NAIZ

EAEko 5.000 familiak elikagaientzat bonuak jaso zituzten 2023an

Lakuako Gobernuak 3,6 milioi euro baino gehiago jarri ditu familia eta pertsonarik zaurgarrienen energia eta elikadura pobreziari aurre egiteko. 5.207 familiak edo pertsonak jaso zituzten iaz elikadura bonuak, eta beste 2.000 familiak laguntza energetikoak.

Supermerkatu bateko artxiboko argazkia.
Supermerkatu bateko artxiboko argazkia. (Juanan RUIZ | FOKU)

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2023ko martxoan abian jarri zuen muturreko egoera zaurgarrian dauden familiak eta pertsonak artatzeko ‘Hitzartuz’ ekimena. Ekimenaren helburua da elikagaiak eta higiene produktuak erosteko oinarrizko beharrei beren baliabideekin erantzun ezin dieten pertsonen eta familien behar horiek premiaz estaltzea, baita argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzen laguntzea ere.

Programa horren bidez, 2023an Lakuak 3,6 milioi euro jarri zituen familia zaurgarrien oinarrizko beharrak asetzeko. Gauzatutako gastutik, 800.000 euro jarri ziren energia pobreziako egoerak arintzeko eta 2,8 milioi euro elikadura laguntzetarako.

Horri esker, 2023an, guztira 1.967 familiak egin ahal izan zioten aurre energia pobreziako egoerari: 455 Araban, 1.025 Bizkaian eta 487 Gipuzkoan. Horrela, Gizarte Larrialdietarako Laguntzarik jasotzen ez dutenei, argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzen lagundu zaie.

Elikadurako laguntzei dagokienez, 5.207 familiak edo pertsonak jaso zituzten iaz elikadura bonuak edo higiene pertsonaleko produktuak eskuratzeko bonuak: 1.238 Araban, 2.030 Bizkaian eta 1.939 Gipuzkoan.

Gurutze Gorriak kudeatu ditu EAEn laguntza horiek. Eskabideak, balorazioak eta izapideak koordinatzeaz arduratu da, baita baliabide egokienekin bideratu, orientatu eta koordinatuko diren beste behar batzuk antzemateaz ere.

2024an, programak jarraipena izango du, baina ez ‘Hitzartuz’ izenarekin. Lakuak pobrezia materialari eta energia pobreziari aurre egiteko hiru partida aurreikusi ditu eta aurrekontuetan jada onartuta daude. Batetik, Gurutze Gorriarentzat 2,1 milioi euroko partida nominatiboa, pobrezia materialari eta energia pobreziari aurre egiteko, hau da, dagoeneko egiten ari den lanarekin jarraitzeko. Bestetik, 125.000 euroko beste partida bat hiru herrialdeetako elikagaien bankuei laguntzeko.

Horretaz gain, Europako funtsetatik datozen 3,5 milioi euroko partida bat dago, oinarrizko laguntza materialeko programa baterako. Kasu honetan, espainiar Gobernuak erabaki behar du nola banatuko diren: zein kolektibori eta zein erakunderen bidez.