Yuri Berchichek 34 urte egingo ditu datorren otsailaren 10ean. Onartu duenez, adinean gora doan heinean «energia» gutxiago dauka, baina zelaian «gozatzen» ari da eta Athleticen jokatzen jarraitzeko asmoa dauka.
Partida kopuru bat jokatuta automatikoki berriztuko luke beste urte baterako. Hala ere, denboraldi bukaeran hitz egingo duela hortaz klubarekin esan du, eta baita bere kirol ibilbidea Athleticen amaitu nahiko lukeela.
Azken bi denboraldietan jasandako arazo fisikoak gainditu dituela ziurtatu du, eta bere jokatzeko modua aldatu duela. Izan ere, Nico Williams hegalean aurretik izateak gutxiago igotzera behartzen du, eta defentsan sendoago ari dela esan du. Liga eta Kopa artean, 20 norgehiagokatan parte hartu du aurten, eta gol bat egin zuen Getaferen aurka.
Bilbon oso pozik dagoela nabarmendu du, eta daramatzan sei denboraldietan unerik goxoenetako bat bizitzen ari dela. Athletic Europako postuetan kokatuta dago, eta sailkapenean gorantza begiratzen du. Uste du Txapeldunen Ligarako lehian sartu daitekeela, Bartzelona aurten ez baitabil fin.
Atzetik datozen Reala eta Betis ere gerturatu egin direla aipatu du, eta azken denboraldietan gertatutakoa ekidin behar dutela. Talde zuri-gorriak Kopako bidesaria Ligan ordaintzeko joera izan baitu.
🗣️ @yuriberchiche
— Athletic Club (@athletic_eus) January 31, 2024
"Ostiraleko partidan derrigorrezko garaipena lortu behar dugu"
"Goian jarraitzeko puntu piloa atera behar ditugu, ea gure jendearen indarrarekin eta gure sentsazio onekin lor dezakegun" #AthleticRCDMallorca #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/qlYzMietCr
Horregatik, ostiralean Mallorcari San Mamesen irabaztea «derrigorrezkoa» dela deritzo. Badaki ez dela batere erraza izango. Javier Aguirrek zuzentzen duen taldea gogorra baita defentsako lanetan. Ildo horretan, iaz jokatutako partida ekarri du gogora. Hutsean bukatu zen, baina Athleticek gol aukera ugari sortu zuen. Zarautzko jokalaria sinetsita agertu da berdin jokatzen badute oraingoan irabaztea lortuko dutela.
Kopako finalerdien inguruan ere hitz egin du. Yuriren iritziz, Madrilen jokatu den joaneko partida erabakigarria izan daiteke. Bere esanetan, Atletico markagailuan aurreratzen bada oso zaila izango da buelta ematea San Mamesen, kontra erasoan jokatzera bikain moldatzen baita.
Berenguer, Lekue, Unai Gomez eta Adu Ares gabe
Asteartean atseden eguna izan ostean, Athletic entrenamenduetara itzuli da gaur goizean Lezaman. Klubak txosten mediku bat ezagutarazi du eta hainbat jokalari min hartuta daude. Lekue, Unai Gomez eta Adu Ares lesionatu egin ziren Cadizen kontrako azken norgehiagokan. Lekuek giharretako lesioa dauka ezkerreko hankan, Unai Gomezek orkatila bihurritu zuen, eta Adu Aresek kolpe bat dauka belaunean. Hiru jokalariak beren kabuz aritu dira entrenatzen beste zelai batean.
Horrez gain, Berenguerrek ez du taldekideekin batera entrenatu. Lesionaturik dago eta azken deialdietatik kanpo geratu da nafarra. Bere ordez, Bilbao Athleticen maila ona ematen ari den Aingeru Olabarrieta igo da gaur lehen taldearekin entrenatzen. Hegaletik jokatzen du erasoan, eta 18 urte ditu. Galarretak ere taldekideekin batera entrenatu du, eta, dirudienez, Mallorcaren kontra jokatzeko egon daiteke.
Bestalde, Vila-realen harrobian jokatzen aritu den Igor Oyono aurrelaria otsailean iritsiko da Lezamara. Barakaldon jaiotako mutilak 16 urte egingo ditu datorren astean, eta kontratua sinatuko du talde zuri-gorriarekin. Komunikabide ezberdinetan zabaldutakoaren arabera, 2030erarte luzatuko da, eta Basconian eta gazteen taldean jokatuko du.