NAIZ

Urtea hasi denetik hamabi langile hil dira Euskal Herrian

Aste honetan, Pasaiako portuan langile bat hil da kamioi batek harrapatuta. Tuteran, pista batetik autoz zihoan 36 urteko nekazariak galdu du bizia. Gertukoei samina eta elkartasuna adierazi ondotik, datu latz bat eman du LABek: 2024a hasi denetik hamabi lagun hil dira lan istripuz Euskal Herrian.

Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, urtarrilaren 22an Errenterian.
Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, urtarrilaren 22an Errenterian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ostiral iluntzean, Pasaiako portuan langile bat hil zen itsasontziak zamatzeko kamioi batek harrapatuta. Noatum UECC enpresako Mafi motako 50 tonako kamioi erraldoi batek, itsasontzian karga sartzen ari zenean, 47 urteko segurtasun zaindaria zapaldu zuen eta unean bertan hil zen.

Senide, lankide, zein gertukoei samina eta elkartasuna adierazi eta gero, datu beldurgarri bat eman du LABek: 2024a hasi denetik hamabi langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.

«Paradoxa da segurtasun zaindarien lanetako bat ontzietan polizoiak sartzea eragoztea dela. Hori dela-eta zamaketa unean zelatan ibiltzen dira, kamioiek harrapatzeko dakarren arriskuarekin. Sistema kapitalistaren miseriak agerian geratu dira, beste behin, heriotza horrekin, non langile prekario batek bizitza galdu baituen pertsona behartsuagoak zelatatzen», salatu du sindikatuak.

Lanuztea eta elkarretaratzea

Istripua gertatu bezain laster LABen delegatuek jarduna eten eta langileak etxera bidali zituzten. Larunbat honetan ere langileek lana bertan behera uztea erabaki dute. Igandean, komiteak deituta, kontzentrazio bat egingo dute portuaren barnealdean.

Istripu maila izugarri honen aurrean neurriak hartzea eskatzen dute, eta patronalaren inpunitatea amaitzea. Horretarako, «instituzioek erabaki politikoa hartu behar dute, behingoz, ia hiru hamarkada abian daraman lan osasuneko araudia betearazteko. Bete ezean, langile klasea hiltzen jarraituko dute».

Beste langile bat hilik Nafarroan

Aste honetan bertan LABek Iruñean egindako agerraldian salatu duen bezala, Nafarroan dagoen mugikortasun handiaren eraginez, errepideko hilkortasun maila handiagoa da. Oraingoan, autoa pista batetatik gidatzen ari zen 36 urteko H.Z. nekazaria hil da istripuz, Tuteran.

Urtarril honetan, dagoeneko bost langile hil dira Nafarroan istripuz, horietako lau errepideetan.

2021an salatu zuen sindikatu abertzaleak Nafarroan joera ilun bat agertzen ari zela auto istripuz hiltzen ziren langile kopuruagatik. Urte horretan, lan istripuz hildakoen erdia errepidean hil zen, hogeitik hamar hain zuzen. Horietako bat goizeko ordu txikietan baratzera lanera bizikletaz zihoan langile migratua izan zen, Zarrakaztelun.

Gobernuari proposatutako neurriak

Aste honetan Maria Chiviteren Gobernuari hainbat neurri proposatu dizkio LABek. Erran duenez, momentuz ez du erantzunik jaso. Alde batetik, mugikortasuna murriztea planteatu dio: «Enpresetan etxetik lana egin ahal izan jardunaldiaren zati batean, egun pare bat astean, adibidez; enplegu publikoan distantzia arrisku itemetan sartzea eta plazak horren arabera esleitzea, eta zentralizazio joera apurtu eta herri ikuspegitik ere garatzea».

Bestetik, enpresa guztiek mugikortasun planak egitea proposatu du, delegatuen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) teknikarien onespenarekin. Mugikortasun planen neurriak arrisku ebaluaketan txertatu beharko lirateke LABen arabera, eta inplantazioa derrigorrezko bilakatu. Langileei garraio publikoa erabiltzeko eta halakorik ez denean ibilgailuak mantentzeko laguntzak ematea ere interesgarri ikusten du.

Planaren neurrien inplantazioa kontrolatu behar du ikuskaritzak, garraio publikoa hobetu behar da, eta baita errepide eta azpiegitura jakin batzuk ere, LABek dioenez.