NAIZ

Bortxaketen ondoriozko 64.500 haurdunaldi AEBetan, abortatzeko murrizketak dituzten estatuetan

Urte eta erdian ia 520.000 sexu bortxaketa izan dira gutxienez abortatzeko murrizketak dituzten AEBetako hamalau estatuetan, eta horietatik 64.565 haurdunaldi sortu dira, ikerketa baten arabera.

Abortuaren aurkako mugimenduaren martxa Washingtonen.
Abortuaren aurkako mugimenduaren martxa Washingtonen. ( KENT NISHIMURA | AFP)

Ia 520.000 sexu-bortxaketa gertatu dira gutxienez AEBetan abortatzeko murrizketak indarrean dituzten hamalau estatuetan, eta bortxakete horien ondorioz 64.565 emakume haurdun geratu dira azken urte eta erdian, ‘JAMA Internal Medicine’ aldizkariak argitaratu duen ikerketa baten arabera. Estatu Batuetan, abortuaren aldeko eta aurkako mugimenduek bilakaera luzea izan dute.

«Estatu Batuetako emakume askok sexu-indarkeria pairatzen dutela jakinarazten dute, eta askok bortxaketarekin lotutako haurdunaldien abortua bilatzen dute», adierazi du ‘Planned Parenthood’ erakundeko Samuel Dickman buru duen ikerketak.

2022ko uztailean, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak 1973ko epai bat baliogabetu zuen. Epai horrek jasotzen zuen Konstituzioak emakumeak abortatzeko duen eskubidea babesten duela.

Ordutik, 14 estatuk haurdunaldiaren edozein alditan abortua debekatzen duten legeak aldarrikatu dituzte. Txostenak nabarmendu duenez, horietako bostek bortxaketengatiko haurdunaldietan salbuespenak onartzen badituzte ere, muga zorrotzak ezartzen direla prozedura egin daitekeen aldiaren inguruan.

Salbuespenak gorabehera

Txostenak erakusten duenez, bortxaketa kasuetan abortatzeko debekuaren salbuespenak dauden bost estatuetan (Idaho, Indiana, Mississippi, Mendebaldeko Virginia eta Ipar Dakota) kalkulatzen da aztertutako aldian 44.985 bortxaketa gertatu zirela eta 5.586 haurdunaldi izan zirela. Talde horren barruan, Idaho izan zen kopururik altuenak izan zituen estatua, 11.565 bortxaketarekin eta 1.437 haurdunaldirekin.

Ikerketaren egileek adierazi dutenez, estatu batzuetan emakumeak eraso bat jasan duela ziurtatzeko bidea biktimak Poliziari adieraztea da, baina gehienek ez dute hori egiten eta ondorioz kontabilizatu gabe eta bide hori egiteko aukerarik gabe geratzea dakarrela gaineratu dute. «%21ek soilik salatzen diote Poliziari bortxaketa».

Salbuespen hori ez dagoen bederatzi estatuetan (Alabama, Arkansas, Kentucky, Louisiana, Missouri, Oklahoma, Hego Dakota, Tennessee eta Texas), aztertutako aldian 474.999 bortxaketa gertatu ziren eta 58.979 haurdunaldi.

Salbuespenik gabeko estatuen arteko zifrarik altuenak Texasen erregistratu dira; izan ere, abortuaren murrizketa indarrean egon den 16 hilabeteetan 211.000 sexu-bortxaketa izan dira eta 26.313 haurdunaldi.

Azterlanaren egileek aipatzen dituzten zifrak 2022ko uztailaren 1etik 2024ko urtarrilaren 1era bitarteko datuetatik datoz, baina aldatu egiten da estatu bakoitzak abortuari buruzko bere legeak ezarri zituenetik igarotako hilabete kopurua.