NAIZ

BCC berria eraikitzeko zuhaitzak bota dituzte, Nafarroako Etorbideko espaloikoak barne

Donostiako Manteo aldean eraikiko den Basque Culinary Centerren eraikin berrirako zuhaitzak botatzen eta kamioietan eramaten hasi direla jakinarazi du SOS Manteo elkarteak.

BCCren eraikin berria sortzeko zuhaitzak bota dituzte.
BCCren eraikin berria sortzeko zuhaitzak bota dituzte. (Jon Urbe)

Pasa den astean BCC berria eraikitzeko lurrak mugitzen hasi ziren Donostiako Manteo aldean, «berme egokirik gabe» SOS Manteo elkarteak salatu zuenez. Eta astelehen goiz honetan, aldiz, Nafarroa hiribideko zuhaitz handienak moztu eta kamioietan eramaten hasi dira.

«Txikizioa» hasi dela salatu du SOS Manteo elkarteak, izan ere, Okendon egindako bilera informatiboan Amenabar-BCCk espaloiko zuhaitzak ez zituztela ukituko esan baitzuen elkartearen arabera. Donostiako Udalaren isiltasuna ere salatu du elkarteak.



 

Victor Lasa Elkarrekin-Podemoseko Donostiako zinegotziak sare sozialen bidez «herritarrei aurpegira barre» egin zaiela esan du, eta zuhaitzak kentzea ez zegoela adostuta gaineratu. Dagokienei ardurak hartzeko eskatu die.

Aste honetako protestak

Proiektua aurkeztu zenetik adierazi dute beraien kezka eta kontrakotasuna bizilagunek. Eta egun, BCCren eraikin berria geratzeko protestan dihardute. Astearte honetan, arratsaldeko 19.00etan Okendo KEtik abiatuta mobilizazioa egingo da Udaletxeraino.

Asteazkenean, bilera informatiboa antolatu dute aurrekari historikoak gogoratu eta egungo egoeraren berri emateko.

Ostegunean, aldiz, 12.00etan Osoko Bilkurara joateko deia zabaldu dute.