hiru jardunaldi izan dira bere osotasunean astegunez jokatu direnak. Eta hurrengo partida, 22. jardunaldikoa ere astean zehar jokatu beharko dute babazorroek, ostiralez, Almerian. Urtarrileko partida guztiak lanegunetan jokatu ditu Gloriosok eta honen ondotik, zaleek beraien kexa helarazi zuten atzo, Cadizen aurka –bukaerako emaitzak (1-0) hasierako haserrea baretu zuen–.
Iraultza 1923 taldeak deitutako mobilizaziora bat egin zuten zenbait zale, partida hasi bezain laster txartel gorria erakutsiz. «Txartel gorria astegunetan futbolari», izan zen zaleen leloa. Ordutegi duinak eta zaleen errespetua aldarrikatu zituzten babazorroek.
🟥 TARJETA ROJA AL FÚTBOL ENTRE SEMANA
— Iraultza 1921 (@Iraultza1921) January 20, 2024
Por unos horarios dignos!
Por el respeto a l@s aficionad@s! pic.twitter.com/h1pA6FnUbd
Ez da lehen aldia denboraldi honetan Alavesek zenbait partida kateatzen dituela asteburuetan jokatu gabe. Abuztuan, esaterako, lehen hiru jardunaldiak astelehenez jokatu zituen, Getafe, Sevilla eta Cadizen aurka. Valentziaren kontra estreinatu zen asteburuan –larunbatean, zehazki– baina segituan, bi partida jarraian ostiralez jokatu zituen, Athleticen aurkako derbia eta Rayoren aurka. Alegia, aurreneko sei jardunaldietan soilik behin jokatu zuen asteburuan.
Zazpigarrengoa ere astegunez egokitu zitzaion, kasu honetan talde guztiei, jardunaldia bere osotasunean jokatu baitzen astean zehar. Orain arte, horrelako hiru kasu eman dira eta beraz, gainontzeko 7 jardunaldietan eman da nolabaiteko «diskriminazioa». Normalean, talde konkretu batzuk jokatzen baitute gehiago astegunez.
Gainontzeko talde euskaldunek
Oro har, euskal taldeetatik Alaves da astean zehar ligako partidarik gehien jokatu dituen taldea. Gertutik jarraitzen dio Athleticek, zortzi aldiz jokatu behar izan baitu ostiralez edo astelehenez. Iraila, azaroa eta abendua izan dira hilabeterik «txarrenak», zentzu horretan.
Osasuna eta Realak, alde horretatik, onuradunenak izan dira. Txuri-urdinen kasuan hobari hori ulertu behar da Txapeldunen Liga jokatzen dagoelako. Hala, jardunaldiak bere osotasunanean astean zehar jokatu diren horiek salbuetsita, soilik behin jokatu du, gainera ostiralez eta abuztuan, liga hasi berritan.
Antzerako zenbakiak ditu Osasunak ere. Soilik ostiral batez jokatu du orain arte –astean zehar jokatu diren jardunaldiak salbuetsita–. Nolanahi ere, urtarrilean Superkopa jokatu behar izan duela-eta, liga jardunaldia atzeratu behar izan du eta beraz, urtarrilaren 31, asteazkenez, neurtuko da Bartzelonaren aurka, 20. jardunaldiko partidan.
Dena dela, onuradunenetatik onuradunena Real Madril izan da, astegunetak jardunaldiez aparte ez baitu sekula astelehen edo ostiralez jokatu. Kontrara, Atletico Madril bezalako talde batek, hau ere Txapeldunen Ligan aritzen denak, hiru aldiz jokatu behar izan du astegunez, salbuetsitako hiru jardunaldiez gain. Bartzelonak, Realaren antzera, ostiral bakar batean jokatu du.