NAIZ

Neba-arrebentzat berritasun aipagarriak dakartza aurrematrikulak EAEn

EAEko Hezkuntza Sailak otsailaren 7an irekiko du 2024-2025 ikasturterako aurrematrikula. Prozesuak berritasun aipagarri batzuk dakartza. Horietako bat honako hau da: plaza eskuratuko dute neba-arreba matrikulatuta dagoen ikastetxean hasierako maila eskatzen dutenek.

Jokin Bildarratz eta Begoña Pedrosa Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean.
Jokin Bildarratz eta Begoña Pedrosa Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean. (IREKIA)

2024-25 ikasturterako aurrematrikula prozesua otsailaren 7an irekiko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala iragarri dute Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa sailburuordeak Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean egindako ekitaldian.

Bertan azaldu dutenez, onarpen prozesu berri honek zenbait berritasun jasotzen ditu, neba-arrebak diren haurren kasuan. Izan ere, plaza eskuratuko dute neba-arreba bizikide bat matrikulatuta dagoen ikastetxean hasierako maila eskatzen dutenek, 2 urteko gelan, edo, halakorik ezean, 3 urteko gelan.

Gainera ikastetxe bereko sarrera mailan bi neba-arrebak edo gehiagok egindako aldi bereko eskaeretan aldaketak izango dira. Kasu horietan, baremoak 6,5 puntu ematen dizkio neba-arreba horietako bakoitzari. Berritasun honek neba-arreba bikien kasuei eragiten die, batez ere.

Era berean, ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin iaz abian jarritako berritasun eta neurri sortarekin jarraituko du Lakuak. Iaz 2 urteko geletan aplikatu ziren, baina ezartzeko prozesu progresiboa denez, aurten 3 urteko geletarako onarpenera ere hedatu dira.

Hala, diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde egin beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Hezkuntza Sailak dioenez, «aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko».

Gainera, Zaurgarritasun Indizea ezarriko da 3 urteko geletan. Eskaerak aurkezterakoan familiek betetzen duten inkesta aintzat hartuta, ikasleen zein portzentaje hartuko den zaurgarritzat definituko da. «Era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera. Helburua: eragin eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako Zaurgarritasun Indizera hurbiltzea».

Familia bakoitzak bere eragin eremuko ikastetxe guztiak hautatu ditzake seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru mugarik gabe, egokitzat jotzen dituzten hezkuntza baldintzak betetzen dituztenen artean.

Dena den, baremoko irizpideetan puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daiteke. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan, betiere eragin eremuaren barruan: 7 puntu. Eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak– 5 puntu eskuratuko ditu.

«Eragin eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua», dio Hezkuntza Sailak. Bizilekuaren hurbiltasunari buruzko puntuazioan beste egoera berri bat ere aurreikusi da: eskatutako ikastetxea ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoena izatea, baina ez eragin eremuaren barnean kokatua, baizik eta eragin eremu mugakide batean. Egoera honek 5 puntu ditu baremoan.

’Zatoz argazkira’

Aurkezpen ekitaldian, 2024-2025 ikasturterako kartela eta spota aurkeztu ditu Bildarratz sailburuak. Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeko neska-mutilak dira bertan protagonista, prentsaurrekoa egin den eskolakoak. Spotean zein kartelean 5. B gelako ikasleak ikus ditzakegu, irakaslea lagun dutela, taldeko argazkia egiten ari diren unean. Hortik aurtengo leloa, ‘Zatoz argazkira’.

Ohikoa denez, eskaerak aurkezteko bi bide ipiniko ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez (www.euskadi.eus/hezkuntza); baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean (idazkaritza ordutegian).

Egutegiari dagokionez, otsailaren 7tik 23ra zabalik izanga da eskabideak eta agiriak aurkezteko epea interneten bidez edo aurrez aurre ikastetxean. Martxoaren 12an eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira; eta martxoaren 26an behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Apirilaren 10era arte erreklamazioak egiteko epea. Apirilaren 26an behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, maiatzaren 30era arte.