NAIZ

Krisiek ez ezik, «sistema osoak» etxaldeak ahultzen dituela salatuz protestara batu da ELB

ELB sindikatuak Baionako portuaren bidez lehen gaiak inportatzen dituen Maisik enpresaren biltegia blokeatu du ostiral goiz honetan. Kostuen azpitik saltzea debekatuko duen legea aldarrikatzeaz gain, EB-Mercosur bezalako tratatuak auzian jarriz mobilizaziorako deia zabaldu du.

Lehen gaiak inportatzen dituen enpresa baten biltegiaren aitzinean blokatze ekintza abian eman du gaur ELBk, Baionako portuan.
Lehen gaiak inportatzen dituen enpresa baten biltegiaren aitzinean blokatze ekintza abian eman du gaur ELBk, Baionako portuan. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herriko laborarien artean sostengu gehien biltzen duen ELB sindikatuak bat egin du ostiral honetan azken astean Hexagono mailan martxan dagoen protesta dinamikarekin.

Oroitzearren, nekazarientzat lan baldintza duinak eskatzeko blokeo ekintzak abian eman zituzten FNSEA eta Laborariak Gazteak sindikatuek joan zen astean Okzitanian.

Astearteaz geroztik, ordea, Bruselak eta Parisek laborariei ezartzen dizkieten hainbat arau bertan behera uztea galdegiteko protestak Euskal Herrira iritsi dira. Gau eta egunez A63 autobidean, Baiona parean, blokeoak egin dituzte laborariek.

Ostiral honetan, goizean goiz, Baionako portuan, lehen gaiak inportatzen dituen Maisik enpresak dituen biltegi batean ekintza egin dute ELBko laborariek.

 

Ekintza horren bidez, laborarien oinarrizko eskubideak babestea xede duen protestara batzeko deia luzatu du laborantza herrikoia eta jasangarria defendatzen duen euskal sindikatuak.

Agiri baten bidez azaldu duenez, protesta piztu duen aldarrikapen nagusiarekin bat egiten du. Hala, «laborantzatik errezibitzen ditugun lan sariak ez dizkigutela gehiago ahalbidetzen gure lanarekin duinki bizitzen», agerian jarri du ELBk. Edonola ere, arazoaren diagnostikoan bere ñabardurak egin ditu sindikatuak.

Ez dira krisiak soilik, sistema osoa da

Hala, idorteak, lur eta elikagaien gaineko espekulazioak edota eritasunek sortzen duten egoera zaila aintzat hartuta ere, «krisiek bakarrik ez, sistema osoak ditu etxaldeak ahultzen», sindikatuak ohartarazi duenez. Horrendako, duela 70 urte mundu mailan laborantzan abian eman zen logikarekin hausteko deia egin du.

«Dinamika horiekin gure etxaldeak enpresekin ordezkatu nahi dituzte, gure jakintzak prozedurekin, eta laborariak teknologia berriekin», laburbildu du ELBk, hala nola merkatu libreko tratatuen eskutik heldutako «egoera jasanezina» arazoak agerian jarriz.

Nazioarteko akordio horiek laborariak prekarizatzen dituztela azaldu ostean, Confederation Paysanne sindikatuarekin batera, aldarrikapen nagusi bi plazaratuko ditu ELBk beste sindikatuek aitzineraturiko mugimenduari ekarpen egiteko.

Alde batetik, laborantzako produktuak ekoizpen kostuen azpitik saltzea debekatuko duen legea aldarrikatzea ezinbestekotzat jo du ELBk. Horrekin batera, UE-Mercosur akordioa bertan behera uztea eta Bruselak negoziatzen dituen beste akordien gaineko moratoria bat ezartzea eskatu du ELBk.

Era berean, indarrean diren akordioen berrikuspena galdetu du ELBk, «merkatu-libreko politika horrek sortzen duen lehia desleiala aztertzeko» beharra azpimarratuz.

Blokatze ekimena Biarritzen

Baionako portuan ELBk eginiko blokatzea ez da izan urtarrilaren 26 honetan laborariek egin duten mobilizazio bakarra. Erran bezala, FDSA eta Laborari Gazteak sindikatuetan lerrotutako laborariek haien blokatzearekin jarraitzen dute A63an. Izan ere, hirugarren mobilizazio frontea zabaldu da Biarritzen.

Harausta (La Negresse) auzoan, biribilgunea blokeatu dute haien traktoreekin laborari gazte batzuek. Euskal Irratiakek emandako informazioaren arabera sindikatuen dinamikatik haratago kokatu dute haien ekintza aipaturiko laborariek. Edonola ere protesta orokorraren testuinguruan kokatzen dutela haien ekintza argitu dute.

Beste adierazpen batzuk

Bestalde, laborantza biologikoa garatzen duten ekoizleak biltzen ditue BLE elkarteak prentsa-agiria plazaratu du sail horretan jarduten duten laborariek dituzten kezkak mahaigainean jartzeko.

Edonola ere, Hexagonoan zeharkatzen duen haserre mugimendu horren harira, laborariei eta kontsumitzaileei ideia faltsuak sinestarazi nahi dutenentzat kritikak azaldu ditu. Besteak beste kanpotik etortzen diren mozkinei konpetentzia egitea defendatzen duten diskurtsoak deuseztatuz.

«Hurbiltasuna, ainiztasuna, printzipio agronomiko eta ekologikoak, zirkuitu laburrak, laborantzak ekartzen dituen zerbitzuen ordainketa .. horiek dira Iparraldeko 430 etxalde biologikoen hautuak, eta denentzat nahi dugun etorkizuna», azaldu du BLE elkarteak.

Finean, Bizi! mugimenduak pertsonak mozkinen aitzinean ezartzen duen laborantza sistema defendatuz prentsa-oharra plazaratu du.

«Euskal Herria Burujabe lurralde proiektuan zehaztu zen bezala, premiazkoa da laborantza birtokiratua, errentagarria dena eta planetaren mugak errespetatzen dituena plantan ematea, merkeagoak diren eta giza eta baldintza sozial eta ekologiko tamalgarrietan ekoitzitako inportaturiko produktuen alde egiten duten merkataritza askeko itunetarik urrun», defendatu du Bizi!k.