NAIZ

Tarajalgo sarraskia gogoratu dute Bilbon hamar urte eta gero justizia eskatuz

Tarajalgo sarraskia jazo zenetik hamar urte igaro direnean Ceutan hildakoak gogoratu dituzte gaur Bilbon. Mugetan ezartzen den politika etetea eta jarrera arrazistekin amaitzea esaktu dute.

Bilboko Areatzan egin duten elkarretaratzearen irudia.
Bilboko Areatzan egin duten elkarretaratzearen irudia. (OEE BIZKAIA)

Tarajalgo sarraskitik hamar urte pasa direnean gertakari hau gogoratu du gaur Bilboko Areatzan egin duten ekitaldian. 2015 otsailaren 6an Ceutan hamalau lagun hil zituzten. Hamar urte geroago Yves, Samba, Daouda, Armand, Luc, Roger, Chimie, Larios, Youssouf, Ousmane, Keita, Jeannot, Oumarou, Blaise eta beste kide bat gogaratu dituzte.

«Hondartza hartan, duela 10 urte, Guardia Zibilak gomazko bolak jaurti zituen, istiluen aurkako materiala jaurti zuen eta Ceutako kostaldera iristen saiatzen ari ziren 14 pertsona hil zituen. Beste 23 pertsona hondartzatik bertatik itzuli zizkieten Marokoko agintariei, inolako prozedura formalik erabili gabe. Agintariek ez zieten lagundu eta ez ziren familiekin harremanetan jarri. Urte hauetan, salaketak salaketa, agintariek ez dituzte gertaera horiek behar beste ikertu, ez da erantzukizunik argitu eta kasua itxi egin da. Familiak erantzunik gabe eta justiziarik gabe utzi dituzte», azaldu dute.

«Tarajaleko tragedia ez da kasu isolatua, sistema gaizto, arrazista, kolonial eta supremazista zuri baten parte da, eta gorputzak, bizitza beltzak, magrebtarren bizitzak eta bizitza migratzaileak gutxiesten eta hiltzen ditu: ez ditu haien heriotzak ikertzen eta ez du ezer egiten errepikatzena saihesteko. 2023an 6.600 biktima baino gehiago izan ziren gure kostaldera iristeko ahaleginetan», nabarmendu dute.

Salaketa eta eskaerak

Hamar urte beranduago, arrazakeria bere forma guztietan, Europako migrazio politika, Estatu espainolak bere mugetan gertatzen diren heriotzen ardura ez dula hartzen, Ceuta eta Melillan gertatzen diren heriotzen zigorgabetasuna, mugak kontrolatzeko politika neokolonialista, migratzaileen instrumentalizazioa eta Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak migratzaileenganako erabiltzen duten indarkeria salatu dute, besteak beste.

Honekin batera, Estatu espainolak Tarajalgo heriotzen gaineko erantzunkizuna hartzea, biktimen senideei hilobia bisitatzeko aukera ematea, migranteendako baliabideak eta aurrekontuak hobetzea, Hego globaleko herrialdeen espoliazioa etetea, mugetan indarkeria erabiltzeari uztea eta Lakuak, aldundiek eta udalek arrazakeriaren kontrako politikak bultzatzea eskatu dute.