NAIZ

Asanblea Nazionalak onarturiko Migrazio Lege berriaren aurkako mobilizazio jendetsua Baionan

Migrazio Legearen aurkako mobilizazio jendetsua izan da igande honetan Baionan. Alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak... orotara hogei bat eragilek bat egin dute frantziar Asanblea Nazionalak onarturiko arau berria Emmanuel Macroni ezar ez dezala eskatzeko.

Baionan igande honetan egindako manifestazioa.
Baionan igande honetan egindako manifestazioa. (Patxi BELTZAIZ)

Emmanuel Macron presidenteari frantziar Asanblea Nazionalak onarturiko Migrazio Lege berria indarrean jarri ez dezala eskatu diote igande honetan Baionan, Suprefeturaren aitzinean egindako mobilizazio jendetsuan.

Izan eren, behin Parlamentuak egitasmoari bere onespena emanda, Kontseilu Konstituzionalak testuaren gainean aurkezturiko helegiteei emanen dien erantzunaren zain dago Eliseoa. Edonola ere, Macronek azken hitza du, berari dagokiolako legea ezartzea.

Hogei bat eragilek bat egin dute Lapurdiko hiriburuan egindako protestan, «paperik gabeko» herritarren eskubideak murrizten dituen legearen kontra.

Hendaian eginiko mobilizazioa

Dagoeneko asilo eta Migrazio Legea alboratzeko eskaera entzunarazi zuten herritarrek joan zen igandean Hendaian, Migranteak Atxikitzeko Zentroaren aurrean, hain zuzen.

Xenofoboa eta arrazista izateaz gain migrazio lege berria azken 40 urteetako atzerakoiena dela salatu zuten mobilizaziora bertaratu ziren 200 lagunek.

Hendaian eginiko protestaren sustatzaileek nabarmendu zutenez «askatasun publikoak eta berdintasun printzipioa» urratzen ditu lege berriak eta, horren ondorioz, etorkinen egoera oraindik ere zaurgarriagoa bilakatu dezake.

Era berean, «paperik gabekoen erregularizazioa» helburu, borrokatzen jarraitzeko deia luzatu zuten protesta horretan eta mezu horrekin bat egin dute igande honetako elkarretaratzean parte hartu duten lagunek.

«Lege hori kentzea fermuki eskatzeko» mobilizatzeko premia nabarmendu zuten asteazkenean egindako agerraldian.

Macron, lege berriaren alde

Dena den, aste honetan telebistan eginiko agerraldian Emmanuel Macronek, eskuina eta eskuin muturraren sostenguz onarturiko legeak aurreikusten dituen neurrien defentsa egin zuen.

Iazko abenduaren 19an Legebiltzarrak egitasmoa ontzat eman ondoren, Senatu eta Asanblea Nazionaleko presidentez gain 120 parlamentarik babesturiko helegiteari erantzuna eman behar dio Kontseilu Konstituzionalak.

Azken albisteen arabera, goi erakunde horrek heldu den urtarrilaren 25ean jakinarazi behar luke asilo eta immigrazio legeari buruzko erabakia.