NAIZ

Gladys Eneako beltxarga batek Egian zehar bueltatxoa eman du

Glays Enea parkeko beltxarga batek inguruko kaleetan zehar itzulia egin du gaur goizean, sareetan oihartzun handiarekin. Parkeko urmaela garbitzen zuten bitartean egin du ihesaldia.

Gladys Eneako beltxarga, Egia kalean.
Gladys Eneako beltxarga, Egia kalean. (FUNDACIÓN CRISTINA ENEA)

Donostiako Gladys Enean bizi den beltxargak asperturik hasi du eguna eta Egia auzotik bueltatxoa eman du. Egia esan, udal langileek urmaela garbitzen zuten bitartean egin du paseorako hautua, Cristina Enea Fundazioak jakitera eman duenez.

Mandasko Dukearen pasealekua eta Egia kalearen azpiko partetik ibili da beltxarga bere paseoan, urmaela garbiturik zuela berriro ohiko tokira itzuli arte. Parkean egoten diren hegaztiak askatasun kontrolatuan daude, inguruan ibiltzeko eremu handia dutelarik. Dena den, beti da atsegina bueltatxo bat ematea.

Ez da lehen aldia

Ez da lehen aldia Gladys Enea parkeko hegaztiak inguru horretatik atera eta Egia auzoko kaleetan bueltaka ibiltzen direla, baina gaurkoak oihartzun zabala izan du sare sozialetan.

Beltxargekin batera, paumak izaten dira Gladys Enea parkean eta karrankak entzutera ohituak daude inguruko auzotarrak. Konfinamenduan, adibidez, pauma talde bat Egia kalean ibili zen aldapan gora. Egun horietan kaleetan ixiltasuna nagusi zen eta paumek parkean duten lasaitasuna ere izan zuten beren abenturatxoa bizitzeko.